Joshua Fishman soziolinguistak 1991n jarri zuen hizkuntzen biziberritze prozesuen erdigunean arnasguneen garrantzia. Haren ondorioa eredutzat hartuta sortu dute Arnasa Gara egitasmoa; euskararen arnasguneetako herritarrak ahalduntzea da helburu nagusia, biztanle horiek jabetzea euskararen biziberritze prozesuan duten garrantziaz. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren arabera, «gorputz batentzat birikak direna, arnasguneak dira egoera soziolinguistikoarentzat».
Atzo bildu ziren Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturgunean Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundietako ordezkariak, egitasmoa aurkezteko. Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak ere babestu dute proiektua.
Komunikazio kanpaina bat da Arnasa Gara eta bi fase nagusi izango ditu. Lehenengoan, arnasguneetara zabalduko da mezua. Aurkezpen ekitaldiak egingo dituzte herriz herri, eta, besteak beste, Kartzela serie digitala erakutsiko dute —bi atal proiektatuko dituzte ekitaldietan—. Egitasmo horretarako sortu du Hiru Damatxo ekoiztetxeak seriea, eta elkar ezagutzen ez duten sei pertsonaren istorioa kontatzen du, bertso finalaren ostean BECen itxita geratzen direnetik aurrera.
Bigarren fasean, berriz, Euskal Herri osora hedatuko da mezua. Bertan bizi ez direnak errealitate horretaz jabetzea nahi dute. Durangoko Azokan Kartzela aurkeztu ondoren hasiko da fase hori, eta urte amaierara arte iraungo du; EITBk lagunduko du zabalkundean.
Prozesua
2018an hasi ziren sortzen Arnasa Gara. Hiru fase izan ditu orain arteko bideak: ikerketa kualitatiboa, errealitatea ezagutzeko herritarrekin antolatutako saioak eta kanpainaren diseinua.
Zenbait ondorio atera zituzten: besteak beste, arnasguneetan naturaltasun osoz bizi daitekeela euskaraz; erabileraren gainbehera sumatzen dutela herritarrek; haurrek gaztelerarako joera izateak kezkatzen dituela; zenbait aurreiritzi eta konplexu dituztela; eta abar.
Arnasguneetako herritarrak, biziberritze prozesuaren iparrorratz
'Arnasa Gara' proiektua aurkeztu dute Uemak, Jaurlaritzak eta beste hainbat erakundek, arnasguneetako biztanleak ahalduntzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu