Maiatzaren 3an ETAk bere ibilbidea bukatutzat eman zuenetik lehen epaiketa handia abiatu zuten atzo, Parisen. Epaitegiaren aitzinean, bost euskal herritar: Xabier Goienetxea eta Iñaki Reta ETAko kide ohiak, eta haiek aterpetzea leporatzen dieten Teresa Lekunberri, Jeff Mateo eta Graxi Etxebehere. Frantziako Poliziak 2015eko uztailean atxilotu zituen bostak, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), ETAren «aparatu logistiko-militarraren» aurkako operazio batean.
Ez da ohiko epaiketa bat izanen: auzitegi korrekzionalean epaituko baitituzte, eta, beraz, gehienez ere hamar urteko presondegi zigorren arriskua lukete. Gaizkile taldeko kide izatea eta armak eta dokumentazio faltsua edukitzea leporatzen diete Retari eta Goienetxeari. ETAko kideak aterpetzea beste hirurei.
ETAk jarduera armatua utzi eta lau urtera izan ziren Ortzaizeko atxiloketak, eta bi kideen ardura armagabetzeari begira armategia zigilatzea zela adierazi izan dute, geroztik, behin baino gehiagotan. Ideia hori berretsi dute auzipetuek auzitegian egindako adierazpenetan. Arriskuen jakitun eta egiten zutena euren gain hartuta egin zutela adierazi du Jeff Mateok epailearen aitzinean. Aitzinetik ere beharrean zen jendeari ateak ireki zizkietela adierazi du Mateok, eta ETAk jarduera armatua utzi eta lau urtera bake prozesua laguntzeko aukera gisa ikusi zutela. Bi urte geroago armagabetu zen ETA, hamarnaka herritarren parte hartzearen ondorioz. Gertakariek arrazoia eman dietela aldarrikatu zuen atzo Mateok Parisen. Hartutako erabakia haurrei azaldu ziela kontatu zuen Lekunberrik epaitegian, eta haurrek ulertu zutela. Bazekien Reta eta Goienetxea ihes eginda zeudela, baina esplikatu du konfiantza egin ziela, bazekielako gatazkaren konponbidearen alde ari zirela lanean.
Bide beretik jo du Etxebeherek ere, eta Frantziako Gobernuari leporatu dio gatazkaren konponbidean engaiatzeko borondate falta izatea. Presoen hurbilketa eta larriki eri direnen egoera aipatuta, justizia trantsizionaleko neurrien beharra aldarrikatu du.
Sostengua Euskal Herritik
30 bat pertsona elkartu dira Parisko auzitegi korrekzionalean bost euskal herritarrei atxikimendua erakusteko asmoarekin. Horien artean zen Xabi Larralde EH Baiko kidea, eta berak ere babesa erakutsi die auzipetutakoei. Azpimarratu du atxilotutako momentuan Xabier Goienetxea eta Iñaki Reta ETAren armategia prestatzen ari zirela, armagabetze prozesua aitzina eramateko helburuarekin, eta prozesu hura euskal herritarren parte hartzeari esker eraman ahal izan zela bururaino. «Ortzaizeko gertakariak armagabetzearen lehen kapitulua izan ziren». Bost euskal herritarrak aska ditzatela eskatu du Larraldek, Euskal Herriko konponbide prozesuari «ezinbesteko ekarpena» egin dietelako.
Jokin Etxebarria euskal preso eta iheslari ohien kolektiboko kidea Parisen izan zen, eta oroitarazi zuen Frantziako Gobernuari gatazkaren konponbidean esku hartzea galdetzeko Parisen egindako Konferentzia Humanitarioaren ondotik gertatu zirela Ortzaizeko atxiloketak. Herritarrek bake prozesuan izandako parte hartzea gogora ekarri du ordutik izandako gertakariak zerrendatuta: apirilaren 8ko armagabetzea, Frantziako Justizia Ministerioarekin abiatutako elkarrizketak eta ETAren behin betiko amaiera. «Testuinguru politiko berria kontuan hartzeko eskatzen diogu Frantziako justiziari, eta, ondorioz, ildo errepresiboa behin betiko uztea».
Sanferminetatik itzulia
Oraindik anitzek gogoan dituzte 2015eko Ortzaizeko atxiloketak. Uztailaren 7 egun bukaeran iritsi ziren hamarnaka polizia Teresa Lekunberriren eta Jeff Mateoren etxera. Bertan zeuden Reta eta Goienetxea. Udako bakantzen hasiera zen, EHZ festibala bukatu berri zen, eta desmuntatzen ari ziren antolatzaileak... Berehala hamarnaka herritar elkartu ziren atxilotuei babesa erakutsi eta protesta egiteko. Pixkanaka, tentsioa handituz joan zen, eta Poliziaren autoek egindako mugimendu batean istiluak izan ziren polizien eta herritarren artean. Zazpi zauritu eragin zituen Poliziaren oldarraldiak, eta horietako lau ospitalera eraman behar izan zituzten. Tartean Irulegiko Irratiko kazetari bat zen.
Momentu horretan, Iruñeko Sanferminetan zen Graxi Etxebehere, urtero bezala, eta zuriz eta gorriz jantzita agertu zen Ortzaizera jendarmeak bere etxean zeudela abisatu zutenean. «Nik lagundu dut desarmatu nahi duen talde bat, eta ez dut batere dolurik», adierazi zuen Euskal Irratietan poliziek eraman aurretik. Astebete geroago BERRIAri emandako elkarrizketan berretsi zituen hitzak: «Oso garbi dut bake prozesua lagundu behar dugula, eta hori pasatzen dela desarmatzeko [ETA] erakundearen laguntzetik. Hitz egitekotan, pertsonak behar dira bi aldeetatik. Erakundeak eman ditu oso pauso inportanteak, borroka armaturik ez da gehiago... Beste pauso bat da desarmatzea, eta Parisko Bake Konferentzian garbiki erran dute baldintzak zein izan behar diren. Baldintza haiek estatuen esku daude, eta gure esku, prozesua eta desarmatzea laguntzea». Konferentzian parte hartu zuen Philippe Texier ohorezko magistratuak. Parisko epaiketan lekuko gisa hitza hartuko du.
Armagabetzeko ari zirela berretsi dute bost auzipetuek, Parisen
Xabier Goienetxea, Iñaki Reta, Terexa Lekunberri, Jeff Mateo eta Graxi Etxebehere epaitzen hasi dira Parisko auzitegi korrekzionalean. Egindakoa onartu dute auzipetuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu