Indartsu hasi da Arabako zaindariaren omenezko eguna. Atzo gaueko erretreta eta danborradaren ostean, Araba zortzikoarekin hasi da probintziako egun handietako bat. Dozenaka lagun bildu dira Probintzia plazan, goizean goizeko ekitaldian, Armentiako zelaietara mugitu aurretik. Hain zuzen ere, San Prudentzioren estatuaren begiradapean dira eguneko ekitaldi nagusiak.
Armentiako basilikak apezpikuaren meza hartu du, kargua utzi aurretik Miguel Asurmendi Gasteizko gotzainak eman duen azkena. Hortik aurrera, jai giroa nagusitu da zelaietan. Erromeriarekin batera, herri kirolen erakustaldia eta zenbait musika eta dantza ekitaldi izan dira, egun osoan.
Ospakizunen gune nagusia Armentia bada ere, hirian bertan ekitaldiak egon dira.