Arnasa hartzeko eskubidea aldarri

Manifestazioa egin dute gaur ehunka lagunek Bilboko Zorrotza auzoan, Sader eta Profersa lantegiak handik atera ditzatela eskatzeko. Profersa ongarri lantegiak isuria izan zuen aurreko astean, eta kezka piztu zuen ingurune osoan.

Sader Profersa Kanpora plataformak deitutako manifestazioa.
Sader Profersa Kanpora plataformak deitutako manifestazioa, gaur, Sader enpresaren parean, Bilboko Zorrotza auzoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko maiatzaren 2a
15:00
Entzun

Joan den apirilaren 26an, ke zuri batek aztoratu zituen Bilboko Zorrotza, Basurtu eta San Ignazio auzoetako bizilagunak. Auzokide askok telefonoz deitu zieten larrialdi zerbitzuei, eta handik gutxira ertzainak, udaltzainak eta suhiltzaileak bertaratu ziren. Bi anbulantzia ere bidali zituzten hara, bizilagunek adierazi dutenez. Eusko Jaurlaritzaren arabera, «azidoaren eta uraren arteko erreakzio batek» sortu zuen ke lainoa, eta «berez» disolbatu zen airean. Baina auzokideak ez daude lasai, eta gaur iluntzean ehunka lagun manifestatu dira Zorrotzan, Sader-Profersa Kanpora plataformak deituta, «auzoetan aire garbia» eskatzeko.

Profersa izeneko lantegian gertatu zen isuria. Zorrotzan dago Profersa, hirigunean, eta ongarriak egiten ditu. Horren aldamenean Sader dago, hondakin arriskutsuak tratatzen dituen lantegia. Enpresa biak Agaleus taldekoak dira. Duela bi aste, ingurune horretako zenbait taldek, auzo elkartek eta erakunde ekologistak batzarra egin zuten Zorrotzan, eta Sader-Profersa Kanpora plataforma aurkeztu zuten. Sinadurak biltzeari ere ekin diote, bi enpresak gaur egun dauden tokitik kanpora eraman ditzatela eskatzeko. Joan den asteko isuriak hauspotu baino ez ditu egin auzokideen aldarriak: gaur arte, plataformak 2.300 sinadura inguru jaso ditu.

Lucia Ortiz Kanala auzo elkarteko kidea da, eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioan ere badago. Hark dioenez, prentsan agertutakoa eta larrialdietako zerbitzuetakoek han bertan esandakoa baino ez dakite duela astebete gertatutakoaz: «Ikusi genuen kea kontrolik gabe ateratzen zela, eta larrialdietako zerbitzuetakoek esan ziguten bi gasen arteko erreakzio bat izan zela, baina ez dakigu zeintzuk ziren gas horiek, ezta zergatik gertatu zen ere; ez dakigu istripuren batek edo zerk eragin ote zuen erreakzio hura».

Gertaera bat etorri da inguru horretako elkarteek abiarazitako azken kanpainarekin, baina bizilagunen kexak aspaldikoak dira. Auzokideek urteak daramatzate esaten kirats handia ateratzen dela bi lantegi horietatik, gauez batez ere; eraikinek xaflak falta dituztela eta askotan ikusi dutela kea zirrikituetatik ateratzen; eta isuriek zorabioak, eztarriko mina eta begietako azkura eragiten dizkietela.

«Enpresa horien jarduera beharrezkoa da, baina leku egoki batera eraman behar da, jarduera horretara egokitutako azpiegiturekin, gutxieneko kontrolarekin eta isuririk gabe».

LUCIA ORTIZKanala auzo elkarteko kidea

Sader lantegia, esaterako, 1986koa da, enpresa kutsatzaileak hirigunean egotea hain ezohikoa ez zen garai batekoa. Urtean 100.000 tona hondakin kudeatzen ditu, Euskal Herriko beste leku batzuetatik eta kanpotik ere ekarriak: urtero 8.000 kamioi inguruk eramaten dituzte hondakin horiek enpresara, horrek dakartzan kutsadura eta arazoekin.

