Estatus politikoa.
Herri gisa garatzeko formulak
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak galdera bota du bilera batean: «Zenbat eskumen falta dira Gernikako Estatutua betetzeko?». Haren erantzuna: «Bi: Gizarte Segurantza eta espetxeetakoa». EAJk dio hamalauren bat falta direla: horiez gain, aireportuak, interes orokorreko portuak, autobideak, Fogasa (Soldata Bermatzeko Funtsa)... Bi falta edo hamalau falta, kontua da EAEko Autonomia Estatutuak bete gabe jarraitzen duela. Gainera, iaz Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu zuen ia ehun gaitan egon direla EAEren eta estatuaren arteko eskumen gatazkak edo estatuaren aldetik inkonstituzionaltasun helegiteak. «Konfiantza urratuta dago», esan zuen iazko Estatutuaren egunean Koldo Mediavilla EAJren EBBko Harreman Instituzionalen idazkariak.1979ko urriaren 25ean onartu zuten ituna Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek, erreferendum bidez. Ia 36 urte pasatu dira. Duela hilabete batzuk, Andoni Ortuzar EBBko presidenteakhitzaldi batean zioen berak ez zuela parte hartu, 17 urte zituelako. Mendiari ere ezinezkoa zitzaion bozkatzea, 1965ekoa baita. Halaber, artean ez zeuzkaten 18 urte erkidegoko bizilagun Hasier Arraizek, Pello Urizarrek, Rebeka Uberak eta Oskar Matutek (EH Bildu) edo Arantza Quirogak (PP). Urkulluk erreferendumaren aurreko hilean bete zituen (53 urte ditu). Belaunaldi asko dira, beraz, Gernikako Estatutua bozkatu ez zutenak. Aurki hasiko dira legebiltzar taldeak ituna berritzeko lanean.
EAJk nahi duena da EAEk beste harreman mota bat izatea estatuarekin, «egun menpean baitago». Josu Jon Imazen Kontzertu Politikoaren ideia erreskatatu du. Hau da, «esparru juridiko-politikora eramatea Kontzertu Ekonomikoak Euskadiri ematen dizkion subiranotasuna eta aldebikotasuna», Ortuzarrek orain dela ia urtebete Madrilen zioenez.
EAErako, hortaz, estatutu berria nahi du EAJk. Akordioa «Euskadin» gura du aurrenik, «etxean», eta bi baldintza ditu: inork ez izatea beto eskubiderik eta abertzaleek «inposaketarik» ez ezartzea. 2014ko martxoan, autogobernuaren lantaldea jarri zuten martxan Eusko Legebiltzarrean, eta, harrezkero, 28 lagun pasatu dira azalpenak ematera. Esangura politikoagatik, bi hitzaldi azpimarra daitezke: Ramon Jauregirena eta Juan Jose Ibarretxerena.
Jauregi PSEko idazkari nagusi ohi eta EAJ-PSE garaiko Jaurlaritzako lehendakariorde izana otsailean mintzatu zen lantaldean, batik bat PSOEren proiektu politiko berriaz aritzeko: federalismoaz. Erkidegoei indar handiagoa eman nahi die PSOEk, haren arabera: kasurako, Europan hitza izateko, EAEren kasuan Nafarroarekiko harremana estutzeko edo Justizia Administrazioa antolatzeko. EAJren gustuko ideiak dira, «autogobernua handitzeko». Dena dela, Urkulluk zehaztu izan du nahiago duela konfederazioa federazioa baino. Eta, itun berri baterako, EAJk ezinbesteko jo ditu «Euskadi nazioa» dela eta haren erabakitzeko eskubidea aitortzea. Jeltzaleek azpimarratzen dute Espainiako Konstituzioa erreformatzeko egokiera hobea dela gaurkoa 1978koaren aldean, Espainiako armadaren «hotsik» eta ETAren jarduera armaturik ez dagoelako.
2004ko estatutua eta Loiola
Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohia apirilean izan zen autogobernuaren lantaldean. Estatus politiko berriari buruz kontsulta bat egiteko eskatu zuen, eta bi osagai aipatu zituen: 2004ko estatutu berriaren egitasmoa eta 2006ko Loiolako zirriborroa. Ezker abertzalea erdizka agertu zen2004ko testuaren alde; gauza onen artean, Euskal Herriaren, autodeterminazioaren eta gatazka gainditzeko prozesuaren aldekoa zela aitortu zuen Arnaldo Otegik. LoiolanEAJk, Batasunak eta PSEk landutako zirriborro txostenak Euskal Herriari nazio izaera aitortu zion, herritarrei erabakitzeko ahalmena onartu zien, EAE eta Nafarroa uztartzeko proposamenak zekartzan, eta prozedura orok legezkoa eta instituzionala izan beharko duela zioen. Iaz, Urkulluk iritzi zion Loiolako dokumentua badela «nahikoa oinarri».
Ortuzarrek berriki jakinarazi du udazkenean hasi nahi dutela Eusko Legebiltzarreko taldeen artean hizketan, estatutu berriaren «eduki handiak eta ardatz nagusiak» finkatzeari ekiteko. EH Bilduk eztabaidan bete-betean sartzeko asmoa du. Haren EuskalBideak —urtarrilean aurkeztu zuten— «Euskal Herriko gaurko [hiru] errealitateak» onartu ditu, eta, estatua helburu izanda, «prozesu dinamiko, eratzaile eta graduala» nahi du. Hasier Arraiz EH Bilduko buruak aipatu izan du Urkulluk kontatu diola berak ere prozesu eratzailea nahi duela. «Epe motzeko pauso» gisa, «Nafarroaren aldaketa politikoaz» eta «Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioaz» gain, EAErako «estatus politiko berria» nahi du EH Bilduk. Oro har, ongi jo du Ibarretxek esandakoa: 2004ko estatutua eta Loiola. Gainera, legezko bide denak agortzearen alde ariko da, baina EAEko eskumenek «estatuak inposatutako sabairik» izateke; hots, erkidegoan erabakitakoabete dadila aldarrikatu du.
Ortuzarrek iragarri du 2016a baino lehen testu bat egon daitekeela. Halaber, irailean aitortu zuen EAJren, PSEren eta «ezker abertzalearen» arteko «herri gisako akordio handiak» behar direla. Bakegintzaz eta autogobernuaz ez ezik, «krisi ekonomikotik ateratzeko-eta zer gizarte eredu nahi den» adostu behar da, EBBko buruaren ustez. EAJk eta PSEk urte batzuetarako akordioa lotzeko beste urrats bat egin berri dute.
Ordea, beste aktore bat ere bada Hego Euskal Herrian azken hauteskundeetatik aurrera: Ahal Dugu (193.000 boto; haietatik 148.000, EAEn). Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hurrengo bozak 2016ko udazkenean izango direnez, estatus politiko berriaren eztabaidan parte hartzerik izango al du Ahal Dugu-k? Gainera, urte honen bukaeran ikusi beharko daPPk segituko duenentz Madrilgo gobernuan, eta horrek zenbat baldintza dezakeen EAEko estatutu berriaren bilakaera —eta bakegintza—. Duela bi asteko bozetan, PP izan zen estatuko lehen indarra.
Lurraldetasuna
Hurrengo hilabete eta urteetan euskal instituzioetan lurraldetasunaren arloan zer pauso eman daitezkeen ere ikusi beharko da, fokua jarrita. EH Bilduk «dagoeneko irizpidea finkatua» du, Euskal Bidean idatzita duenez: «Espainiako Estatuarekin harremana erabaki aurretik, EAEko eta Nafarroako herritarrek euren arteko harremana erabakitzea lehenesten dugu, Hego Euskal Herriko lurralde batasuna lortze aldera». Nola islatu hori EAEko estatutu berrian? Nafarroarako ere estatus politiko berria nahi du koalizio independentistak —Geroa Baik Foru Hobekuntzaren erreforma proposatu du—. Batasunak Hegoaldeko autonomia proposatu zuen 2007an Iruñeko Anaitasunan, Nafarroak «estatus propioa» izanda eta «zaharkituta diren anexioa eta integrazioa baztertuz».
