Martin Aramendi. UEMAko lehendakari berria

«Arnasgune batzuek utzi diote hala izateari; hori irauli nahi dugu»

Hiru lan ildo nagusi zehaztu ditu legealdirako: UEMAren hedatzea, ikerketa eta kulturartekotasun proiektuak. Hizkuntza politika «aurrerakoiak eta ausartak» galdegin ditu.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Ataun
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak badu buru berria: Martin Aramendi (Ataun, Gipuzkoa, 1970) izango da lehendakaria 2023-2027ko agintaldian—EH Bilduko ordezkaria da—. Atzo izendatu zuten, UEMAk egin zuen agintaldiko lehen batzar nagusian, Ataunen. Aramendik «ilusioz, gogoz eta arduraz» hartu du kargua. Zuzendaritza taldearen eta UEMAko teknikarien ondoan urratu asmo du bidea: «Denon artean erantzungo diogu erronka honi». Irune Urbieta Zarauzko EAJren (Gipuzkoa) zinegotzia izango da zuzendariordea.

Zer moduz ikusten duzu UEMA kargua hartu berritan?

Oso ondo. Azken lau urteotan Iraitz Lazkanok eta haren zuzendaritza taldeak lan ikaragarria egin dute, eta, lehenaz gain, UEMA sendotuago bat utzi digute, bai herri kopuru aldetik, bai lantzen ari diren eta martxan jarri dituzten proiektuen aldetik.

101 udalerri daude UEMAn, eta 305.000 lagun bizi dira horietan. Zein dira orain UEMAren erronka nagusiak?

Erronketako bat hori bera izango da, agintaldi honetan UEMAn sartzeko baldintzak betetzen dituzten udal gehiagorengana jotzea eta horiek guregana erakartzea. Uste dut garrantzitsua dela baldintzak betetzen dituzten udal horientzat UEMAko kide izatea. UEMA bezalako erakunde batek, azkenean, iparra jartzen dizu behar den lekura begira. Baldintzak betetzen dituzten udalei dei egingo nieke etortzeko lasai, zeren 305.000 biztanleko lurgune hori zenbat eta handiagoa izan, erakundea ere indartsuagoa eta sendoagoa izango baita. Hori da erronka nagusietako bat.

Eta besteak?

Martxan ditugun proiektuekin eta lan ildoekin segituko dugu. Ikerketa lerroak jarri nahi ditugu martxan. Arnasgune ziren batzuek arnasgune izateari utzi diote edo uzteko bidean dira, eta horri buelta eman nahi zaio. Horretarako, aurretik, ezinbestekoa da ikertzea, jakitea zein egoeratan dauden, eta hori iraultzeko lan tresnak eman behar zaizkie. Beste erronka bat kulturartekotasuna da. Zaldibian egin zen proba pilotu bat, eta herri gehiagotara zabaltzen ari dira. Ikastetxearekin, guraso elkartearekin eta udalarekin egiten den lana da, eta helburu nagusia da beste kultura batzuetako jendea euskarara elkartzea eta euskal munduratze hori arinago izan dakien laguntzea.

Udalerri euskaldunenetako batzuetan atzeraka ari da euskara. Nola interpretatzen dituzue datu horiek?

Udalerri euskaldunetan ere euskaldunen tipologia aldatu egin da. Duela urte batzuk, arnasguneetan eta udalerri euskaldunetan euskaldun ia gehienek euskara etxean jasotzen zuten, eta etxean euskaraz egiten zuten. Hori aldatzen ari da, eta udalerri euskaldunetan ere atzera egiteko arrisku handiak daudela ikusten da datuetan; beraz, behar-beharrezkoa da udalerri hauetan hizkuntza politika aurrerakoiak eta ausartak izatea. Ezin dugu atzera begira geratu, falta diren eremuak euskalduntzen jarraitu behar dugu, eta herritarrak ahalduntzen, sentsibilizatzen. Eta horiek guztiak posible izateko, benetako lege babesa behar dugu.

Hizkuntza politika aurrerakoiak eskatzen dituzu. Zer da hori? Uste duzu badagoela erakundeen borondaterik?

Uste dut baietz. Orain arteko hizkuntz politikak aurrerapauso batzuk ekarri ditu —ez behar beste, nahi beste eta nahi bezain azkar—. UEMAn behintzat badaukagu adostasuna —alderdi desberdinetako ordezkaritza dago—, eta uste dut lortu behar dugula gainerako erakundeekin ere adostasun eta elkarlan hori; denok norabide berean eta elkarrekin lan egitea hizkuntz politika orain arte baino bizkorrago gara dadin. Garrantzitsua da arnasguneei eustea eta arnasgune izateko ezaugarriak galtzen ari direnei buelta ematea. Arnasguneetan, euskara hegemonikoa da, eta hizkuntza bat biziko bada, gizartean hegemonikoa izatea behar du, esparru guztietan euskara erabili ahal izatea.

UEMAkoak dira herririk euskaldunenak. Ba al dago arriskurik bertako herritarrak euskara sustatzeko beharraz hain kontziente ez izateko?

Bai, uste dut hori gertatzen dela. Orain dela urte batzuk, Lorea Agirreri entzun nion euskarazko produktuen kontsumoari buruzko azterketa bat egin zela, eta datua harrigarria zen: Gasteiz zen euskarazko produktu gehien kontsumitzen zen herria. Pentsatzen jarrita, badu logika bat, euskaldun berri asko dagoelako, gazteak direlako eta badutelako kontzientzia bat. Aldiz, Ataunen, Errezilen edo bestelako herrietan kontzientzia hori asko galdu da, eta hor badaukagu lan bat egiteko. Uste dut gehiago eragin behar dugula ustez dena eginda dagoen eremu horietan.

Euskararen aurkako oldarraldiaetorri da, epaileen eskutik. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin zuen udalek euskara hutsean jarduteko aukera. Nola jokatuko duzue?

Alkate naizen aldetik —eta pentsatzen dut beste alkateek ere berdin jokatuko zutela orain arte—, berdin jarraitzeko asmoa daukagu. Hori bai: lege babesa exijitzen dugu. Ustez, legeak babesten du euskaraz jardutea. Ez dakienari edo erdarazko komunikazioa eskatzen duenari ematen zaio, baina azken urte hauetan guztietan udalean euskaraz funtzionatu dugu, eta ez da inolako arazorik izan. Hizkuntza eskubide guztiak errespetatzen dira, biztanle guztienak, baina atzerapauso ikaragarria izango litzateke dena ele bitan egin behar izatea. Badirudi ez dela halakorik gertatuko, eta gu behintzat —Ataungo alkate bezala hitz egiten dut— legeak horretara behartzen bagaitu, bietan egitera, intsumiso deklaratuko gara, eta berdin jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.