Ezkerreko ideologian etengabea bat da atomizazioa. Zatiketak eta bereizketak dira ezkerraren eguneroko ogia. Ezkerretik ezkerrerago jo nahi dutelako batzuek. Jarrera moderatuagoa izan nahi dutelako besteek. Esaten da eskuina interesengatik batu egiten dela, eta ezkerra, berriz, ideiengatik banatu. Baieztapen horrek asko du egiatik, inguruko errealitateari begiratuz gero. Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian, ezkerra are banatuago aurkeztuko da. Podemosen sortzaileetako batek, Iñigo Errejonek, beste hautagaitza bat aurkeztu du: Mas Pais. Madrilgo erkidegorako eta udaletarako aurkeztu zuten Mas Madrid hautagaitza, eta orain Gorteetarako bozetara aurkeztuko dira, Mas Pais markarekin. Norabide eta interes ezberdinen arteko talkak arrakalak eragin dizkio ezkerrari, berriz ere.
Ezkerraren barne zatiketa Europan izan den joera orokor baten barruan kokatu du Asier Blas politologo eta EHUko irakasleak. Haren arabera, ezkerreko boto emailea ez da «masa» baten parte sentitzen, eta, kolore jakin batekin identifikatu beharrean, proposamen eta lider jakin batekin identifikatzen da. «Ezkerreko boto emaile objektiboa konplexuagoa da, eta lotura emozional gutxiago dauka alderdi politikoekin».
Espainian antzeko zerbait gertatu dela dio. Garai batean, PSOE eta Izquierda Unida lehiatzen ziren ezkerreko botoa eskuratzeko, baina Podemosen sorrerak irauli egin zuen ordura arteko hauteskunde logika. Izan ere, alderdi berriak berekin ekarri zuen boto emaile mota «konplexuago» bat, alderdiekiko lotura emozional gutxiagokoa, lider bati lotuagoa, eta erraz atsekabetu daitekeena. «Merkatua korapilatu egin da; erosleek edo boto emaileek gustuko produktua nahi dute, eta, hori topatu ezean, aldatzeko prest daude. Eskaintza egiten duena, berriz, eskaintza egokituz eta aldatuz doa erosleak lortzeko». Funtsean, Errejonen Mas Pais da horren guztiaren emaitza, Blasen ustez.
Mikel Gomez politologoak «lidergoari» erreparatu dio alderdi berri horren sorrera ulertzeko. Azaldu du ezkerreko mugimenduetan, oro har, ideologiak «pisu handia» izaten duela, militanteak «askoz exijenteagoak» direla, eta, ondorioz, errazagoa dela barne hausturak egotea. «Ezkerrean ez da ongi hartzen alderdiko egiturak edo buruzagiak ideietatik aldentzea». Gomezek uste du Podemos mugimendu «oso pertsonalista» dela, eta lotura pertsonalek garrantzia hartzen dutela haren barruan dauden talde edo egitura txikietan ere. Lehen Iglesiasekin gertatu zena Errejonekin gertatu da orain, beraz.
Mas Pais alderdi berriak mapa politikoa aldatuko du, eta are gehiago sakabanatuko ezkerreko botoa. Abstentzioari eta blokeo politikoari irtenbidea emateko sortu direla dio alderdi berriak, baina ezinbestean izango ditu ondorioak PSOEren eta Podemosen boto emaileen artean. «Berez txikia den pastel bat mahaikide gehiagoren artean banatzen bada, logikoa da pentsatzea ezkerreko indarrak ahuldu egingo direla», dio Gomezek. Nolanahi ere, zuhurra da boto aurreikuspenaz hitz egitean, testuinguru politikoa «oso aldakorra» delako eta faktore askok dutelako garrantzia. Gomezek uste du azaroaren 10ean boto emaile asko abstentziora jotzekoak zirela Espainian gobernua osatzeko ezintasunak suminduta, baina Errejonen alderdiak ezkerreko sektore horietan ilusioa piztea lortu duela, «oso ongi antolatutako kontakizun bat» baliatuta.
