AROZTEGIA

Aroztegiko obrak gelditu dituzte herritarrek

'Aroztegia... eta gero zer?' plataformako eta Baztango Gazte Asanbladako kideak makinen aitzinean jarri dira bigarren egunez, Lekarozen egin nahi duten hirigintza proiektua geldiarazteko.

Hainbat herritar, gaur, makinen aitzinean. BAZTANGO GAZTE ASANBLADA
2021eko apirilaren 9a
16:54
Entzun

Lekaroz herrian (Baztan, Nafarroa) 228 etxebizitza, lau izarreko hotel bat eta golf zelai bat eraikitzeko hirigintza proiektuaren aurka ari dira aspaldidanik herritarrak. Protesta ugari egin dituzte azken urteotan, eta, atzo eta gaur artean, obrak hasi direla ikusita, horiek geldiaraztea erabaki dute, makinen aitzinean jarrita. «Azken egunetan ikusi dugu Lekarozko Aroztegia eremuan hasi direla eskabadorekin eta motozerrekin gure inguruko arbolak mozten eta ingurua xehatzen», jakinarazi dute, ohar baten bidez. Foruzaingoa eta Guardia Zibila herritarrengana gerturatu dira, eta hainbat pertsona identifikatu dituzte, Ahotsa.info atariak sare sozialen bidez jakinarazi duenez.

Proiektuaren aurka daudela berretsi dute Aroztegia... eta gero zer? plataformako eta Baztango Gazte Asanbladako kideek zabaldu duten oharrean: «Aunitzetan erran dugun bezala, proiektu txikitzaile hau gure ingurua, hizkuntza, kultura eta bizimodua desagerrarazteko helburuarekin egin nahi da. Lekarozko herriak, Baztan osoak eta Nafarroako hainbat eragilek adierazi dugu behin eta berriz pelotazo urbanistiko honen kontra gaudela». Twitter bidez jakinarazi dutenez, «lortu» dute «suntsiketa lanak» gelditzea.

Plataformak eta gazte asanbladak gaitzetsi dutenez, «Nafarroako Gobernuak modu zikin eta inposatzailean» bideratu du Aroztegiko proiektua, UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa, «espekulazioa eta iruzurra helburu duten enpresen mesederako». Haien erranetan, «modu honetan enpresari hauei herri lurrak eta nekazaritzako lurrak desjabetzeko eskumena emanez, betiere herritarren eta tokiko instituzioen erabakitzeko eskubidea urratuz». 

Bi taldeek salatu dute Nafarroako Gobernuan egon diren «alderdi guziek» sustatu dutela «bidegabekeria» hori: «Bizikidetza eta bake soziala bezalako hitz panpoxekin ahoa betetzen duten bitartean, herriak eta landa eremua etengabe erasotzen dituzte». Hori ikusirik, adierazi dute «gure herrien eta bizimoduaren defentsa gure esku hartzea bertzerik» ez dutela, eta horregatik erabaki dutela lanak geldiaraztea. «Baztandar, nafar eta euskaldun guziei» dei egin diete «hurrengo egunetan gure lurra, hizkuntza, kultura eta bizimoduaren alde» eginen dituzten mobilizazioetan parte hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.