Azken 40 urteetan ugariak izan dira protestak eta enpresa beste leku batera eramateko eskaerak. 2010 inguruan Cadagua Beheko Usainen Mahaia izeneko batzordea eratu zen, eta ikerketa bat egin zuen inguruan hedatzen ziren kiratsen jatorria atzemateko. «Gure ustez, usainak baino ez aipatzea arreta desbideratzea da, arazo larriena kutsatzaileen emisioa baita», azaldu du Ortizek. Edonola ere, azterketaren emaitzetako bat izan zen Sader usain txarren erantzuleetako bat zela. Enpresa itxi edo lekualdatzeko egitasmoari epea jarri zioten: 2018. Sei urte igaro dira, eta enpresak hor jarraitzen du. Orain, 2028. urtea aipatzen dute Sader ixteko epemugatzat, Bilboko Hirigintza Planean sartu beharreko aldaketak direla eta.

2022an, Sader Ortuellara (Bizkaia) eramateko aukera izan zuten hizpide, baina horrek Meatzaldeko herri horretako bizilagunen haserrea piztu zuen, eta mobilizazioak egin zituzten egitasmoaren kontra. Gaur egun, badirudi proiektu hori geldituta dagoela. Aste honetan bertan beste irtenbide posible bat plazaratu da: El Correo egunkariak argitaratu duenez, Agaleusek eskabide bat egin du hondakinen tratamendurako planta bat irekitzeko Bilboko portuan (Santurtzi-Zierbena). Horrek ekarriko luke Zorrotzako azpiegitura itxi eta haren jarduna hara eramatea.

Neurgailurik ez

Sader eta Profersa enpresen inguruko polemikak beste arazo bat azaleratu du: alderdi horretan airearen kalitatea kontrolatzeko sistemaren gabeziak. «Usainen Mahaia eratu zenean, airearen kalitatea neurtzeko hiru gune zeuden Zorrotzan, eta beste sei inguruko herri eta auzoetan», azaldu du Ortizek. «Egun, Zorrotzan ez dago airearen kalitatea neurtzeko gunerik, eta besteetatik, gehienak desagertu dira. Gainera, 2023an Eusko Jaurlaritzaren neurgailu mugikor bat suntsitu zuten ezezagun batzuek. Ez dugu ulertzen nork izan dezakeen interesa horrelako tresna bat suntsitzeko, baina emaitza da ez dakigula zer dagoen airean, neurgailurik ez dugulako». Joan den otsailaren 29an, Bilboko Udalak aho batez onartu zuen proposamen bat, Eusko Jaurlaritzari eskatzeko airearen kalitatea neurtzeko bi gune ezar ditzala Zorrotzan. Suntsitutako neurgailua bi hilabeteko epean ordezkatzeko ere eskatu zuen osoko bilkurak.

«Enpresa horien jarduera beharrezkoa da, baina leku egoki batera eraman behar da, jarduera horretara egokitutako azpiegiturekin, gutxieneko kontrolarekin eta isuririk gabe», azaldu du Ortizek. «Gaur egun, XXI. mendean, ez da zentzuzkoa horrelako instalazioak hirigunean egotea».

Udalerri handietan emisio gutxiko eremuak ezartzeko beharrak areagotu du Sader-Profersa beste norabait eramateko premia, Ortizen esanetan: «Bilbo legez behartuta dago emisio gutxiko eremu bat ezartzera, eta Barakaldo ere bai. Nola liteke hirigunean bertan horrelako enpresak egotea, airearen kalitatea pobretu dezaketen emisioak isurtzeko modukoak, ehunka kamioi erakartzen dituztenak, eta etxebizitzen, eskolen eta Basurtuko eta Gurutzetako ospitaleen ondoan daudenak? Horrek ez du ez hanka eta ez buru».

Zorrotzan daude bi enpresak, eta gaurko mobilizazioa ere auzo horretan antolatu dute, baina, Ortizek nabarmendu duenez, arazoaren eragina zabalagoa da: «Zenbait ikerketatan nabarmendu dute itsasadarrak tximinia baten funtzioa egiten duela, eta, haizearen norabidearen arabera, kea Bilboko gainerako auzoetara, Barakaldora eta Erandiora iristen da. Aireak ez du aterik. Horregatik, erakundeek benetako soluziobideak topatu behar dituzte, egoera luzatu beharrean. Auzokideak beldurtuta daude, eta logikoa da. Ez dugu beste istripurik nahi».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.