Bizkaiko hautagaitza
Errejonen hautagaitza ez da lurralde guztietan aurkeztuko. Zazpi eserlekutik gora aukeratzen dituzten barrutietan baino ez ditu zerrendak aurkeztuko; Euskal Herrian, soilik Bizkaian aurkeztuko da —zortzi diputatu aukeratzen dituzte bertan—. Bizkaiko hautagaitzak eman du zeresanik azken asteotan. Hasieran, PSEko eta Ahal Dugu-ko zenbait kidek osatutako Solidaria alderdi berriak jakinarazi zuen prest zegoela bere zerrendak Errejonen hautagaitzaren esku uzteko, bere marka propioari uko eginda. Mas Paisek, ordea, ukatu egin du Solidariarekin negoziatzen ibili dela. Azkenik, Txema Urkijo izango da Mas Paiseko Bizkaiko zerrendaburua. BAK Bakearen Aldeko Koordinakundean aritutakoa da Urkijo, eta Eusko Jaurlaritzako Biktimen Bulegoaren zuzendaria ere izan zen garai batean, Ibarretxerekin.
Ikusteko dago zer ondorio izango dituen bozetan ezkerraren zatiketak. Espainiako hauteskunde sistema konplexua da, eta alde handiak izaten dira barruti batzuen eta besteen artean. Blasek hiru jokaleku ezberdin aurreikusten ditu. Biztanle asko dituzten barrutiek «proportzionaltasunarekin» funtzionatzen dutenez, boto emaile gehiago mobilizatzeko gaitasuna dute, etalitekeena da ezkerreko alderdien zatiketak ezkerreko hautagaitzei berei mesede egitea, haren ustez. Madril, Bartzelona, Sevilla, Malaga eta Valentzian gerta daiteke hori. Zalantza gehiago sortzen dituzte zortzi eta hamar diputatu artean aukeratzen dituzten barrutiek. «Atomizazioak kalte egin diezaioke ezkerrari, eta mesede ere bai».
Argiagoa da panorama, berriz, hauteskunde barruti txikietan. Blasen irudiko, hamar diputatu baino gutxiago aukeratzen dituzten lurraldeetan ondorio kaltegarriak ditu ezkerrarentzat banatuta aurkezteak. Bizkaian, beraz,ezkerra ahulduta irteteko «arriskua» ikusten du Blasek. Hego Euskal Herrian, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk betetzen dute «ezkerreko eremu progresista», eta beste alderdi bat lehian sartzeak bereziki azken biei egingo lieke kalte, baita Mas Paisi berari ere, EHUko irakaslearen ustetan.
Equo, «biktima bat»
Ezkerraren barne katramila horrek izan du ondoriorik Equo alderdi ekologistan. Estatuan, Mas Paisekin batera aurkeztea erabaki du Equok, Unidas Podemos bazter utzita, baina Equoren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzarrak, erabakia errespetatu arren, iragarri du ez duela inoren aldeko kanpainarik egingo. Equoren organo federalak egindako hautua okerra iruditu zaio Juantxo Lopez de Uralde Elkarrekin Podemoseko diputatuari, eta Equo alderditik alde egin du. Joan den apirileko Kongresurako hauteskundeetan Arabaren aulkia lortu zuen Lopez de Uraldek, eta azaroaren 10eko hauteskundeetan Elkarrekin Podemos koalizioarekin aurkeztuko da berriro.
Lopez de Uraldek BERRIAri aitortu dio «suminduta» dagoela Equok hartutako erabakiarekin. Hamar urtean aritu da Equon lanean, sorreratik, eta «triste» doa alderditik. Salatu du Madrildik hartutako erabakia «inposatu» egin zaiela beste lurraldeei, eta barne eztabaidarik ez dela egon: «Oportunismoz jokatu dute».
Gertatutako guztia ikusita, Lopez de Uralde «oso ezkorra» da Equo alderdiaren geroarekin. Argi eta garbi dio Equo Mas Paisen interesen «biktima bat» dela eta etorkizunik ez dio ikusten alderdi ekologistari: «Equo erabat haustuta dago, desagertzeko zorian». Uste du Errejonen ezkutuko interesak daudela Mas Paisen eta Equoren arteko operazio politiko guztiaren atzean, eta gogor jo du Mais Paiseko buruaren aurka: «Errejonek eskaintza publiko oldarkorra egin du Equo markaz jabetzeko eta, bidez batez, Europako alderdi berdea bereganatzeko. Espazio hori bete nahi du, eta, horretarako, Equo bere interesen arabera erabiliko du».
