Armen itzultzea, eman beharreko pausoa

Armagabetze prozesu baten printzipio orokorrak aurkeztu dituzte nazioarteko adituek. Azaldu dute erronka handia dela, baina urrats bat baino ez dela. Berrehunen bat lagun elkartu dira Miarritzeko foroan.

Miarritzeko jardunaldietan atzo bildutako jendea. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Miarritze
2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Gatazkaren konponbidean urratsak egiteko ezinbesteko etapa da armagabetzea, nazioarteko adituek atzo goizean Miarritzeko jardunaldietan adierazi zutenez. «Gaur egun Frantzian hartzen diren erabaki juridiko guzietan armen kontua dator. Armagabetzea gauzatzen ez den bitartean ez da konfiantzarik egonen», erran zuen Serge Portelli Versaillesko (Frantzia) Dei Gorteko epaileak bere hitzaldian.

Armagabetze prozesu baten printzipio orokorrak aurkeztu zituen Berghof fundazioko Veronique Dudouetek. Hiru azpimarratu zituen: gardentasuna, segurtasuna eta osagarritasuna. «Oreka bat atzeman behar da konfidentzialtasuna eta informatzeko beharraren artean». Horretarako, eragile bakoitzak rol zehatza izan behar duela eta guzien arteko koordinazioa bermatu behar dela azaldu zuen. Prozesuak, eragile denen segurtasuna zaintzeazgain, gainerako urratsak egin ahal izatea desblokeatuko duela bermatu behar dela azaldu zuen Dudouetek; bestela, aukera «historiko» bat galduko litzateke. «Armagabetzea ez da porrot bat, soilik baliabide baketsuetara pasatzeko etapa bat baizik».

Conciliation Resources fundazioko Kristian Herbolzheimerren arabera, armagabetzea funtsezkoa da gatazkaren konponbide prozesu batean. «Balio sinboliko eta politiko handia dauka». Baina galdera anitz sortzen dituela ere azaldu zuen: «Zer egin armekin? Berriz erabili? Suntsitu? Publikoki ala diskretuki?». Erakunde armatuko kideen egoerak ere zalantzak eta dilema moralak sortzen dituela esplikatu zuen. «Salvadorren, Irlandan edo Indonesian oso desberdin kudeatu dute. Printzipio orokorrak baldin badira ere, orokorrean, herrialde bakoitzak nahi duena egiten du». Herbolzheimerren iritziz, armagabetzea erronka bat den arren, urrats bat besterik ez da. «Hitzaren armagabetze bat behar da, zinezko eraldaketa etiko bat».

Ildo beretik jo zuen Portellik: «Izpirituak armagabetu behar dira, kontrarioa etsai gisa ikusteari utzi behar zaio». Gauzak pixkanaka aldatzen ari diren esperantza agertu zuen: «Frantzian, kontaktuak daude maila gorenean. Euren izena bakearekin lotzeko aukera daukate».

Txetx Etxeberri Miarritzen

Jean Noel Etxeberri Txetx gizarte ekintzaileak iragarri zuen herenegun Le Monde-n ETA apirilaren 8an armagabetuko dela. Atzo Miarritzeko saioan zen hura ere, eta jende asko joan zitzaion diosala egitera. Hedabideak gainean zeuzkan. Halako batean, jardunaldiko lehen mahai ingurua ari zela, une batez aretotik atera zen Etxeberri, eta kazetari eta telebista kamera askok inguratu zuten, haren harridurarako. «Komunera joateko atera naiz, ez prentsaurrekoa emateko», erran zuen, eta azaldu jardunaldian ekintzaileen aldetik Mixel Berhokoirigoinek eta Michel Tubianak esango zituztela esan beharrekoak. Hirurek gurutzatu zituzten ETAko zuzendaritza batzordearekin gutunak Luhusoko ekinaldiaren aitzinetik. ETAk jakinarazi zien gizarte zibilaren esku utzi zuela armagabetzearen «ardura politikoa eta teknikoa».

Berrehunen bat lagun izan ziren atzo Miarritzeko saioan; eragile sozialak, hautetsiak, bestelako politikariak eta herritarrak. Haien artean ziren, aipatutakoez gain, Arnaldo Otegi eta Maddalen Iriarte (EH Bildu), Joseba Aurrekoetxea eta Jean Telletxea (EAJ), Rufi Etxeberria eta Anita Lopepe (Sortu), Max Brisson (LR),Sylviane Alaux (PS), Alice Leizagezahar (EELV), Michel Veunac (Miarritzeko auzapeza), Michel Larralde (CFDT), eta Juan Mari Olano eta Elena Beloki (euskal preso ohiak).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.