Aro berri baten hasiera dela esan du Txarli Prietok PSEko idazkari nagusi hautatzean

Buruzagitza berrian ez da talde «kritikoko eta berritzaileko» kiderik egongo, Prietok egotea proposatu dien arren

Erredakzioa
2013ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Txarli Prieto hautatu zuten igandean, berriro ere, PSE-EEko Arabako idazkari nagusi. Hautatzen duten hirugarren aldia da: lehenengoz 2005ean izan zen aukeratua; eta bigarrengoz, 2009an. Hirugarrenean lortu du emaitzarik kaskarrena. 2005ean bertaratu ziren ordezkarien %94,5en botoa jaso zuen; 2009an, %97,5ena; eta atzo botoen %58 eskuratu zituen. 92 ordezkaritik 53k eman zioten botoa, gainontzeko 38ek Juan Carlos Alonsori eman baitzioten.

Hautatu ostean Prietok adierazi zuen «eskertuta» dagoela jasotako babesagatik, eta igandeko bilerak fase bat ixten duela, zehazki barne politikako fasea, eta kanpo politikara bideratutako fase berri baten hasiera dela.

Alderdiko kideen babesa duela sentitzen du Prietok, eta hala adierazi du. Horrez gain, Arabako PSE-EEko buru izateko «indar fisiko eta mentala» mantentzen dituela ere jakinarazi du. Aurreko hautaketan baino boto kopuru txikiagoa jasotzearen harira — %97,5era heldu zen, eta atzo %58 eskuratu zituen — , esan du politikan zauriak irekita badaude itxi egin behar direla. «Gehiago edo gutxiago kostako da, baina PSE-EEko ordezkarion helburua ez da protagonista izatea, baizik eta bat egin, taldea egin eta finkatutako helburuak lortzea». Gaineratu du idazkari nagusiak jasotako botoek ez dutela «alderdiaren indarra» azaltzen, hori herritarrei proiektu politiko gisa egindako ekarpenak azaltzen duela. «PSE-EEn ez gaude elkarren aurka aritzeko, bakoitzak bere ideiak mahai gainean jarri eta kongresuetan erabakiak hartzeko baizik».

Kongresu horietan atzera begiratzeari utzi eta aurrera begiratu behar dutela pentsatzen du Prietok. Atzera begiratzea ez zaiolako zentzuzkoairuditzen. Igandekoa aurrera begiratzeko unea delako, «berrikuntza» unea dela uste duelako. «Ezin dugu une oro atzerako ispilutik begira gidatu. Ezin gara atzera begira egon. Aurrera begiratu beharra dago. Eta aurrera begira ikusten dugu PSE-EE gero eta hobeto dagoela ezkerrekoen aldean, askoz ere hobeto berrezarri duela bere ideologia», esan du idazkari nagusiak. Gainera, pentsatzen du «batasuna» lortzearen aldeko hautua egitea ez dela beharrezkoa, alderdikide guztiak «arduratsuak» direlako.

Alderdiko talde kritikokorik ez

Arabako PSE-EEko buruzagitza berrian talde kritikoko edo berritzaileko kiderik ez da egongo. Baina idazkari nagusi berriak adierazi duburuzagitza berrian haiek lekua edukitzea zela bere asmoa, garrantzitsua iruditzen zitzaiola haien parte hartzea. Haiei esan ziela ziurtatu du, baina ezezkoa jaso zuela, ez zutela nahi izan. «Nirekin hitz egin zuten guztiek, eta hainbat izan ziren; buruzagitzaren parte izateko proposamena ukatu zuten», adierazi du Prietok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.