Epaiaren zain gelditu da Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkidearen kontrako epaiketa, 04/08 sumarioa dela eta. Espero bezala, eta auzi berean epaitutako gainerako 35 akusatuekin gertatu zen legez, fiskaltzak eta defentsak akordio bat egin dute; akordio horren arabera, Arraizek akusazioak onartu ditu, indarkeriaren kontrako konpromisoa berretsi du eta bere borondatea agertu du konpromiso horrek balio dezala indarkeriaren biktimen sufrikarioa apaltzeko. Horren trukean, fiskaltzak espetxe eta inhabilitazio eskaera apaldu egin du, sei urtetik bi urtera, eta, hortaz, epaileek hitzarmen hori onartuko balute, Arraizek ez luke espetxera joan behar izango.
Ezustekoa beste bide batetik iritsi da: Dignidad y Justicia eta AVT elkarteen herri akusazioek ez dute akordioa ontzat hartu, nahiz eta joan den urtarrilean Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan auzi beragatik inputatutako gainerako 35 lagunen kasuan antzeko akordio bat babestu zuten.
AVTko herri akusazioak esan du ez dutela akordioa babesten Arraizen ardura «handia» zelako —Arabako Batasunaren arduraduna izatea egozten diote— eta horretan «denbora luzez» aritu zelako —lau urtez, akusazioaren arabera—. Horregatik, hamar urteko zigor eskaerari eutsi dio, edo, aukera gisa, bost urte, epaileek ebatziko balute zigorra jaitsi egin behar dela auzibidea arrazoirik gabe gehiegi luzatu delako.
Dignidad y Justicia elkarteko herri akusazioak, berriz, esan du urtarrilean akordioa babestea erabaki zutenean egoera «beste bat» zela, baina argi utzi du ez zuela desberdintasunak zertan dautzan azaltzen hasteko asmorik. Hark ere hamar urteko zigor eskaerari eutsi dio, eta beste eskakizun bat egin die epaileei: azkenean akordioa ontzat eman eta zigorra jaistea erabakitzen badute, inhabilitazio zigorra bere horretan utz dezaten, jaitsierarik egin gabe.
«Inkoherentzia»
Defentsako abokatu Iñigo Iruinek esan du «inkoherentzia» handia dagoela herri akusazioen jarreraren eta duela lau hilabete izan zutenaren artean. Gogoratu du Arraiz ez zutela Auzitegi Nazionalean epaitu legebiltzarkidea delako eta, beraz, EAEko Auzitegi Nagusiari dagokiolako hura epaitzea, «baina legebiltzarkide izan ez balitz, bera ere urtarrilean egindako akordio horren barruan egongo zatekeen».
Jarrera aldaketa horren arrazoiez galdetu du Iruinek, eta herri akusazioei zor dien «begiruneagatik» haien asmoak baloratuko ez zituela esan duen arren, argi utzi du bere ustez aldaketa horren arrazoiak ez direla juridikoak.
Epaiketa epaiaren zain gelditu aurretik, azken adierazpen bat egiteko aukera eman diote Arraizi. Sortuko presidenteak esan du Alderdien Legearen ondorioz «egoera politiko makurra» sortu zela Euskal Herrian, eta, horretaz oharturik, politikan jardutea «aukera baino gehiago, betebeharra» zela ulertu zuela.
Erantsi du salaketa guztiak onartu dituela nahiz eta «ezinezkoa» izan egozten dizkioten batzuk berak egin izana garai hartan kartzelan zegoelako, eta onarpen horrekin «urrats txiki bat» egin nahi izan duela elkarbizitza eta normalizazioaren bidean.
Urrats horrek segida izatea nahi du Arraizek: «Espero dut adierazpen honekin egindako urratsak balio dezala, gaur ez bada bihar, beste batzuek ere urratsak egin ditzaten eta espetxeetako ateak zabal daitezen». «Elkarbizitzak, benetakoa izateko, denon artekoa izan behar du», erantsi du.
Epaiketak. 04/08 sumarioa
Arraizen epaiketan ere akordioa erdietsi dute defentsak eta fiskalak
'Segura auziko' beste 35 inputatuen kasuan erabilitako bidea baliatu dute oraingoan ere. Herri akusazioek, ordea, epaiketa hartan izan zuten jarrera aldatu eta zigor eskaerei eustea erabaki dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu