‘Aroa’ plana onetsi du Jaurlaritzak: euskaraz gehiago eta errazago ikastea du xedeen artean

Datozen hamar urteetarako plana da; lankidetzan garatu dute, eta gauzatu ere hala egin nahi dute.

(ID_13287437) (Endika Portillo/@FOKU) 24-10-2023, Gasteiz. Datorren urterako aurrekontu proiektua aurkeztu du Pedro Azpiazu Ogasun ...
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
arantxa iraola
2024ko urtarrilaren 30a
19:03
Entzun

Euskara Sustatzeko Ekintza Planak 2022an zuen iraungitze urtea, eta badu ordezkoa: Aroa izena du, eta izenaren ondoan zehaztu dute zer den: Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa. Euskararen Aholku Batzordean propio talde batek bi urte egin ditu plan hori lantzen, udan osatu zuten prozesua, eta gaur onartu Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak. Jaurlaritzak berak azaldu zuen zein den planaren helburu nagusia, bileraren ostean atera duen oharrean: «Gizarteak azken urteetan izan dituen aldaketei erantzun eta gaur egungo testuinguru eleaniztunean euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea, gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko». 

Lankidetzan sortutako dokumentua dela nabarmendu dute. Eusko Jaurlaritzak parte hartu du lanketan, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzako talde teknikoaren eta zuzendaritzaren bitartez, baina ez da bakarrik aritu. Herri aginteen arteko arloko koordinaziorako batzordeko ordezkariek eta teknikariek, Euskararen Aholku Batzordeko gainerako ordezkariek eta beste hainbat eragilek ere parte hartu dute planaren lanketan. Eta dokumentuan proposatu den «gobernantza ereduan» ere lankidetza horrek arrastoa utzi duela adierazi du Jaurlaritzak: «Alde batetik, euskararen eremuko eragileei egiten zaie erreferentzia, eta, bestetik, euskararen zeharkakotasunak hartu du leku garrantzitsu bat». 

Argudiatu du ez dagoela beste biderik euskararen biziberritzean oinarri sendo batzuk jartze aldera: «Marko estrategiko honek adostua, egingarria eta eragingarria izan nahi du eta horretarako aniztasunaren kudeaketa eta justizia soziala eta gizarte inklusioa erdiesteko baliabideak sortu edo erraztu nahi ditu zeharkakotasuna, lankidetza eta parte hartze koordinatua lehenetsiz». 

Jakinarazi du planak bost jomuga nagusi dituela: «lankidetza» sustatzea da xede horien helburuetako bat eta, era berean, lankidetza ezinbestekoa izango da bost esparru horietan eragin ahal izateko. Euskaraz ikasteko aukerak handitzea, eskolaz kanpoko ekosistema euskalduntzea, ingurune digitalari erreparatzea, euskaraz lan egiteko aukerak handitzea eta euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzeko aukerak ugaritzea: horiek dira bost xede nagusiak. 

Zazpi ardatz estrategiko

Jaurlaritzak azaldu du ere lankidetza hori nola gauzatuko den: hiru esparruri erreparatuta aritu beharko da. «Erakunde publikoen arteko lankidetza, alde batetik; arlo bakoitzeko protagonista diren erakunde pribatu zein publikoen artekoa bestetik, eta herritarrekikoa, azkenik». Bide horretan, euskara indarberritzeko eta euskaldunak ahalduntzeko «tokian-tokian» eta «erakundez erakunde» egokituko diren egitasmoak ere zehaztu direla adierazi du. «Horrela, marko estrategiko honek zazpi ardatz estrategiko eta hamalau erronka jasotzen ditu, eta horiek garatzeko 31 lan ildo eta 86 ekimen».

Hauexek dira, hain justu ere, zehaztu dituzten ardatz estrategikoak. Aurrena gobernantza eredua zehaztu dute: «Zeharkakotasunean eta parte hartze koordinatuan oinarrituta, euskara zerbitzuek edota euskalgintzak egingo duten jardunarekin batera, gizartearen esparru guztietatik eraldatu nahi da euskararen indarberritzea». Bigarrenik, jarrerei eta motibazioei erreparatu diete: «Hiztun bakoitzak dituen motibazio iturrien gainean lan egingo da». Hirugarrenik, ezagutzari begiratu diote, orain arte usu egin izan dena baino era zabalagoan: «Euskararen ezagutzari erreparatzeaz gain, hiztunen komunikazio gaitasunean jarriko da arreta».

Ezagutzaren ostean, hurrena, erabilera: kontzeptu hori ere «zabaldu» egin nahi dute, eta horretarako propio hiztunen arteko «elkarreraginean gertatzen diren egoera komunikatiboei begira» jartzeko asmoa dago. Bosgarren aldagaia «berrikuntza» da: euskararen indarberritzean berrikuntza eginez, «gizarte osoarentzat» onuragarriak diren irtenbideak garatu nahi dituzte.  Seigarrena «ikerketa sistematizazioa» da; besteak beste, praktika on eta arrakastatsuak «sistematizatzeko»; eta azkena, «komunikazio hedapena»; hain justu ere, prozesuak eta emaitzak komunikatzeko «estrategiak» garatu ahal izateko. 

 

Helburu nagusiak

  1. Edozein dela herritarraren egoera, euskaraz gehiago eta errazago ikasteko aukerak handitzea.

  2. Eskolaz kanpoko ekosistema euskaldunagoa lortzea.

  3. Ingurune digitalean euskarak leku gehiago izatea eta hizkuntza teknologien bidez euskaraz komunikatzeko aukera handiagoak lortzea.

  4. Eremu sozioekonomiko publiko zein pribatuan euskaraz lan egiteko aukera handiagoak lortzea.

  5. Euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzeko aukerak ugaritzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.