'Bateragune auzia'. Epaia

Aro berriaren sustatzaileak zigortu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak

Hamarna urteko espetxe zigorra jarri diete Otegiri zein Diezi, eta zortzina urtekoa Zabaleta, Jacinto eta RodrigueziZigortuek jakinarazi dute helegitea jarriko dutela Espainiako Auzitegi Gorenean

Miren Zabaleta, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Txelui Moreno, Amaia Esnal, Rafa Diez eta Mañel Serra, Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulkian eserita. ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegiri, Rafa Diezi, Arkaitz Rodriguezi, Sonia Jacintori eta Miren Zabaletari espetxe zigorra jartzea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Aurreneko biei hamarna urteko zigorra jarri die «erakunde terroristako buruzagi» izatea egotzita, eta gainerako hiruei zortzina urtekoa, «erakunde terroristako kide» izatea leporatuta. Beste hainbeste denborako inhabilitazioa ere jarri die guztiei, eta epaiketaren gastuen zati bat ordaindu beharko dute. Horrenbestez, ezker abertzaleak estrategia armatuarekin haustea ekarri zuen eztabaidaren sustatzaileak zigortu egin dituzte. Auzi berean epaitutako Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnal errugabetu egin ditu epaimahaiak. Fiskalak haien kontrako akusazioa erretiratu egin zuen, zigortzeko nahiko froga ez dagoela ikusita. Zigortuek bost eguneko epea dute Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jarriko duten edo ez jakinarazteko. Atzo bertan jakinarazi zuten jarriko zutela.

Zigorra justifikatu nahian, Auzitegiak buelta eman dio zuzenbidearen oinarrizko arau bati. Zigortuak ETAren aginduetara ari zirela esaten du epaimahaiak, baina ez du halakorik frogatzen. Aitzitik, behin eta berriz esaten du auzipetuek ez dutela frogatu ETArekin hautsi dutenik eta, beraz, ezin dela esan halakorik gertatu denik. Zuzenbidearen oinarrizko arauetako bat da akusatzaileak frogatu behar duela epaituak ustez egindako delitua, eta ez duela hark bere errugabetasuna frogatu behar, hori kontrakorik ezean egiatzat ematen baita.

Epaituek beren errugabetasuna frogatu behar zuten alderantzizko logika horrekin aritu zen Vicente Javier Gonzalez Mota fiskala epaiketa osoan, eta jarrera berari heldu dio Angela Murillok, Teresa Palaciosek eta Juan Francisco Martelek osatutako epaimahaiak, zigorra ematerako orduan. Hala, ez du froga sendoen beharrik izan zigorra justifikatzeko.

Epaimahaiak dio bost zigortuak ETAren aginduetara zeudela: «ETAk auzipetuei agindu zien ezker abertzalearen barruan zuzendaritza eta koordinazio batzorde bat sortzeko, estrategia berria aurrera eramateko. Estrategia hori 2008an agindu zuen talde terroristak. Indar subiranistak batzea nahi zuen, bere agintaritzapean, prozesu independentista bururaino eramateko, eta sozialismoa ezartzeko Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan». Behin eta berriz egiten du baieztapen hori epaimahaiak, baina ez du ematen hori baieztatzeko frogarik. Ez du esaten ETAk noiz, nola eta non agindu zien zortzi auzipetuei hori egiteko, eta halakorik gertatu izanaren zantzurik ere ez du agertzen.

Esaten duen bakarra da ustez ETAren Hego Haizea taldeko kideei atzemandako dokumentazioaren arabera erakunde armatuak 2008an erabaki zuela ekimen politikoa lehenestea militarraren gainetik, baina azken hori baztertu gabe. Hori nahikoa zaio Auzitegiari bost zigortuak ETAren aginduak jarraitzen ari zirela esateko. Hala, entzungor egin die auzipetuek beraiek eta lekukoek epaiketan egindako adierazpenei eta emandako azalpenei.

Epaituek auzi gelan hainbat bider esan zuten beraien estrategia eta ETArena «erabat kontrajarriak» direla eta horregatik sustatu zutela Zutik Euskal Herria agiria emaitza izan zuen eztabaida. Hori inolaz ere ez zutela ETAren aginduz egin azaldu zuten, logika guztien kontra doala azpimarratuz. Alderantziz, akusazioaren peritu nagusi gisa deklaratu zuen 19.424 poliziak ere onartu egin behar izan zuen epaituek sustatutako eztabaidan estrategia armatuaz hitz egin zela eta epaituen jarrerak ETAren haserrea eragin zuela.

Urrunago ere joan zen Otegi epaiketan, eta ordura arte esan gabeko hitzak egin zituen. Fiskalak azken ondorioetan aurpegiratu zion ez zuela esan «ETA soberan dago eta traba egiten du». Inolako dudarik egon ez zedin, nahi zuena eman zion Otegik azken hitza hartu zuenean. Baina epaimahaiak ez die hitz horiei erreferentziarik egin atzo kaleratutako 144 orrialdeko epaian.

