Milaka eta milaka lagunek bat egin dute gaur Iruñeko kaleetan, Aroztegiko Elkartasun Komiteak antolatutako manifestazioan. Lekarozen (Baztan, Nafarroa) eraiki nahi duten hirigintza proiektu «espekulatzailearen eta suntsitzailearen» aurka egin dute protesta, eta Aroztegiko auzian epaituko dituzten zazpi herritarrak absolbitzea ere galdegin dute, Lurraren defentsan, kriminalizaziorik ez lelopean. «Absoluzioa eskatu nahi dugu, eta horrez gain, salatu nahi dugu Aroztegiko proiektua martxan dela oraindik, eta Nafarroako Gobernuak babesten duela, udalerriz gaindiko eragina duen plana den heinean», salatu du auzipetuetako batek, Aintzane Ariztegik, manifestazioaren aurretik. Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideak gobernua premiatu du proiektua «behingoz» gelditzera, eta alderdiei galdegin die «ardura» hartzea, «hau ez baita nahi dugun herri eredua».
Euskal Herrian ingurumenaren alde diharduten talde ekologista eta antidesarrollista ugariren topaleku ere izan da Iruñeko manifestazioa. Aroztegia proiektuaren aurka batu dira, besteak beste, Erdiz Bizirik, Ostia, Araba Bizirik, Guggenheim Urdaibai Stop, Sustrai Erakuntza, AHT Gelditu eta Subflubialik Ez erakundeetako ordezkari zenbait, eta pankartari eutsi diote ibilbide osoan. Babes eta konplizitate keinuengatik hunkituta azaldu dira antolatzaileak: «Elkartasun keinuak jaso ditugu Euskal Herriko hainbat txokotatik, baina baita nazioartetik ere. Gaurkoa handia izatea espero dugu», esan du Ariztegik, protesta hasi aurretik. Eta hala izan da. Iruñean azken urteetan izandako handienetako bat: antolatzaileek manifestazio bukaeran esan dutenez, 18.000 pertsona bildu dira gaur Iruñeko kaleetan, Aroztegiaren eta haren gisako beste edozein proiekturen aurka.
Itoizko solidarioak gogoan
Manifestazioa hasi baino ordu erdi lehenagotik ere ikus zitekeen protesta jendetsua izanen zela, jende andana baitzegoen Nafarroako justizia jauregiaren ingurumarietan. Erlojuak 16:00ak jo dituenerako, leporaino beteta zeuden bai Elio epailearen plaza, bai Intsumisoen parkea ere. Danbor hotsen erritmora abiatu da manifestazioa handik gutxira. Larraina kalea atzean utzita, Armada etorbide osoa zeharkatu dute mutur batetik bestera. Orduantxe jabetu dira asko protesta zein jendetsua zen, ez baita ohikoa Armada etorbidea jendez beteta ikustea, Antoniutti parketik Bakearen plazaraino. Han, Bakearen plazan, eskultura batera igo da ekintzaile talde bat, eta gogora ekarri dituzte Itoizko urtegiaren aurkako solidarioak: Itoitzetik Aroztegirat, desobedientzia zibila irakur zitekeen zabaldu duten pankartan. Jendetzak txalo eta oihu artean agurtu ditu.
Izan ere, hasi eta buka, zalapartatsua izan da manifestazioa, eta Aroztegiko zazpi auzipetuen aldeko oihuek ez dute etenik izan ibilbide osoan. «Absoluzioa», «Aroztegia geldituko dugu», «lurraren defentsa ez da delitua», «lurra, behin saldua betiko galdua» eta «ez dira zazpi, herri bat gara» izan dira gehien errepikatutako leloak. Nafarroa Behereko etorbidetik Merindadeen plazaraino iritsi da protesta, eta handik, Alde Zaharrerako bidea hartu dute Aroztegiaren aurkakoek, Karlos III.aren etorbidean behera. Ibilbide osoan han-hemenka ikus zitezkeen beste azpiegitura eta hirigintza proiektu handien aurkako mezuak ere: AHTaren nafar korridorea eta Miritxako zentral eolikoa (Araba) salatzeko pankartak, besteak beste.
Sarasate pasealekuan amaitu da protesta, Nafarroako Parlamentuaren aurrean jarritako agertokiaren parean. Danborren eta txalapartaren erritmora egin diete ongietorria manifestariei, baina horiek ez dira izan manifestazioan aditu diren doinu bakarrak, Tatxers taldea eta Olaia Inziarte abeslaria oholtzara igo baitira. Aroztegiko zazpi auzipetuentzat propio eginiko abestia jo dute, han bildutako milaka pertsonen txaloen artean.
Epaiketa, maiatzean
Horren ostean, auzipetuek hartu dute hitza. Gogoratu dute atzeratu egin dietela epaiketa: otsailean egitekoa zen, baina maiatzaren 19tik 23ra bitartean eginen dute. «Talde kriminal» bateko partaide izatea leporatzen diete, Aroztegiaren aurkako protesta ekintza batean parte hartzeagatik, eta, isunez gain, kartzela zigorra ere eskatzen dute haientzat. Hogei urte, guztira: «Horrek aurrekari arrunt larria ezarriko luke Euskal Herriko herri mugimenduentzat. Badakigu oldarraldi errepresibo hau ez dela Aroztegiko zazpi auzipetuen aurkakoa bakarrik. Epaiketa honen bitartez, herri mugimendu osoa kriminalizatu nahi dute», salatu dute.
Nabarmendu dute, halaber, Aroztegia proiektuaren aurkako borrokak barne hartzen dituela beste borroka asko: «Gure lurrak desjabetu, gure hizkuntza eta kultura desagerrarazi eta gure bizitzak kapitalaren menpe jarri nahi dituzten proiektuei buru egiteko, gure kultura, hizkuntza eta herri lurrak defendatzea eta mundu guztiak bizitza bizigarriak edukitzea eskatzen dugu. Hortaz, bizitzaren eta kapitalaren artean bizitza erdigunean jartzen dugunez, gure borroka feminista, antikapitalista eta antikolonialista ere bada». Horregatik, bertaratuei dei egin diete hirigintza proiektu «espekulatzaileen eta suntsitzaileen aurkako» borrokan segi dezaten.