Gogo anitzen baitan iltzatua da apirilaren 8ko eguna; 2017an ETA erakundea armagabetu zuten eguna gogoan dute anitzek. Bost urte pasatu dira egun hura joan zenetik. Bezpera ere mamitsua izan zen: ETAk agiri baten bidez iragarri zuen erakunde armagabea zela, eta kontrolpean zituen armak eta lehergaiak gizarte zibilaren esku zeudela jadanik.
Iritsi zen eguna armak itzultzekoa. ETAren zigiludun txosten batean bilduak ziren gordelekuen kokalekuak. Nazioarteko ordezkari garrantzitsuak Baionako Herriko Etxean bildu ziren: Michel Tubiana bakegilea, Harold Good eta Matteo Zuppi apaiz eta nazioarteko autoritateak, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Ram Manikkalingam NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordea izan zeneko burua. Ondotik, txostena Baionako orduko prokuradoreari, Samuel Vuelta Simoni helarazi zioten, eta kokalekuetan «gizarte zibila» bildu zen, armen itzuleraren lekuko. Orotara, 172 lagun bildu ziren Ipar Euskal Herrian eta Okzitanian zeuden kokalekuetara.
Horietako bat zen Panpi Sainte-Marie, ELBko kide eta laboraria. Egun hartaz oroitzeko ariketa egin du, eta BERRIAk jaso ditu haren orduko oroitzapenak. «Egun eder» baten gisan oroitzen du. Ipar Euskal Herriko oihan batean zen, goizetik. Taldetxo bat bildu zen, eta mapa bat eskuratu zuten, gordelekua zuzen non zegoen atzemateko. «Atzeman genuenean, xingolatu genuen, eta goaitatu genuen [Frantziako] Polizia jitea. Bi orenez edo».
Gogoan ditu bereziki buruan itzulika ari zitzaizkion pentsaketak, «kontraerranak, segurtasun falta, ardura». Sainte-Marie: «Gure anai-arreben borrokaren ondotik, berezia zen guk uztea armak Poliziaren eskuetan. Zilegi ote ginen galdetzen nion ene buruari, eta, aldi berean, borroka armatua zilegi izan zela uste nuen; baina tresna bat da, testuinguruen arabera aldatzen doana».
Hala, uste du Euskal Herriko historiaren orri bat «itzuli» zutela egun hartan. «Baina historia horrek oraino orriak baditu idazteko». Eta gehitu du: «Militarki galtzeak ez du erran nahi politikoki irabazi ezin duzunik».
Jakes Bortairu EH Baiko kidea ere egon zen gordeleku batean, behaketa lanetan. Hura ere sentimenduen «nahasketa handiaz» oroit da: «Goizean larritasuna eta urduritasuna sentitu nituen, Poliziaren beha ginelarik». Eta Frantziako Polizia iritsi zenean, «harremana bitxia» iruditu zitzaion: «Urteetan harro, bortitz eta erasokor ikusi ditugu, baina egun hartan bestelako indar harreman bat eraiki genuen. Errespetu tratu bat inposatu genien». Gogoan du zuloa hustu arte egon zirela han, beha, eta Frantziako Poliziari xehetasun guziak eskatu zizkiotela, «hartu zuten guztia zerrendatzeko». Eta lan hori egin bitartean, «urteetako borroken eta jasandako errepresioaren oroitzapenak» zituen gogoan. «Nahaste-borraste handia».
Armak itzuli ondoan, milaka bakegile bildu ziren Baionan. Egin zuten ekitaldian parte hartu zuen jende ospetsuak ere, «bake justu eta iraunkorra» eraikitzeko asmoz. Estitxu Eizagirreren, Suzanne Jorgeren, Louis Joineten eta Fernando Armendarizen ahotik, ozen entzun zen eragile eta banako ugariren ahots bateratua, 2017ko apirilaren 8ko Baionako adierazpena: «Izan gaitezen bakegile, denak batera».
2017ko apirilaren 8ko egunak arrastoa utzi zuen historian; hala izan zedin, ezinbestekoa izan zen prestaketa lana. Luhusoko polizia operazioa izan zen prestaketa lan hori argitara eraman zuena. Izan ere, hiru hilabete eta erdi lehenago, 2016ko abenduaren 16an, bost herritar atxilotu zituzten Luhusoko (Lapurdi) etxalde batean, ETAren armak suntsitzen ari zirela: Jean Noel Etxeberri Txetx, Mixel Berhokoirigoin, Beatrice Molle-Haran, Stephane Etxegarai Etxe eta Mixel Berguignan. Luhuson atxilotu zituzten bost bakegileetarik bi hilda daude: Bergouignan eta Berhokoirigoin. Michel Tubiana ere zendu zen —han egon behar zuen, baina ez zen iritsi—. Gaur-gaurkoz, Frantziako justiziak ez du ofizialki itxi Bakegileen kontrako auzia.
Parisen blokeoa
Bost urte joan dira. Bakegileek, alta, Parisen «blokeoa» jarri dute jomugan. Are, urtarriletik desobedientzia zibilean oinarritutako fase berri baten hastapena iragarri zuten. Hiru ekintza egin dituzte. Otsailean, Baionako suprefeturara kateatu ziren, eta apiril hasieran bi ekintza egin zituzten: Miarritzeko Frantziako zergen egoitza okupatu zuten, eta A63 autobidea blokeatu.
Sainte-Marie egungo egoeraz mintzatu da: «Parisen blokeoak ez nau harritzen: Frantziako Estatua horrelakoa da, estatu inperialista eta kolonialista da. Indar harremana behar dugu; gizartearen engaiamendua beharrezkoa da».