Beste kontu bat da Nafarroan zer aukera egongo diren estatus berrirako. Geroa Bairentzat eta EH Bildurentzat Nafarroan «aldaketarako» lehentasun ez dira lurraldetasun kontuak, baizik eta herrialdearen «demokratizazioa»—biek darabilte termino hori—: gardentasuna, eskubide eta politika sozialak... Hortik joko dute legealdi honetan. Adolfo Araiz EH Bilduren lehendakarigaiak esan du bereizi egin behar dela zer den «lehentasuna» eta zer «garrantzitsua», eta zehaztu du Nafarroan erabakitzeko eskubidea «oso garrantzitsua» izan arren uneotan «lehentasun» herritarren behar sozialak direla. Horrek ez luke esan nahiko zenbait alorretan gobernu berriak ez lukeenik galdetuko. Esaterako, kanpainaurrean Nafarroako EH Bilduk iragarri zuen Kontsulta Legea proposatuko duela legealdi berriak: izaera orokor edo sektorialeko herri kontsultak, Nafarroako lehendakariaren edo gobernuaren jarreraren ingurukoak, foru legeei buruzkoak eta udal esparrukoak.
Lehenagoko kontuak izango dira Ipar Euskal Herrikoak. Urte bukaerarako jakin daiteke Frantziako Estatuak azkenean haren egituratze instituzional bat ahalbidetuko duen. Juristek hirigune elkargoa hobetsi dute, BERRIAk aurreko astean zekarrenez. Egituratzeak aukera berriak sor ditzake Euskal Herriaren egituraketara eta nazio eraikuntzara begira.
Erabakitzeko eskubidea.
Zer, non, nola eta noiz
Hego Euskal Herriko azkeneko foru hauteskundeek argazki garbi bat utzi dute:foru eserlekuen %69 erabakitzeko eskubidearen aldekoak dira; duela lau urte, %56koa zen datua.Dena dela, batik bat gizartean ari dira erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua ehuntzen, Gure Esku Dago dinamikaren bidez. Bigarren urtea egitera doa, eta iaz 150.000 lagun bildu zituen Durango-Iruñea arteko giza katean. Datorren ekainaren 21erako, berriz, ekitaldi erraldoiakantolatu ditu Iruñean, Bilbon,Donostian, Gasteizen eta Baionan, ehunen bat mila lagun batzeko.
«Ez gara jaio aldarrikatzeko», dio Gure Esku Dago-k. «Bide orria oso sinplea» du: «Herritarren borondateak ehundu; zer, non eta nola adostu; eta, azkenik, erabaki». Galdera edo galderak beharko dira, esparruak finkatu, datak. Eta proiektu politikoak.
Iaz bi herri galdeketa ez-lotesle egin ziren Euskal Herriaren independentziari eta estatuari buruz: Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia). Erantzuna: baiezkoa, nabarmen. 2016an, kasurako, Gipuzkoako Goierriko herrietan egingo dituzte. Herri mugimendua aktibatu egingo da; hori dute xede.
Instituzionalki gauzak geldo daude. Andoni Ortuzarrek berriki iradoki du EAEko estatutu berriaz galdeketa ez dela 2016an egingo. Iñigo Urkulluk aipatu izan du 2020rako bada ere egin nahi duela, baina esan izan du, orobat, «eztabaida autogobernua eta ongizatea» direla, eta «ez horrenbeste erabakitzeko eskubidea». EAJk elkarrizketa-negoziazioa-akordioa-kontsulta formula nahi du; aurrenik, Gasteizko ganberako taldeen arteko akordioa; ondoren, Madrilgo gobernuarekin, eta, bukatzeko, «berme juridiko osoko» galdeketa. «Espainiarekin akordiorik ez badago, gauzak asko konplikatuko lirateke, eta beste erabaki batzuk hartu beharko genituzke», azaldu du Ortuzarrek.
EH Bilduk ere dio ez dela baztertu behar Espainiarekin negoziaziorik, baina «pentsaezina da bi estatuek erabakitzeko eskubidea ahalbidetzeko egokitzapena egitea». Beraz, EH Bilduren arabera, «aldebakartasuna» da formula. Juan Jose Ibarretxek ere aipatu du: «Erabakitzeko eskubidea onartu ezean,aldebakarreko independentziaaldarrikapenak izango dira Euskal Herrian eta Katalunian».
PSOEk berriro ohartarazi du estatu federal batean ere Espainiako Konstituzioak ez duela autodeterminazio eskubidea onartuko. EAJk «itunpeko erabakitzeko eskubidearen instituzionalizazioa» aitatzen du, edo «itundutako legezko kontsulta». Estatuarekin hausturarik bilatu gabeko legezko erreferendum bat egin zen 1979an EAEn: Gernikako Estatutuaz.
Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohiak bereizi egiten ditu «kontsulta eskubidea eta erabakitzeko eskubidea». Haren iritziz, erabakitzeko eskubidearen bidez, subjektu politiko baten aitortza bat dago; erabakitakoa bete egin behar da, «estatuaren ordenamendu konstituzionalarekin talka egin arren. Aldiz, kontsulta eskubideak ez lioke estatuaren subiranotasunari eragingo».
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak garbi esan zuen2008an EAEko Galdeketa Legearen eta iaz Kataluniako Parlamentuaren subiranotasun aitorpenaren epaietan: «Espainol Herria da nazio subiranotasunaren jabe bakarra; haren batasuna zatiezina da».
Dena den, oraingoz ez da aurreikusten estatuarekin haustura bilatuko lukeen galdeketarikHego Euskal Herrian.
Bakegintza.
Blokeotik irteteko garaien beharra
Urrian lau urte beteko dira Donostian Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin zenetik eta ETAk jarduera armatua bukatu zuela jakinarazi zuenetik. Egon dira pauso batzuk biktimekiko, ETA hasi zen armagabetzen, EPPK-k adierazpen garrantzitsu bat atera zuen, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinako presoak askatu zituen —60ren bat ziren—; baina Espainiako eta Frantziako gobernuek euskal presoekiko ez dute neurri positiborik hartu; areago, Espainiako auzitegiak neurriak gogortzen ari dira.Etxerat-ek sarean dauzkan azken datuen arabera —martxokoak dira—, EPPK-ko 448 lagun daude kartzelatan, eta beste bost etxean dauzkate zigorra betetzen. Jaurlaritzaren arabera, Langraiz bideari segitzen dioten presoak 11 dira.
Bakegintzari bultzada berri bat emateko asmoz, beste konferentzia garrantzitsu bat izango da datorren ostegunean Parisen, Bake Bidea eta Giza Eskubideen aldeko Ligak antolatuta: izen handiko lagunak bilduko dira Frantziako Asanbladan, Victor Hugo aretoan. Iazko urrian Iparraldean konponbidearen alde lorturiko «aniztasuna» Frantzian entzunaraztea dute xede.
Aldiz, Hego Euskal Herrian ados jarri gabe segitzen dute eragile politikoek. EAJk eta Sortuk duela bi urteko uztailean ekin zieten elkarrizketei, baina ez dute akordiorik lortu. Joan den udaberrian proposamenak elkar trukatzen jardun zuten, eta litekeena da orain berriro eustea bilerei. Ezker abertzaleak aitortzen du aurrera egiteko «beharra» duela, eta horretarako oso garrantzitsua dela EAJren parte hartze aktiboa. Andoni Ortuzarrek iragarri berri du balitekeela alor horretan «azken fasean» egotea. «Bildu joan da pauso batzuk ematen; gehiago eman behar ditu. Geuk ere gehiago inplikatu behar dugu alor batzuetan».
Jaurlaritzak urritik hona hiru plan aurkeztu ditu: Hitzeman (presoen «birgizarteratzeaz»), Zuzen Bidean (espetxe politika berriaz neurriak) eta Zuzendu (autokritikaz; bereziki, ezker abertzaleari zuzendua). Halaber, ETAren armagabetzerako batzorde bat osatzeko eskatu du, eta prest da parte hartzeko. EH Bilduk bakerako bidea aurkeztu du («biktima guztien aitortza eta erreparazioa», «egindako mina onartzeko ariketa kritikoak», «baldintzapeko askatasun aurreratua», presoen sakabanaketaren amaiera, Armagabetze Batzorde Independentea...), eta 93 preso eta iheslari ohik amnistia aldarrikatu dute. ETA prest da armagabetzeko diseinua Jaurlaritzarekin ere partekatzeko; «konfrontazio politikoa» bilatu nahi izatea leporatu dio, halaber.
Iñigo Urkulluk dio bakegintzan ere kasurik ez diola egiten Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak, eta urte honen hasieran itxi zuen Madrilgo bide antzu hura. Blokeotik irteteko, bide berriak erein beharko dituzte.