Arraiz eta Ugartebururen aurkako eginbideak artxibatu dituzte

Xabier Lopez Peña ETAko kide ohiaren hileta ekitaldietan parte hartzeagatik ikertu dituzte

Erredakzioa
Bilbo
2013ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Juan Kalparsoro EAEko fiskalburuak artxibatu egin ditu Sortuko presidente Hasier Arraiz eta alderdi horretako bozeramaile Maribi Ugartebururen aurka hasitako eginbideak. Xabier Lopez PeñaETAko kide ohiaren gorpuari Sondikako aireportuan (Bizkaia) eginiko harreran parte hartzeagatik ikertu ditu. Lopez Peña martxoan hil zen, Parisko ospitale batean.

Kalparsorok atzo jakinarazitako ebazpenean azaldu du Poliziaren txostenak agerian uzten duela Arraiz eta Ugarteburu Lopez Peñari eginiko «omenaldian» izan zirela baina ez zutela delitu izan daitekeen ezer egin. Fiskalburuaren arabera, «argi dago» ekitaldi hartan «terrorismoa goratu» zela, baina Arraizek eta Ugarteburuk bertan egon besterik ez zutela egin azpimarratu du.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak eginbideak hasi zituen Lopez Peñaren heriotzaren ondoren eginiko ekitaldi eta bestelako adierazpenak ikertzeko. Apirilaren 15ean, Iker Rodrigo Sorturen Bizkaiko koordinatzaileordea atxilotu zuten Sondikako ekitaldiarengatik, eta epailearen aurrean deklaratu ostean, baldintzapean aske geratu zen. Ernaiko zazpi kide ere inputatuta daude, beste ekitaldi batengatik eta erakundearen webgunean jarritako mezu batengatik. Arraiz eta Ugartebururen kasuan, legebiltzarkideak direnez, EAEko Fiskaltzari egokitu zitzaion haiek ikertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.