POLITIKA

Arnaldo Otegi askatzeko eskatu dio Gerry Adamsek Espainiako Gobernuari

Ezker abertzaleko kidea espetxean izatea "antidemokratikoa" eta "gatazkak konpontzeko oinarrizko printzipioen kontrakoa" dela adierazi du Sinn Feineko presidenteak gutun batean.

2010eko uztailaren 16a
13:14
Entzun
Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea askatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, "hura preso egotea antidemokratikoa ez ezik, gatazkak konpontzeko oinarrizko printzipioen kontrakoa" delako. Sinn Feinen webgunean argitaratutako idatzi batean egin ditu adierazpenok.

Adamsek dio Otegi pertsonalki ezagutzen duela eta "ziur" dagoela honen "helburu nagusia irtenbide demokratikoa eta baketsua lortzea" dela "Euskal Herriaren, Espainiaren eta Frantziaren arteko gatazkan". Ezker abertzaleko kidea espetxean izateak "Euskal Herrian bakea eraikitzea zailago" egiten duela gaineratu du.

Sinn Feineko buruzagiak azaldu du "Batasunak erakutsi" duela "euskal gatazkako blokeo politikoa hausteko" lanean ari dela eta, halaber, "konpromisoa argi eta garbi adierazi" duela "prozesu demokratikoaren faboretan alde bakarreko pausoak" emanaz, "Mitchell printzipioen ildo beretik".

Idatzi berean, Euskal Herrian bake prozesua garatzeko "benetako aukera" dagoela baieztatu du Adamsek, eta Otegik "paper garrantzitsua" jokatu duela horretan guztian. Politikari irlandarrak gaineratu du "gatazkak eta bake prozesuak ber-berak ez badira ere, oinarrizko printzipio batzuk" badaudela eta derrigorra dela "buruzagi politikoen arteko elkarrizketa politikoa prozesu batean. Arnaldo Otegi askatuta eta Batasuna legeztatuta Espainiako Gobernuak bake prozesuaren aldeko borondatea erakutsiko luke Europako gatazkarik zaharrenetarikoa konpontzeko bidean".

2009ko urritik preso

2009ko urritik dago preso Otegi, eta gaur egun Logroñoko espetxean (Espainia). Espainiako Poliziak urriaren 13an atxilotu zuen Donostian, LABen egoitzan, Batasunaren Mahai Nazionala berrosatu nahi zuelakoan. Rufi Etxeberria, Rafa Diez Usabiaga, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Miren Zalabeta, Mañel Serra eta Ainara Oiz ezker abertzaleko kideak atxilotu zituzten orduan, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Epaileak Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaleta kartzelara bidali zituen. Etxeberria eta Oiz baldintzarik gabe libre geratu ziren, eta Morenori, Esnali eta Serrari hamarna mila euroko bermea jarri zien. Haiek atzeman eta lau egunera manifestazio handia izan zen Donostian, ELAk, LABek, ESK-k, EILASek, EHNEk eta Hiruk antolatuta. Diez duela aste batzuk libre geratu zen baldintzapean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.