Gainera, epaimahaiak dio ezker abertzalearen hainbat adierazpen —Altsasukoa eta Zutik Euskal Herria besteak beste— ezin direla auzipetuen lanaren ondoriotzat jo, haiek espetxean baitzeuden adierazpen horiek publiko egin zirenean.

Bilerak eta terminologia

Otegi, Diez, Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez ETAren aginduetara ari zirela esateko, bost puntu zehaztu ditu epaiak. «Kargudun froga izaera duten zantzu multzoa irmoa» dela dio. Batetik, frogatzat jotzen du auzipetuek LABen bilerak egitea. Bileretan aktarik ez zela jasotzen ere aipatzen du, eta hori zertan ari ziren ez jakiteagatik egiten zutela dio. Bilera horietan deliturik egin zenik ez da frogatu, eta halakorik ere ez du esaten auzitegiak, baina zigortuak ETAren aginduetara ari zirela esateko frogatzat jotzen ditu bilerok.

Bigarrenik, 2009ko apirilean eta uztailean Iparraldera egindako bidaiak aipatzen ditu. Auzipetuek epaiketan onartu zuten bilerak egin zituztela iparraldean bi egun horietan. Borroka armatuaren amaieraren beharraz hitz egiteko egin zituzten bilerok, ezker abertzaleko militanteekin, haiek auzi gelan azaldu zutenez. Fiskalak hasieran esaten zuen «Frantzian» ETAko kideekin biltzen zirela auzipetuak, baina epaiketan ikusi eta entzundakoen ondoren, epaimahaiak atzera egin du horretan. «ETAren inguruko jendearekin» biltzen zirela idatzi du Martel txostengileak. Eta iparraldera joan eta ezker abertzaleko kideekin biltzea ere froga dela dio.

Hirugarrenik, ETAren agiriek «kausa efektu» eragina dutela dio epaiak. Hau da, ETAk ezker abertzaleari agindu ziola izaera politikodun jarduerak abian jartzeko, eta ondoren ezker abertzalearen txostenak agertu zirela agindu horiek betez. Epaiaren arabera, zigortutako bost lagunek antolatzen eta kudeatzen zuten agindu horiek nola jarraitu.

Laugarren tokian, terminologiari egiten dio erreferentzia. Ezker abertzaleak eta ETAk «terminologia identikoa» erabiltzen dutela esaten du, behin eta berriz, eta hori frogatzat hartzen du.

Bosgarrenik, eta azkenik, epaimahaiak dio «tesi armatuetatik benetan urruntzeko» ekintzarik ez dutela egin zigortutako bost lagunek. Ez dutela ETA kritikatzen atentatuak egiten dituenean, eta, alderantziz, «estatuaren organo konstituzionalak» egiten dituztela egoeraren erantzule. Hori esan eta lerro batzuk aurrerago jasota daude bost lagunek epaiketan borroka armatua alboratu beharraz egindako hitz irmoak.

Banakako frogarik ez

Zigortuen azterketa banakakoak ere egiten ditu epaimahaiak atzo kaleratutako autoan. Haiek epaiketan esandakoak, lekukoek haiei buruz esandakoak, agerraldietan egindako adierazpen publikoak eta abar zerrendatzen ditu, baina ez du esaten haietako zeinetan egiten duten delitu zigortuek eta zergatik.

Adibidez, Otegiri dagokionez jasota dago epaiketan nola esan zuen beraiek ez zutela Bateragune osatzen, estrategia politiko-militarra jarraitzen zuen inolako lanik ez zutela egin, eta bere jarrera «erabat ETAren kontrakoa» dela. Horiek eta adierazpen gehiago bata bestearen atzetik jarri ostean, ordea, ez du esaten egia ez direnik eta zergatik ez diren. Ez du esaten non dagoen delitua.

Banakakoen zerrendatze horretan, kasu gehienetan, auzipetuek beraiek onartutakoak jartzen ditu, gainera. Izan ere, gakoa ez da bilera horiek eta adierazpen horiek egin diren edo ez. Gakoa da zertarako egin ziren. Eta hortxe daude bi tesi kontrajarri: Auzitegiak inolako frogarik gabe bere egin duen fiskalaren tesia, batetik: ETAren aginduz ari zirela estrategia politiko-armatuarekin jarraitzeko; eta zigortuek diotena, bestetik: borroka armatuaren aroa amaitzeko lanean ari zirela, bide baketsu eta demokratiko soilen alde eginez.

Morenoren, Serraren eta Esnalen kasuan ere zerrendatzen ditu haiek deklaratutakoak eta lekukoek esandakoak. Zerrendatu ostean gaineratzen du horiek «froga ahulak» direla eta, beraz, hiru lagun horiek absolbitu egiten dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.