Denboralea

Aroa alde bada, bihar ponpatuko dute 'Luno' zamaontziko gasolioa

Hiru zatitara da Luno zamaontzia, Angeluko Barrako kostan: branka beti dago hondartzan, kabina dikeari hurbil, eta popa ez da gehiago ageri. Arratsalde honetan igoko dira brankara, erregaien ontziak zer egoeratan diren begiratzeko.

Jenofa Berhokoirigoin.
2014ko otsailaren 6a
19:19
Entzun

“Baliteke bertako gasolioa ere itsasora isuri izana; horren berririk ez dugu, baina posible da”, Patrick Dallennes Baionako suprefetaren hitzetan. 20 tona gasolio dira itsasoraturik, eta beste 80 tona dira brankan. Baldintza klimatikoek ahalbidetzen badute bihar ponpatuko dute zamaontzian dagoen gasolioa. Kutsadura gutxiesten dabiltza botere publikoak: “Ikusirik itsasoa zer-nola mugitzen den eta jakinda gasolio oso arina dela, kutsadura arriskua bada, baina oso ahula da”, suprefetaren hitzetan. Eskualdeko Osasun Agentzia analisiak egiten dabil une honetan, kutsaduraren heina ikertzeko.

Itsasoko kutsaduraren aurkako Polmar plana martxan jarri duten atzo, Pirinio Atlantikoetako eta Landetako departamenduetan. Horrez gain, ezin daiteke Barrako hondartzara sartu, CRSak dabiltza sarrerak kontrolatzen. 13:00ean egin dute prentsaurrekoa Jean Espilondo Angeluko auzapezak eta Patrick Dallennes Baionako suprefetak, azken berrien emateko.

Ekintza plano bat 18:00 aitzin

Zamaontzia bertatik kentzeko neurriei doakienez, ezer ez dute finkaturik oraindik. Ontzi jabeari eta asurantzari eskatua diete 18:00 aitzin ekintza plano bat aurkezteko. Gasolioa eta zamaontziaren puskak kentzeko zer egin gogo duten azaldu behar dute bertan. Dena dela, “asteak pasatuko dira” ontziaren zatiak bertatik kenduak izan bitartean.

Luno zamaontziak atzo goizean pairatu istripuari buruz hiru inkesta dira abiaturik: inkesta judiziala, itsasoko gendarmeriaren eskutik; inkesta administratiboa eta teknikoa, Espainiako istripuei buruzko inkesta bulegoak eginik, eta, hirugarrenik, txosten bat egiten dabil asurantza ere.

Baionako portura sartzera zihoala zamaontzia bitan zatitu zitzaien Angelu eta Baiona arteko Barra inguruan. Olatu bortitzei ezin aurre eginez, ontzia trabeska jarri zitzaien, eta dikearen kontra egin zuten. "Kalte elektriko bat" zuen Murueta enpresaren zamaontziak, Dallennes Baionako suprefetak komunikabideei zehaztu zienez. Hori dela eta, ezin izan zuten ontziaren norabidea kontrolatu. Alta, Muruetakoek berehala zehaztu zutenez, azterketa bat egin berria zuten eta "baimen guztiak" zituen itsasoratzeko. Frederic Cuvillier Frantziako Garraio ministroak ere baieztatu zuen informazioa.

Hiru ordu behar izan zituzten atzo Luno zamaontzian trabaturik geratu ziren 11 marinelak eta Baionako portuko lemazaina salbatzeko. Haize bolada azkarrei eta olatu basei aurre eginez, ahal bezala hurbildu zitzaien armadaren helikoptero bat, eta banan-banan atera zituzten ontzitik. Guztiak ziren hipotermian, eta bakar bat arinki kolpaturik zegoen, erortze batengatik. Haatik, denak ziren jasan kolpe handiaz inarrosirik: "Egoerak izugarri harritu ditu, izualdi handia izan dute, marinelak izanagatik ere itsasoak shock handia eragin die", zioen larrialdietako medikuntza zerbitzuko buruak. Antzera Benjamin Bougault helikopteroaren pilotuak: "Tripulazio osoa shock egoeran eta zentzordatua zen; hipotermiak jota zeuden, baina osagarri onean guztiak". Egunaren bukaeran, "ongi" zirela jakitera eman zion Murueta itsasontzi enpresako, zeina ontziaren jabea den, arduradun batek BERRIAri. Luno-ko marinelak Baionan egon dira goiz honetan, baina ez dute nahi izan adierazpenik egin.

Espilondok jakinarazi duenez, Philippe Martin Frantziako Ingurumen ministroa Angelura etorriko da datorren astean. Atzo etorri zen Garraio ministroa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.