Bilboko Moyua plazako armarri frankista kentzeko pauso bat eman du eraikinaren jabeak, Espainiako Ogasun Agentziak: obra egiteko baimena eskatu dio Bilboko Udalari. Joan den hilean erregistratu zuten baimen eskaera, duela hiru bat aste. Udaleko Hirigintza Sailak azaldu duenez, Ondare Batzordearen hurrengo bileran eztabaidatuko dute, eta han erabakiko dute onartuko duten edo ez.
Ez da Ogasun Agentziak egiten duen lehen eskaera: 2002an egin zuen lehen ahalegina. Harako hartan, Bilboko Udalak ez zuen onartu, Ondare Batzordeak aho batez bota zuelako atzera. Teknikariek osatutako batzordea da: historialariek eta udal arkitektoek eman zioten ezezkoa ikurra kentzeari. Orduan, armarri frankista kentzea eta gaur egungo Espainiako armarria jartzea proposatu zuen Ogasun Agentziak. Udal teknikarien arabera, «eraikinaren aurreko aldea mozten» zuen proposamen hark, eta «eraikinari nortasuna kentzen» zion. Gainera, iruditzen zitzaien aldaketa hark ez zuela eraikinaren estiloa «demokratizatzen».
Ogasun Agentziak Bilbon duen ordezkaritzako arduradun batek BERRIAri azaldu dionez, ez dago datarik ezarrita lanak hasteko. Espainiako aurrekontu orokorraren araberakoa izango da: aurten ez, uztailaren 1ean itxi zirelako; datorren urtean, agian. Horretarako, Espainiako Gobernuak aurrekontu berriak onartzea lortu behar du, eta kontu horietan halako lanak egiteko zenbateko diru sorta egongo den ere ikusi beharko dela azaldu du bulegoko arduradunak. Hortaz, ez da ausartu datarik ematera. Dena den, aurreratu du behin beharrean hasita ez dutela «asko» iraungo.
Espainiako Gobernuak eta Bilboko Udalak, bada, ez diote egutegiari erreparatu; bai, ordea, Eduardo Sanz abokatu madrildarrak eta haren bulegoak. Joan den urriaren 17an, Espainiako, Hego Euskal Herriko, Galiziako eta Herrialde Katalanetako hainbat udal berriz salatzeko asmoa iragarri zuten, Espainiako Memoria Historikoaren Legea ez betetzearren. Zerrenda horretan ageri da Moyuako armarri hori. Duela bi urte, Bilboko Udala salatu zuen; oraingoan Espainiako Ogasun Ministerioa egin du erantzule. Izan ere, aurreko salaketa hari erantzunez, epaileak argi utzi zuen epaian armarria kentzea ez dela Bilboko Udalaren erantzukizuna. Sanzen abokatu bulegoak hiru hilabeteko epea eman die zerrendan aipatu dituen administrazioei.
Zatiak kenduko dituzte
Proiektuaren arabera, eraikinaren aurreko alde guztia estaliko duen aldamio handi bat ipini beharko dute lanak egiteko. Egitura horrek bulegorako sarrera itxiko du, hiriburuan jende gehien ibiltzen den plazetako batean espaloi zati bat okupatuko du, eta baita bertan dagoen autobus geltokia ere. Bulegoko arduradunaren arabera, obrek «enbarazu handia» eragingo dute, eta udalak neurriak hartu beharko ditu.
Ogasun Agentziak eskatuta, Espainiako Kultura Ministerioko teknikariek osatu dute proiektua. Hainbat azterketa egin ondoren, ikurraren zati batzuk kentzea iruditu zaie aukera egingarri bakarra. Ziur ez dauden arren, uste dute elkarri lotutako zatiek osatzen dutela eskultura. Hala, armarriaren inguruan dagoen San Joanen arranoa kenduko dute: goiko aldetik burua, alboetatik atzaparrak, eta behetik buztana. Koroa ere kenduko diote, ez delako errege koroa; baita frankismoaren goiburu izandako Una, grande, libre (Bat, handia, askea) idazkia ere. Esan dute ez dela izango arriskutsua; bai, ordea, «zaila».
Armarria bere horretan mantenduko da: Herkulesen zutabeak albo banatan, eta haiek inguratzen Plus Ultra idatzia duen banda. Moyuakoa ez da frankismoak erabiltzen zuen armarri ofiziala, erregimenak agiri ofizialetarako eta eraikinetan jartzeko sortu zuen bertsio sinplea baizik. Hau da, kuartel banatan jarrita dauden Gaztela, Leon, Aragoi eta Nafarroako erresuma historikoetako ikurrek osatzen dute. Beheko muturrean mingrana edo alesagar bat dauka, Granadako erresuma izandakoaren adierazle. Espainiako erregearen Borboi familiaren ikur diren hiru lirioak faltako ditu erdi-erdian gaur egungo armarri ofizialaren parekoa izateko, baina ez dute ezer gehitzeko asmorik.
Arranoa kenduko diote
Bilboko Moyua plazako ikur frankista moldatzeko obra baimena eskatu dio Ogasun Agentziak udalari. Ondasun Batzordeak onartu behar du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu