Aroztegian protesta egiteagatik akusatuek deklaratu dute epaitegian

Sei herritar deitu dituzte deklaratzera, Nafarroako Auzitegian. Dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute epaitegi aurrean

Aroztak herri plataformak deituriko protesta, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2022ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Atzo goizean zuten deklaratu beharra Lekarozko (Nafarroa) Aroztegiko proiektuaren kontrako desobedientzia ekinaldietan parte hartzeagatik akusatutako sei herritarrek, Nafarroako Auzitegian. Aroztak herri plataformaren arabera, ustezko derrigortze delitua egozten diete akusatuei. Deklaratzera sartu aurretik, dozenaka herritarrek protesta egin zuten Iruñeko epaitegiaren parean. «Herri baten borondatea ezin da epaitu», salatu zuten.

Iazko apirilaren 8an hasi ziren Aroztegian hirigintza proiektua eraikitzeko obrak, Palacio de Aroztegia enpresaren aginduz. Haatik, 11 egunez egindako kanpaldiaren bidez, lanak geldiaraztea lortu zuen proiektuaren kontrako ekintzaile talde batek. Protesta hartan parte hartzeagatik deitu dituzte deklaratzera.

Aroztak plataformako Garbiñe Elizegik nabarmendu zuen akusatuak «lurra eta bizimodua defenditu nahi izateagatik» deitu dituztela epailearen aitzinera: «Zigortu nahi dena ez da egin duguna edo egin ez duguna, baizik eta eraso bortitz baten aurrean herri oso batek bere burua defenditzea eta bere erabakien jabe izatea». Elizegik azpimarratu zuen Baztanek «historikoki» duela jokabide hori: «Batzarretan erabakiak hartu eta auzolan bidez hori burura eraman. Herrien burujabetza eta herri honek bizirauteko duen gogoa kriminalizatu nahi da». Horri loturik, zehaztu zuen herriak «zutik» segituko duela, «duintasunez».

Aroztak plataformako kideek salatu zuten «euren erabakiak hartzeko ahalmena» kendu diela Nafarroako Gobernuak. Gogora ekarri zuten gobernuak udalez gaindiko eragina duen plan sektorial bat jarri zuela martxan hirigintza proiektua aurrera ateratzeko, inguruko herritarren iritziaren kontra. Horregatik, administrazio arloko erreminta horren «erabilera gaiztoa» gaitzetsi zuten. Itziar Torres Aroztak plataformako kideak irmoki kritikatu zuen urteek aurrera eginda ere ez dela plan sektoriala deuseztatu.

Nafarroako Gobernuari eta hura babesten duten alderdiei eskatu zieten proiektua bertan behera uzteko, eta, horretarako, beharrezko ikusten dute udalez gaindiko eragina duen plan sektoriala atzera botatzea. Gaineratu zutenez, iragan udaberritik geldituta daude lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.