Irlandako Sinn Fein alderdiko lehendakari Gerry Adamsek, haren alderdikide Martin McGuinness, Alex Maskey eta Bairbre de Brun-ekin batera izenpetutako komunikatu baten bitartez, Arnaldo Otegi Batasuneko eleduna askatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Sinn Feineko buruzagien ustez, Otegi preso edukitzeak zaildu besterik ez du egiten Euskal Herrian bake prozesua eraikitzeko bidea.
«Gu denok hainbat aldiz bildu gara Arnaldo Otegirekin, eta Euskal Herrira ere joan gara. Ziur gaude Arnaldo guztiz konprometituta dagoela eskualde horretako gatazka demokratikoki eta bide baketsutik konpontzeko helburuarekin», diote Sinn Feineko buruzagiek agirian.
«Arnaldo Otegi pertsonalki eta politikoki engaiatu da bake prozesu baten garapenean, Euskal Herriko beste ordezkari politiko eta gizarteko sektoreetako ordezkari nagusi asko bezala. Otegi kartzelan edukitzea oztopo bat da helburu horretarako. Oinarrizko giza eskubideen aurkakoa ere bada», salatu dute Adamsek eta Sinn Feineko beste ordezkariek.
Hala, Espainiako Gobernuari Otegi askatzeko eta Batasuna eta Sortu legeztatzeko eskatu diote, neurri horiekin Europako gatazka zaharrenetakoari amaiera emateko borondatea eta konpromisoa erakutsiko lituzkeelako.
Arnaldo Otegi askatzeko eskatu dio Sinn Feinek Espainiako Gobernuari
Gerry Adamsek esan du Batasuneko kidea preso edukitzeak zaildu egiten duela bake prozesua eraikitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu