Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazteko, mobilizatzera deitu dute otsailaren 1erako

Guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatu dituzte zazpi herritarrendako. Auzia epaiketara joanen da, 2025eko otsailaren hasieran.

Ehunka lagun bildu dira gaur, Lekarozen egindako agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Ehunka lagun bildu dira gaur, Lekarozen egindako agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko azaroaren 26a
20:00
Entzun

Aroztegiko auzipetuei babesa erakusteko, herritarrak mobilizatzera deitu dituzte: datorren otsailaren 1ean eginen dute manifestazioa, Iruñean. Guztira hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatu dituzte zazpi baztandarrendako, 2021eko apirilean Lekarozen (Baztan, Nafarroa) egin zituzten protesta batzuk direla eta. Aroztegiko obrak geldiarazteko egin zituzten kanpaldiengatik, zehazki. «Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak leporatzen zaizkigu. Inposizioari desobedientziarekin erantzuteagatik etorri da zigor eskaera. Zigor eskaera horrekin talde kriminal batek obra gelditu duela sinetsarazi nahi dute. Horrela, herrien borrokei zilegitasuna kendu eta isilarazi nahi gaituzte», adierazi dute.

Gaur egin dute kasuaren azken xehetasunen berri emateko agerraldia, Lekarozen (Baztan, Nafarroa), herritar andanaren babesarekin. Azaldu dute fiskalak akordiorako deitu zituela, eta prest zela «talde kriminalaren akusazioa» bertan behera uzteko; ordea, Palacio de Arozteguia SM enpresa akusazio horrekin «tematu» dela, «erasotzailea biktima gisa agertzeko». Ondorioz, auzia epaiketara joanen da; gaur jakin dute daten berri: datorren urteko otsailaren 3-7 bitarte izanen da.

Zehazki, Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituelako 350 biztanleko herri horretan. Obra horrek bertze herri baten sorrera ekarriko luke, agerraldian erran dutenez. Erantsi dute herrian dagoen ur eskasiaren arazoa areagotuko litzatekeela, landa eremua suntsituko lukeela, eta turismoak edota hainbat zerbitzu publikoren kudeaketak okerrera egingo luketela. 

«Gure ustetan, epaitegiak herri mugimendua talde kriminal izendatzea nahi du Palacio de Arozteguia SMk. Modu horretan, Nafarroako eta Espainiako Gobernuarekin irekiak dituzten auzietan 43.000.000 euroko kalte ordaina eskatu dute, herriaren oposizioaren aitzinean babes gabe utzi dituztela argudiatuz», erran dute. Uste dute enpresak hasieran zuen helburua lortzeko bidea irekitzen duela horrek: «Herritarren kontura espekulazio eta gezurren bitartez aberasten segitzea».

Gehitu dute negoziazioetan «zentzuzko akordio bat» egitea zela beren helburua, zenbait ideia azpimarratuta. Batetik, onartzen dutela Aroztegiko obra haiek «desobedientziaz gelditu izana», eta prest daudela «desobedientzia ekintza jakin horren ondorioen» erantzukizuna hartzeko. Baina, bertzetik, ez dutela onartzen «talde kriminaltzat» jotzea, «izendapen horrekin Euskal Herri guztiko borrokei aurrekari bat sortzeko asmoa dutelako». Finean, azpimarratu dute ez dutela «sorgin ehizarik» onartuko.

Herritarren borondatea

Eskatzen dieten diruari dagokionez, esan dute «elkartasun uholde ikaragarria» abiatu dela, eta, ondorioz, dirua ez dutela auzipetuek jarri, «Euskal Herri osotik norbanakoek eta kolektiboek erakutsitako konpromisoak» baizik. «Horrela, lurraren defentsa kolektiboa dela erakutsi dugu berriz ere, nahiz eta beraiek bertze istorio bat kontatu nahi diguten», borobildu dute. Hortaz, dirua eman dieten guztiei eta beren elkartasuna adierazi dietenei eskerrak eman dizkiete.

Azaldu dute zigor eskaera «lurra eta landa eremuaren defentsaren kontrako testuinguruari» lotuta dagoela: «Kapitalismo zisheteropatriarkalak ez du onartzen aitzinean paratzen zaion deus, ez inor, eta indar poliziala eta judiziala baliatzen ditu erantzunari aitzin egiteko». Eta gehitu dute Baztanen gertatu dena Euskal Herriko errealitatearen bertze adibide bat bertzerik ez dela.

Horren bidetik, gogora ekarri dute indarrean dagoela oraindik Aroztegiko proiektuari dagokion udalerriz gaindiko eragina duen plana, eta, beraz, proiektua ez dagoela guztiz geldirik: «borroka ez da akitu». Urte luzez bide horretan pairatu duten «errepresio basatia» salatu dute, «bizitzak hankaz goiti jartzea, itotze ekonomikoa, hainbat baztandarren urtetako judizializazioa eta espetxe mehatxua». Nabarmendu dute epaiketara herritarren babesarekin joanen direla: «Ez gaituzte isilduko, eta traba guzien gainetik karrikak inarrosten segituko dugu, herri oso baten borondatea baita».

Bederatzi urte daramatzate baztandarrek proiektu horren kontra egiten. 2015eko hauteskundeetarako bortz egun bakarrik falta zirela, Yolanda Barcinaren gobernuak proiektuaren UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plana tramitatzea onartu zuen —oraindik indarrean dago—. Horren bidez, bertan behera gelditu zen Baztango Udalak lur horien gainean zuen hirigintza arloko eskumena, eta Nafarroako Gobernuaren eskuetara pasatu zen. Hau da, udalak ez du arlo horretan erabakitzeko ahalmenik.

2015eko mugimendu haren ondotik, UPNk gobernua galdu zuen, eta Geroa Bairen esku gelditu zen. Horrek, ordea, apenas izan zuen eraginik, Uxue Barkosen alderdiak Aroztegiko proiektua defenditu baitu, bai Baztanen eta bai Nafarroan.

Auzia gatazka iturri izan da Baztango Udalean, proiektuaren alde eta kontra lerratu izan baitira alderdiak: EH Bildu eta Baztango Ezkerra, kontra, eta UPN eta Geroa Bai, alde. Herritar gehienak ere proiektuaren kontra agertu dira: 2016an herri galdeketa bat egin zuten: herritarren %27,7k parte hartu zuten, eta horietatik %82,8k adierazi zuten proiektuaren kontra zeudela. Oposizioak oposizio, 2021ean obrak hasi zituzten, baina orain auzipetu dituzten herritarrek, bertze hainbatekin batera, geldiarazi egin zituzten. «Inposizioaren aitzinean obrak gelditzea bertze aukerarik ez zen izan, eta, horregatik, Euskal Herriko herritarrei kanpaldia egitea eta makinen aitzinean gure gorputzak paratzea bertzerik ez zitzaigun gelditu», azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.