Askoz baikorragoa da Jose Ramon Becerra Equoko kide eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea, nahiz eta aitortu duen sentimendu kontrajarriak dituelaazken gertaeren inguruan. Alde batetik, «normaltasunez» ikusten du ezkerreko alderdien barruan iritzi ezberdinak egotea eta bozei begira jarrera kontrajarriak izatea , «demokraziaren seinale» delako. Baina, bestetik, «kezkatuta» dago horrek guztiak ezkerreko hautesleen artean izan dezakeen eraginaz, botoa sakabanatu dezakeelako, eta ezkerra ahuldu. «Hautesleek akaso ez dute ulertuko zatiketa hau».
Azaroko bozei begira, hiru aukera izan zituen Equok mahai gainean: bakarrik joatea, Unidas Podemosekin aurkeztea edo Mais Paisekin koalizioan. «Estatuan azken hautua egin zen, eta emaitza onartu behar dugu, gustuko ez izan arren. Baina ez dugu galdu behar alderdi gisa dugun iparra, eta jendearen arazoak konpontzea izan behar dugu xede». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Equok bide propioa egiteko duen autonomia defendatu du Becerrak. «Onartzen dugu estatu mailan hartutako erabakia, baina hemen oso ongi ari gara lanean Elkarrekin Podemosen esparruaren barruan, bai erkidegoan, bai udaletan».
Desadostasunek, hala ere, ez dute zertan hausturarik eragin Equon, haren ustetan: «Lasai nago, Equo barruan oso ongi jasotzen baititugu iritzi ezberdinak». Gainera, Lopez de Uraldek alderdia laga izanak ez duela hausturarik eragingo iritzi dio.
Barne aniztasunaren isla
Gaur-gaurkoz, ez da erraza irudikatzea eskuinari aurre egingo dion ezkerreko alternatiba sendorik Espainian. Pitzadurak nonahi dituenez, urrun ikusten da ezkerrak amesten duen batasuna. Hala ere, barne aniztasun horiberez ez dela «txarra» uste dute askok. Iritzi horretakoa da Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemoseko Bizkaiko diputatua. «Ezkerraren ezaugarri bat da gaitasun kritikoa izatea. Haren esentzian dagoen zerbait denez, normalagoa da zatiketak egotea, edo, bestela esanda, aniztasuna agertzea». Aniztasunak eskatzen du, haren ustez, akordioak egiteko gaitasun handiagoa izatea eta kultura demokratikoan sakontzea. «Objektiboki nekezagoa da gauzak lortzea, baina horrek ez du zertan kaltegarria izan demokraziarentzat», adierazi du.
Beste gauza bat da barne desadostasunak kutsu ideologikoak ez baizik pertsona jakin batzuen botere goseak eragitea. Lopez de Uralderen iritziz, horixe utzi du agerian Mas Paisen sorrerak. «Kosta egiten zait Podemosen eta Mas Paisen artean sakoneko desberdintasun politiko edo ideologikoak topatzea. Zatiketarako arrazoiak pertsonalak dira, beste ezer baino gehiago».
Mas Paisek Bizkaian hautagaitza aurkeztea «demokraziaren joko arauen» barruan dagoela uste du Gorrotxategik, baina jokaldi horren arriskuez ere ohartarazi du: «Hautagaitza aurkezteak PPri eserlekua ematea ekartzen badu, ez litzateke berri ona izango».
Arrakala berriak sortu zaizkio
Ezkerreko alderdiak are zatituago aurkeztuko dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara, Mas Pais indarra sortu denez gero. Iñigo Errejonen hautagaitzak pitzadurak eragin dizkio lehendik ere banatuta dagoen ezker bati. Ikusteko dago atomizazioak nori egingo dion mesede, eta nori kalte .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu