Armagintzako enpresetarako «gardentasun» kode bat sortzea proposatu dute

Eusko Jaurlaritzak eskatuta, txosten juridikoa egin du aditu talde batek. Horren ondorio nagusia da EAEko erakundeek ez dutela eskumenik armen esportazioa arautzeko

Txostena aurkezteko ekitaldia, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Aditu talde batek proposatu du «oinarrizko jokabide eta gardentasun kode bat» sortzea, armen esportazioan aritzen diren enpresei zuzendua. Borondatezkoa litzateke kode hori, soilki harekin bat egitea erabakitzen duten enpresei aplikatzekoa. Halaber, giza eskubideen eta giza zuzenbidearen behatoki bat eta jokabide batzorde bat ere sortzea iradoki dute.

Horiek dira Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak egindako txostenaren proposamen nagusiak. Armen merkataritza eta esportazioa Euskadin. EAEko erakundeen eginkizuna gardentasuna hobetzeko, esportazioak kontrolatzeko eta aplikatu behar den esparru juridikoa betetzeko da ikerketaren izenburua, eta Eusko Jaurlaritzaren eskariz egin dute.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak armen salerosketaren inguruko ikerketa egiteko agindu zion Globernance institutuari, armen merkataritza eta esportazioa zedarritzen duen esparru juridikoa hobeto ezagutzeko batez ere. Zuzenbidean aditu Juanjo Alvarezek, Jose Luis Iriartek, Cayetana Santaolallak eta Unai Belintxonek egin dute ikerketa, eta horren ondorio nagusia da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakunde publikoek ezer gutxi egin dezaketela esparru horren gaineko kontrola areagotzeko, eskumenik ez dutelako.

Adituek esparru juridikoa osatzen duten lau bloke nagusiak aztertu dituzte: EAEko autonomia estatutua, Espainiako Konstituzioa eta handik eratortzen den legeria, Europako Batasuneko araudia eta nazioarteko arauak. Txostenean ondorioztatzen da euskal erakundeek ez dutela eskumenik kanpo merkataritzan eta arma industriaren sektorean.

Bestalde, armen esportazioa batez ere itsasotik egiten da, baina itsas merkataritzan ere euskal instituzioek ez dute eskumenik, eta, gainera, Espainiak beretzat gorde du interes orokorreko portuen eskuduntza —horrela izendatuta daude Bilboko eta Pasaiako portuak—.

«Armen salerosketari eta garraioari dagokienez, Eusko Jaurlaritzak ez du eskumenik gardentasun handiagoko erregimen bat ezartzeko; jarduteko tarterik ez dago», esan du Juan Jose Alvarez abokatu eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko katedradunak.

Gardentasun falta

Cayetana Santaolallak azaldu duenez, arazo handiak topatu dituzte armagintza sektoreari buruzko esportazioen arrastoari jarraitzeko. Hark esandakoaren arabera, esportatzen den artikulu bakoitzak zerga kode bat izaten du, hark zer izaera duen zehazteko, baina armagintza sektorean erabiltzen diren kodeen anbiguotasunak eta Espainiako Zerga Agentziak darabilen «opakutasunak» galarazi die horren inguruko informazio zehatza eskuratzea.

Jose Luis Iriarte NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedradunak azaldu du Espainian ministerioen arteko batzorde bat arduratzen dela armen salerosketen inguruko auziaz, Defentsa Materialaren eta Erabilera Bikoitzeko Teknologiaren Merkataritza eta Kontrolerako Ministerioen Arteko Batzordea izenekoa. «Sekretu Ofizialen Legeak babesten du haren jarduera, eta, normalean, haren jokabidea gardentasun gutxikoa eta ilun samarra da», azaldu du.

Nazioarteko araudiari dagokionez, Iriartek esan du Europako Batasunak eta Nazio Batuen Erakundeak ezartzen dituzten irizpideak kasu askotan «zehaztasun gutxikoak» izaten direla, eta, adibidez, Armen Salerosketarako Itunean «sinatu duten estatuen borondatearen araberakoa» dela haren eraginkortasuna.

Gaia arautzearen bidea itxita, beste bide bat proposatu dute txostena egin duten adituek: enpresek beren burua erregulatzea. Oinarrizko Jokabide eta Gardentasun Kode bat diseinatzea proposatu dute, eta beren borondatez harekin bat egiten duten enpresei aplikatzea. Adituek azaldu dutenez, gaur egun enpresa gutxik dauzkate giza eskubideen babesa bermatzeko kode publikoak.

Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak esan du oraindik sakon aztertu behar dutela txostena, baina iragarri du Enpresen eta Giza Eskubideen Plan bat egiteko asmoa dutela, eta litekeena dela txostenean egiten diren proposamenetako batzuk plan horretan txertatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.