Aroztegia hirigintza proiektuaren lanen aurka egindako protesta ekintza batzuengatik, hogei urteko espetxe zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatzen dizkiete zazpi herritarri. Auzipetuen aldeko Aroztegiko Elkartasun Komiteak kanpaina bat abiatu du absoluzioa eskatzeko, eta harekin bat egin du Baztango Batzar Nagusiak.
Erakundeak joan den urtarrilaren 2an onetsi zuen auzipetuen aldeko mozioa, aldeko 25 boto emanda, kontrako bi, eta hiru abstentzio. Horrenbestez, Batzarrak adostu zuen Aroztegiko obra gelditzeagatik auzipetutako zazpi herritarrei elkartasuna adieraztea eta horien absoluzioa eskatzea. Halaber, Baztango herritarrek eta ordezkariek Aroztegiko auziagatik jasan duten «jazarpen judiziala eta ekonomikoa» salatu zuen, eta Euskal Herriko herritarrek beren etorkizunaz erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatu, «pelotazo urbanistiko eta inposizioen aitzinean».
Aroztegia proiektuak aurreikusten du Baztango Lekaroz herrian 228 etxebizitza, lau izarreko hotel bat eta golf zelai bat eraikitzea. Nafarroako Gobernuak proiektua UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatu zuen 2015ean. Tresna horren bidez, Baztango Udalak lur horien gainean zituen hirigintza arloko konpetentziak bertan behera gelditu ziren, eta Nafarroako Gobernuaren eskuetara pasatu. Hau da, udalak ez du erabakitzeko gaitasunik.
Aroztegiko Elkartasun Komiteak uste du Nafarroako Gobernuak «baztandarrei sorgor eginez» jardun duela, eta, hortaz, hari dagokiola «UGEPa bertan behera uztea eta ebatsitako lurrak nekazariei eta Baztango Batzar Nagusiari itzultzea». Baztango Batzar Nagusiak ere Nafarroako Gobernuari egotzi dio proiektua behin betiko geldiarazteko erantzukizuna, eta UGEPa bertan behera uzteko eskatu dio.
Horrez gain, Baztango Udalak atxikimendua adierazi dio otsailaren 1erako manifestazio deialdiari. Auzipetuen absoluzioa eskatzeko mobilizazioa izango da, eta Iruñean da egitekoa.
Aroztegiko Elkartasun Komiteak gaur zabaldu duen ohar batean adierazi du oraingoz Baztango hamar herritako batzarrek egin dutela bat auzipetuen aldeko manifestuarekin eta otsailaren 1erako deialdiarekin. Hauek dira herriak: Amaiur, Erratzu, Arizkun, Azpilkueta, Elizondo, Lekaroz, Arraioz, Oronoz-Mugaire, Berroeta eta Aniz.
2021eko kanpaldia
2021eko apirilean Aroztegiko lanak geldiarazteko egin zituzten protesta ekintza batzuengatik epaituko dituzte auzipetuak. Kanpaldi batean parte hartu zuten proiektuaren aurka. Akusazioak «talde kriminal antolatu bat» osatzea egozten die, eta derrigortze eta bortxa delituen erantzule izatea.
«Guk argi dugu epaiketa politiko honetan herritarrek beren burua eta lurrak defendatzeko duten konpromisoa eta gaitasuna zigortu nahi dutela», salatu zuen elkartasun komiteak iazko uztailean, akusazioen berri eman zutenean. Ziurtatu zuten «errepresioarekin» erantzuten dietela «lurraren, kulturaren, hizkuntzaren eta bizitzaren defentsan» desobedientziaren alde egiten dutenei. «Bortxaz Aroztegiko parajeak ebatsi nahi dizkigute, bortxaz gure haritz zaharrak botarazi dituzte, bortxaz gure beharrei erantzuten ez dien eredu bat inposatu nahi digute, eta bortxaz epaitegietarat igortzen gaituzte», gaitzetsi zuten orduan.