Esna harrapa gaitzala. Horixe aurtengo Gazte Danbada jaialdiaren leloa. 2013ko udaberrian egin zuen sorrera jaialdia Ernai gazte antolakundeak, Urduñan (Bizkaia) izen berarekin. Aitzina, berriz, urte bereko azaroan jaio zen, Baionan. Azken bi urteotan Burutakzio topaketak eta gazte martxa elkarlanean antolatu ondoren, aurten Laudion (Araba) elkartzera deitu dituzte gazteak. «Esna» egoteko, «adi, prest bide propioa egiteko, ekiteko». Bihartik igandera, hitzaldi, tailer, kontzertu, ekitaldi, jolas eta azoka ugarik hartuko dute Laudio. Milaka gazte espero dituzte. Horien artean izango dira Lur Albizu Etxetxipia (Artazu, Nafarroa, 1993) eta Aitor Servier Etxetxuri (Azkaine, Lapurdi, 1997), Ernaiko eta Aitzinako bozeramaileak. Donostiako EHUren campusean elkartu dira BERRIArekin.
Esna harrapa gaitzala. Zerk?
LUR ALBIZU ETXETXIPIA: Gaur egun dugun egoerari erantzuten dion lelo bat da hori. Esan nahi duguna da bizi garen sistema kapitalista eta heteropatriarkal horretan gazteok adi egon behar dugula, esna, horri aurre egiteko. Eta esna harrapatu behar gaituela euskal estatua eraikitzeko bideak ere. Eraikuntzarekin lotuta dago leloa, eta gertatzen ari den guztiari adi egon beharrarekin.
Zein helburu jarri dizkiozue Gazte Danbadari aurten?
L.A.E.: Batez ere, eraikuntza planoan nahi genuen fokuratu Gazte Danbada hau. Era integral batean erantzun behar diogu egoerari, eta era integral batean hitz egin, eztabaidatu eta sortu behar dugu euskal estatu sozialista eta feminista. Apurtzetik harago joateko balioko du aurtengoak: independentziaz hitz egiteko, eta horretan zein rol jokatuko dugun ikusteko. Hor daude berrikuntzak: elikadura burujabetzari ematen diogun garrantzia, zaintzari eta antolaketa moduari ematen dioguna, gazte sorkuntzari...
Azken urtebetean Ernaitik garrantzi berezia eman diozue alternatibak eraiki beharrari. Ari da hor zerbait mugitzen?
L.A.E.: Bai. Eta Gazte Danbada izanen da argazki bat hori erakutsiko duena. Ari gara alternatibak eraikitzen, eta egon badaude dagoeneko. Hor izango ditugu, adibidez, sortzaile gazteak, artisauen merkatua, elikadura burujabetzan dabilen jendea... Arlo guztietan, alternatiben irla txikiak ari dira osatzen Euskal Herrian, eta horri eman nahi diogu garrantzia.
Aitzina zertan da? Bide berean?
AITOR SERVIER ETXETXURI: Azkenaldi honetan, bereziki, gazte mugimendua aktibatzen saiatu gara. Ipar Euskal Herrian ikusten dugu gazte belaunaldi bat oso modu baikorrean eta sekulako ilusioarekin ari dela engaiatzen herri mugimenduan. Hor dauden gazte horiek, azkenean, gazte mugimendura ekartzen saiatzen gara, nolabait, proiektu askoren saretzearen bidez. Alegia, herri mugimenduko eragileekin lanean jardunda, gazte mugimendua ere elikatzen dugu, bertan lanean dabiltzan gazteen bidez. Gure helburua, Aitzinaren siglapean gauzak egitea baino gehiago, gazte belaunaldi hori aktibatzea da, eta horiek gazte mugimenduan eta herri mugimenduan jardutea.
Eta, noski, Ernairen antzeko planteamendua daukagu; gaur egun, bereziki, alternatiben eraikuntzara bideratuta, oso konkretuki. Lan erreforma basati bat ere badatorkigu Paristik, eta sindikatu, alderdi politiko eta gizarte eragile askorekin horri nola erantzun pentsatzen ari gara. Hainbat mobilizazio antolatuko ditugu.
Eta bi antolakundeen arteko elkarlan harremana, nola doa?
L.A.E.: Euskal Herriko bi gazte antolakunde gara, eta proiektu politikoa partekatzen dugun heinean, elkarlana aurrera doa.
A.S.E.: Guk behintzat oso argi izan genuen, nahiz eta bi antolakunderen sorrera bultzatu, eta nahiz eta argi izan koiuntura honetan hori zela behar genuena, Ernairekin une oro lankidetzan jardun nahi genuela. Bereziki, funtsezkoa dugulako bi antolakundeok nazio ikuspegiz jarduteko, eta gazte boterea artikulatzeko bidean, proiektu komunak eraikitzeko. Gainera, uste dut harremanak nahiko naturalak direla. Militantziak harreman asko partekatzen ditu, eta nahi genuke Gazte Danbada horren erakusgarri izatea.
Berrikuntzak nabarmendu dituzue: zaintza, elikadura... Zergatik eman diozue aurten garrantzia barrura begirako horri?
L.A.E.: Ikusten dugulako era integralean sortu behar dugula. Ez du zentzurik predikatzeak, gero hori praktikara ezin baduzu eraman. Horregatik ikusten dugu garrantzitsu guztiari fokuratze hori ematea. Baita sorkuntzatik eta kulturatik ere, era integralean ulertu behar dugulako gure proiektu politikoa: Euskal Herria sozialista eta feminista. Gaurdanik eraiki behar dugu hori.
Era integralean esaten duzunean, zer esan nahi duzu?
L.A.E.: Puntu txikietatik hastea, gure bizitza beste parametro batzuetan kokatzeko. Elikadura burujabetza, zaintza, sorkuntza... Feminismotik ere nola sortuko dugun Euskal Herri hori. Lanaz, adibidez, ez dugu asko eztabaidatu. Prekaritatetik atera nahi dugu? Bai. Baina zein lan mota nahi dugu? Nola kokatuko dugu hori gure bizitzan? Zein energia gastatu nahi dugu? Nola kudeatuko ditugu hondakinak? Horri guztiari zentzua eman nahi diogu, gugandik hasita.
Lan banaketa egokia izan liteke pauso bat? Nola egingo duzue?
A.S.E: Ideia da txandak zabaltzea, nahi duenak egin ditzan. Aurten, gainera, lantalde espezifiko bat egongo da zaintza lantzeko. Jende asko dabil lanean, eta batzuek lan handia daukate. Hori zaindu behar dugu: ikusi nola lan egiten dugun, eta zein pauso eman behar ditugun lan hori hain gogorra ez izateko, eta pisu guztia ez izateko pertsona gutxi batzuek.
Hamaika ekitaldi antolatu dituzue. Zer aipatuko zenukete?
L.A.E.: Etorriko dira Anna Gabriel Sabate, Cat Boyd... Esperientzietatik elikatuko gara, eta guztia izanen da eraikuntza horren bidean. Gazte Danbadak baliabide bat izan nahi du sortu nahi dugun gazte herri horri begira.
Lur Albizu Etxetxipia eta Aitor Servier Etxetxuri. Ernai eta Aitzina gazte antolakundeetako bozeramaileak
«Arloka, alternatiben irla txikiak osatzen ari dira Euskal Herrian»
Bihartik igandera egingo dute aurten Gazte Danbada jaialdia, Laudion. Sistemari aurre egiteko alternatibak plazaratu, eta elikadurari burujabetzari eta zaintzari eman nahi diote garrantzia, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu