Armen entregak, adosturik eta berme guziekin

Etxeberrik kontatu du bi zuloren kontrako polizia operazioa egiteari uko egin ziola Parisek. 2018ko otsailean eta apirilean bi aldiz entregatu zituen armak, Frantziako autoritateekin adostuta.

ETA-REN ARMAGABETZEA - BAKEAREN ARTISAUAK
Jendarmeak, 2017ko armagabetzean, ETAren armategi bat jasotzen.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko martxoaren 17a
05:00
Entzun

Armak eta lehergaiak eduki eta garraiatzea leporatzen diete Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molleri. Baina Luhuson delitu izan zena beti ez da hala izan. Egunkari honi Etxeberrik adierazi zion apirilaren 8ko armagabetze egunaz harago beste bi aldiz entregatu zituela ETAren armak eta lehergaiak; bi aldietan Frantziako autoritateekin adostu zituzten baldintza teknikoak, Frantziako Gobernuak baimendutako komunikazio kanal baten bitartez: 2018ko otsailaren 9an eta apirilaren 25ean izan ziren entregak. Horrez gain, Etxeberrik baieztatu du apirilaren 8ko egun aitzin ETAren bi arma gordelekuren kontrako polizia operazioa egiteari uko egin ziola Parisek. 

Jakina da bakegileek Frantziako administrazio, justizia eta polizia autoritateekin zuzeneko elkarrizketak izan zituztela apirilaren 8ko armagabetze eguna antolatzeko. Trabarik ez jartzea erabaki zuen Frantziako Gobernuak, eta, besteak beste, atxiloketarik ez gertatzea bermatu zuen. Baina beste elementu bat gehitu du Etxeberrik: «Gaur egun, badakigu apirilaren 8aren aitzineko astean, Espainiako Poliziak Frantziako Poliziari bi arma gordeleku seinalatu zizkiola; zenbait iturriren arabera, aurreko asteburua edo aurreko astelehena aipatzen dituzte. Gordeleku bat naturan zen; bestea, etxebizitza batean. Frantziako Poliziari operazio bat muntatzeko galdetu zioten, eta honek oniritzia eskatu zion Frantziako Gobernuari; gobernuak, baina, ezezkoa eman zuen».

Frantziarekin izandako elkarrizketetan, beste bi gai ere aipatu zituzten. Lehena, Oier Gomez euskal presoaren kasua. Larriki eri zen, baina fiskaltza antiterrorista behin eta berriz agertzen zen bere askatzearen kontra. «Beste eskaera bat aztertu behar zuten armagabetzearen ondotik, eta erran genien onartezina zela fiskaltzak jarrera bera atxikitzea». Apirilaren 27an Gomez aske uztea erabaki zuen epaileak, osasun egoeragatik bere zigorra eten ondotik; fiskaltzak ez zuen helegiterik jarri.

Bigarren gaia armen entregari lotua zen: apirilaren 8rako ETAk ez zuen armategia bere osotasunean lokalizatzea lortu, eta gerora aurkitzen zituzten armak bakegileen esku uztera engaiatu zen erakundea. Balizko entrega horiek antolatzeko komunikazio kanal ofiziala 2017ko uztail bukaeran eratu zen; bakegileekin lotura egiteko ardura izanen zuen pertsona berri bat izendatu zuen Frantziak.

Gutun anonimoa auzitegian

2018ko urte hasieran kaxa bat jaso zuen Etxeberrik; «gerlako suziri handi bat edo bi» zituen barnean. Frantziak emandako kontaktuari deitu zioten, eta entregarako eguna eta ordua eman zituzten. Kontaktuak eskatu zien gutun anonimo bat idatzi eta Baionako auzitegian uzteko, prozedura ofizial bat abia zedin. Otsailaren 9an, Baiona hegoaldean dagoen Teknopoloko aparkaleku handian gelditu ziren. Betoizko karratu handi batzuk zeuden aparkalekuan, eta horietako baten ondoan utzi zuten kaxa; bertan gelditu ziren zain. Adostutako orduan agertu ziren polizia eta lehergailuak indargabetzeko unitateak. «Gutuna ordubete lehenago utzi genuen auzitegian; beraz, biharamunean jasoko zuten. Ez zuen horrek eragin polizia etorri izana». 

«Zigortzen bagaituzte, terrorismoagatik zigortuko gaituzte. Irakurketa politiko bat izanen da: Frantziako Justiziaren eta Estatuaren begietara ez gara 'bakegileak' izanen, terroristak baizik. Hor dago auzi honen erronka politikoa. Eta hor dago hipokrisia».

JEAN NOEL ETXEBERRI 'TXETX' Bakegilea

Bigarren entrega apirilaren 25ean izan zen. Kaxa bat baino gehiago zeuden: armak, lehergailuak egiteko materiala, autoak lapurtzeko materiala eta bestelakoak zeuden. Furgoi batean garraiatu zituzten, eta otsaileko leku berean utzi zituzten. Entrega horretarako, Frantziako Polizia Judizialeko agente batek emandako telefono garbi bat zeukaten; operazioa koordinatuko zuen agentearen zenbakia zekarren. «Entrega baino ordubete lehenago deitu genuen; ordubetera, dena prest zuten. Erakusten du lehentasunezko gai bat zela haientzat». Bi entrega horientzat ez dute inoiz inor galdekatu, ezta auzipetu ere.

Hori guziagatik, haien kontrako auziaren «hipokrisia» azpimarratu du Etxeberrik. «Zigortzen bagaituzte, terrorismoagatik zigortuko gaituzte. Irakurketa politiko bat izanen da: Frantziako Justiziaren eta Estatuaren begietara ez gara bakegileak izanen, terroristak baizik. Hor dago auzi honen erronka politikoa. Eta hor dago hipokrisia: Luhusokoaren ondotik, beste hiru aldiz garraiatu ditugu armak, erabateko kooperazioarekin». 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.