jon olano

Armagintza baztertu eta lan arloz aldatzeko eskatu dute

2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Hainbat herritarrek protesta egin dute Bilbon, Getxon eta Barakaldon zehar, industria eta gastu militarraren aurka. Bizikletaz egin dute ibilbidea, eta armagintzan diharduten Precicast eta Sener lantegietako atarietara egin dute bisita. Haien jarduna salatu dute, lan esparruz aldatzeko eskatu diete, eta Eusko Jaurlaritzak enpresa horiei emandako diru laguntzak ere kritikatu dituzte.

Kakitzat, KEM, Eguzki, Ekologistak Martxan, Komite Internazionalistak eta Askapena elkarteek deituta egin zuten bizikleta martxa, atzo. Protestarekin bat egin zutenak hiru orduz ibili ziren bizikletan, euripean; Bilbotik Barakaldora eta handik Getxora joan ziren. 11:00etan abiatu ziren, Bizkaiko Foru Aldundiko egoitzatik, eta 14:30ean amaitu zuten martxa, Getxon. Precicast armak egiteko lantegia dago Barakaldon, eta Sener Getxon. Atarietan etena egin, eta bi enpresen jardunari errepasoa egin zioten.

ITP enpresa taldeko kide da Precicast; Airbus A400M garraio militarrerako hegazkinaren osagaiak eta borrokarako hegazkinak egiten ditu ITPk. Senerrek, berriz, lankidetza hitzarmenak ditu Israelgo Rafael arma enpresarekin, eta Israelgo hegazkin militarretarako osagaiak egin ditu Senerrek. Getxoko enpresaren teknologia baliatuta Israelek Palestinako herritarrak bonbardatzen dituela salatu zuten protestan.

Enpresen jarduera arbuiatzeaz aparte, lantegiak «berregituratu» eta beste lan esparru batean aritu daitezela eskatu zuten martxan. Orbea enpresa jarri zuten horren adibide gisa: gaur egun, bizikletak egiten dituzte; iraganean, ordea, pistolak eta beste hainbat arma mota egiten zituzten Orbean, martxaren antolatzaileek gogora ekarri zutenez.

Laguntza politikari kritika

Eusko Jaurlaritzari ere mintzatu zitzaizkion. Esan zutenez, urtean dirutza ematen die enpresa horiei Jaurlaritzak, ikerkuntzan aritu eta punta-puntako teknologia garatzeko. Armagintzarentzat diru laguntzak eman eta beste esparru batzuetarako berriz dirurik ez dagoela argudiatzea leporatu zioten Jaurlaritzari. Berebat, industria horretako hainbat datu eman zituzten; ehun bat enpresak dihardute Euskal Herrian armagintzan, eta 3.000 pertsona inguru dabiltza lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.