Armagabetzea ahalbidetzea galdegin die Friendshipek Madrili eta Parisi

Armagabetzea ontzat jo du, eta EBri eskatu dio prozesua babesteko. EAEko PPk «ekitaldi alternatibo handi» bat iragarri du desarmatzea izango den asteburu berean

Friendship taldeko kideak, atzo, Europako Parlamentuan egindako agerraldian. BERRIA.
edurne begiristain
2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Basque Friendship Group bake prozesua babesteko europarlamentarien taldeak ontzat jo du ETAren armagabetze prozesuaren iragarpena, eta Espainiako eta Frantziako Gobernuei galdegin die prozesua «ahalbidetu» dezatela. Friendship taldeak prentsaurrekoa eman zuen atzo Europako Parlamentuan, ETAren armagabetze prozesuaz balorazioa egiteko. Han izan ziren Lidia Senra (Galiziako Alternativa Galega de Esquerda en Europa), Martina Anderson (Irlandako Sinn Fein), Mark Demesmaeker (Flandriako N-VA ) eta Josep-Maria Terricabras (ERC-Berdeak).

Euskal Herriko eragile garrantzitsuenek, Hego eta Ipar Euskal Herriko erakundeek eta gizarte zibilak armagabetze prozesua ontzat jo dutela eta babesa agertu diotela gogoratu zuen Andersonek. Halaber, prozesuak nazioarteko egiaztatzaileen babesa izatea ontzat jo zuen, «arma horiek erabil ez daitezen» bermatzen duelako. Andersonen iritziz, armagabetzeak agerian uzten du «indar independentisten, eta, oro har, euskal gizarte osoaren konpromisoa», eta txalogarria da egin den «lan eskerga» eta euskal gizarte zibilaren «lidergoa».

Espainiako eta Frantziako gobernuei, berriz, eskaria egin zieten Friendshipeko kideek. Aukera «profitatzea» galdegin zieten, eta ez dezatela oztoporik jar. Hala, dei berezia egin zieten Madrili eta Parisi armagabetze prozesua ahalbidetzeko. Ezinbestekotzat jo zuten, halaber, Europako Batasuneko erakundeek prozesua babestea, «ahal duten neurrian». Horretarako, bilera eskari formala aurkeztu diete Frantziak eta Espainiak EBn dituzten enbaxadore eta ordezkari iraunkorrei; bilera horietan, Friendshipek jakinaraziko die armagabetzearen inguruan duen jarrera eta prozesuarekiko duen konpromisoa.

PPren ekitaldia

EAEko PPk, bestalde, iragarri du «ekitaldi alternatibo handi bat» egingo duela Baionan, ETAren «errendizioa» izango den asteburu berean. Alderdiak ez du zehaztu ez non egingo duen, ezta apirilaren 8an edo 9an egingo duen ere. EAEko PPren idazkari nagusi Amaia Fernandezek esan du «gizarte zibilari» eman nahi diotela protagonismoa, «batik bat, biktimei», eta ez dutela baztertzen ekitaldian Espainiako Gobernuaren ordezkaritza izatea.

Azpimarratu du Baionan ez dela armagabetzea izango, baizik eta «ETAren errendizioa», eta segurtasun indarrek eta gizarte zibilak egindako lanaren ondorioa dela han gertatuko dena. Era berean, Jaurlaritzak ETAren armagabetzea babestea salatu du.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako eledunak, ordea, espero du armagabetzea «legala, behin betikoa eta ordainik gabekoa» izatea, Jaurlaritzak eskatzen duen bezala. Haren ustez, armagabetzearen aroa ez da itxiko apirilaren 8an, egun horren ostean, ETAren desegiteak etorri beharko duelako. «Armagabetzeak ateak irekiko dizkio ETAren amaierari». Gainera, Erkorekak argi du ETAk onartu egin duela desegin beharko duela, «berandu baino lehen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.