Ona izan da eskubideen alorrean; errekorra gainditu da Euskadin eginiko inbertsioetan, eta kontzertu ekonomikoa bermatu egin da». Horixe Mariano Rajoyren agintaldiaren analisia, Leopoldo Barredaren hitzetan. Benetan hala dela sinesten duelako edota tertuliakideei puntua jarri nahi izan dielako bota du sententzia Madrilen EAEko PPko diputatu izandakoak. «Legegintzaldi bikaina izan da». Arrapaladan jaso ditu erantzunak. «Galdutako lau urte izan dira», PSE-EEko Odon Elorzak. «Birzentralizazioaren agintaldia izan da», EAJko Aitor Estebanek. «Eskubideen urraketena», Amaiurreko Xabier Mikel Errekondok. «Inoizko txarrena», Geroa Baiko Bixente Serrano Izkok. Eta berriz ere, probokatzaile, Barredak: «Errealitatea propagandatik bereizten ez dutelako esaten dute hori». PPkoak bidelagun bakarra izan du Rajoyren defentsan: UPNko Carlos Salvador. Ezertan ez du kritikatu gobernua: «Susperraldi ekonomikoaren legegintzaldia izan da, eta onuragarria izan da Nafarroaren interesentzat».
Duela lau urte Hego Euskal Herritik Espainiako Gorteetan ordezkaritza lortu zuten alderdi guztietako diputatu banarekin izan da BERRIA. Agintaldiaren amaieran Uxue Barkos ordezkatzera Madrilera joandako Serrano Izkok ez beste guztiek han jarraitzeko nahia agertu dute. Datorren lau urtekoari begira daude seiak. Aro baten amaiera dela uste dute;berria nola izango den, horretan ez dira ados jartzen. Esteban: «Ez dakigu zelangoa izango den. Adi egon behar gara». Errekondorentzat, berriz, «asko esatea» da aro berri bat datorrela. «Bipartidismoa ez da desagertuko. Akaso, beste mota bateko gobernantza bat etorriko da». «Baikorragoa» da Elorza, baina «aldaketa» eman dadin, «ezinbesteko» jotzen du bere alderdiak gobernatzea. Eta Salvadorrentzat «funtsezkoa» litzateke Euskal Herriko eta Kataluniako abertzaleek gobernagarritasunaren giltza izateari uztea Madrilen. «Badirudi horrela izango dela».
Rajoyren agintaldiak eman du, beraz, eman beharrekoa. Gorteetan izandako gehiengo osoa baliatuta, aise agindu du PPkoak. Legeen %34 dekretuz atera ditu aurrera: ez dira legebiltzarretik pasa, ez dira taldeen ekarpenetara ireki, ez da eztabaidarik egon. 1979. urtetik, proportzioan, formula hori gehien erabili duen gobernua izan da. «Bere asmo bakarra izan da aurreko urteetan egindako erreforma progresista guztietan atzera egitea», adierazi du Serrano Izkok. Eta hori ukatu du Barredak: «Erreformen ondorio zuzenak aztertu behar dira. Ezarri direnean, kritikak desagertu dira, eztabaida politikotik eta kaletik».
Estatu eredu jakin bat
«Errealitate gordina ikusi dugu lau urteotan» azaldu du, berriz, Errekondok. «PPk legeak egin ditu hezkuntzan, ekonomian, gizarte politiketan... Eta horiekin zentralismoa indartu nahi izan du». Bat datoz analisi horrekin EAJ, PSE-EE eta Geroa Baiko diputatuak. Aitor Esteban jeltzaleak azaldu du nola dekretu bakar batekin, adibidez, Eusko Legebiltzarraren 26 legetan eragitea lortu duen gobernuak. «Zentralizazio prozesu hori zeharkako era batera eraman du aurrera, lege bakar batekin hainbat alor ukituz. Helburua ez da izan eskumenak berreskuratzea, baizik eta bere esku ez daudenak kontrolatzea, ikuskatzaile gisa aritzea». Barreda ez dago ados horrekin eta bozeramaile jeltzaleari leporatu dio «zintzo» ez jokatzea. «Badaki lege askotan salbuespenak sartu direla Euskadiren kasurako. Eta akordioa ez denean egon izan da Jaurlaritzak ez zuelako negoziatu nahi». EAJkoak, berriz, PPkoari erantzun dio gobernuak «behartuta» sartu dituela aldaketak, «jakin bazekielako legeak urratzen ari zela, eta alor garrantzitsu batzuetan, gainera, ez ikusia egin du: defizitaren mugan, esaterako». Elorzak azpimarratu du EAJ eta PPen arteko ika-mika horiek eta gobernuaren politikek agerian utzi dituztela «Euskadiko autogobernuaren ahuleziak».
Bat dator horrekin Errekondo, baina alderdi sozialistako diputatuari zuzendu aurretik EAJri bidali nahi izan dio mezua. «Abertzaleok uste dugu gaitasuna dugula eraso horiei horri aurre egiteko. Baina ez estatutuek, ez kontzertuek, ez halako tarteko eskumen mailek ez dute ziurtatzen gure herriaren etorkizuna. Beti egongo gara mehatxupean».
«Neurri batean» irakurketa horrekin bat dator Esteban, baina koalizio subiranistako kideari gogoratu dio «erakundetze maila» hori dela egun «euskal autogobernua» defendatzeko modu «bakarra». «Hobetu daitekeela? Bai. Baina hortik gora egin beharko da. Arriskutsuago iruditzen zait egindakoa alboratu eta hutsetik hastea». Errekondok, berriz, zehaztapen bat egin nahi izan dio EAJko diputatuari ohartaraziz buruzagi jeltzaleak aldarrikatzen ari diren «aldebikotasunak» ez duela «burujabetza» bermatuko; agerian geratu dela hori azken 35 urteetan. «PPren eta PSOEren artean alderik ez dago estatua ulertzeko moduan. Gure bidea egin behar dugu, estatuaren partetik ezin baitugu ezer espero».
Elorzarentzat, «abertzaleen betiko leloak eta eztabaidak» dira horiek. «Baina badakite deszentralizazioan urrats gehien egin diren garaiak izan direla sozialistak boterean egon direnean». Ez abertzaleek ez Barredak ez dute ikuspuntu hori partekatzen. PPkoak dio «egia» dela jeltzaleek gobernu sozialistak babesteko «ohitura» gehiago dutela, baina ez autogobernua defendatzeko, «batzuek eta besteek han eta hemen dituzten interes politikoengatik» baizik. Horrekin lotuta, azken asteetan EAEko kontzertuarekin eta Nafarroako itun ekonomikoarekin izandako eztabaidak ekarri ditu gogora PPkoak. «PSOEk gobernatzen duenean jartzen da ezbaian Kontzertua. Espainiako ezker osoak jartzen du zalantzan, eta alderdi berriek. PP da Kontzertuaren bermea, eta EAJk badaki hori».
PPko diputatua babesten bakarra Salvador izan da. UPNkoarentzat ez da «Nafarroako autogobernuaren» aurkako erasorik egon; «kontrakoa baizik». Itun ekonomikoa «berritu eta blindatu» dela azpimarratu du eta gogoratu du Nafarroako Parlamentuko talde guztiek, Bilduk salbu, babestu dituztela akordio horiek. «Baina abertzaleek beti irudikatu behar dute gatazka egoera».
Elorzak, berriz, era horretako «eztabaida bizantziarrak» amaitzeko modua bilatu behar dela adierazi du. Eta azaldu du hurrengo legegintzaldian, sozialistak gobernura helduz gero, Espainiako Konstituzioa erreformatuko dela, helburu horrekin, eta bereziki ongizatearekin loturiko eskumenak «blindatzeko». «Hori izan behar duelako autogobernuaren oinarria. Guk nahi dugun erreformarekin sakondu ahal izango dugu horretan, gerta ez dadin Rajoyrekin gertatu dena».
Alderdi sozialista proposamenarekin zalantza asko agertu dituzte diputatu abertzaleek. «PP eta PSOE prest daude zerbait aldatzeko, ezer ez aldatzeko», azaldu du Errekondok. Estebanek, berriz, prozesu konstituziogile bati «beldurrik ez» diotela adierazi du. «Uste dugu ez dugula joko bakarrera jokatu behar. Edo daukaguna defendatzeko edo aukera baliatzeko, Madrilen talde indartsua izan behar dugu». Serrano Izkok, berriz, oso zail ikusten du Konstituzioa aldatzea. «Egin zutenean, egin zuten inoiz alda ez zedin. Gehiengo oso handiak behar dira, eta ez da horrelakorik egongo. Gainera, ez dirudi norabide berean daudenik bi alderdi nagusiak». Eta hori berretsiz Barredak esan du PPk, gobernuan jarraituz gero, ez duela konstituzioa aldatuko. «Egonkortasun soziala eta ekonomikoa bermatzeko ez dira ukitu behar elkarbizitza arautzen duten markoak».
PPk agintean jarraitu edo ez, lau urteotan oposizioan aritutakoek, baina, nabari dute «elkarlanerako giroa eta borondatea» euren artean. «Gertatzen dena da sinesgarritasun arazo bat daukagula sozialistekin; halere, saiatu beharko genuke», adierazi du Serrano Izkok. Errekondok, berriz, argi dauka, «benetako lana» Euskal Herrian egin behar dela, bertan egin behar dela prozesu konstituziogilea, baina uste du Madrilen ere jokatu behar dela partida. «Konfrontazioa islatuz eta beste herrialdeetako abertzaleekin presio bide bat zabalduz erabakitzeko eskubidearen alde».
Horma «irmoa»
Oposizioko alderdien beste gai nagusia izan da bakegintzarena. Baina labur, oso labur mintzatu dira horri buruz. «Tamalez, ezin da ezer esan, Rajoyk ez baitu ezer egin», adierazi du Elorzak. Berdin pentsatzen dute Errekondok eta Estebanek. «PPren hormarekin egin dugu topo, eta ez bakarrik guk», dio koalizio subiranistako bozeramaileak. EAJkoak, berriz, azaldu du legegintzaldi hasieran saiatu zirela «bideren bat» zabaltzen, baina «ezinezkoa» izan dela. Errekondoren iritzian, «gehiago» egin zezaketen EAJk eta PSOEk.
Kritika horiei erantzunez, Elorzak aitortu du berak ere zailtasunak dituela bere alderdian. «Gaia ez dago Madrilgo agenda politikoan. Euskadin irekiagoa da ikuskera eta prozesua itxaropen handiagoz bizi da». Nolanahi ere, «baikor» da etorkizunari begira. Zapateroren agintaldiaren amaieran «hasitako bideari» berriz ekiteko aukera ikusten du gobernu aldaketa ematen baldin bada. Errekondok ere «espero» du «aukerak zabaltzea», «zalantzekin» baina. Serrano Izkorentzat, berriz, Madrilek ezingo du denbora luzez jarraitu jarrera berarekin. «Itsukeria horrek kalte egingo die, eta Euskal Herrian independentista gehiago sortuko dituzte».
Oso bestela pentsatzen du Barredak. Besteek leporatzen dioten «immobilismoa» ukatu du, baina gatazka hitzak irrist egin dio, egon badagoela aitortuz. «Immobilismoa ez, irmotasuna. Eta Zuzenbide estatua: hori da gatazka konpontzeko markoa». PPko kidearen arabera, oposizioko alderdiak «betiko leloarekin» ari dira: «Gobernu demokratiko batek mugitu behar duela, aurrean erakunde terrorista bat dagoenean. Hori Europa osoan ez da inoren buruan sartzen». Horrez gain, uste du ETAk egin duen guztia «antzerkia» baino ez dela izan. «Zapateroren garaian prestatutako antzezpena», zehaztu du. Eta ETAk nahi duena «inpunitatea» dela gaineratu. «Hori ezin da zuzenbide estatu demokratiko batean onartu». Barredak esandako guztiarekin bat egin du UPNko diputatuak. «Hala da eta arrazoia dauka».
Aro baten amaiera Madrilen
«Luzea» egin zaie Mariano Rajoyren lau urtekoa Espainiako Gorteetan oposizioan egon diren Hego Euskal Herriko diputatuei. Agintaldia «euskal autogobernuarentzat» kaltegarria izan dela azpimarratu dute denek, eta soilik UPNk babestu du PPren gobernuaren jarduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu