Administrazioak herritarrekin duen harremanean euskara bermatzea, eta haien hizkuntza eskubideak bermatzea. Helburu horiekin onartu zituen atzo Eusko Jaurlaritzak sektore publikoan diharduten langileentzako hizkuntza irizpideak. Administrazioaren eremu guztietan bi hizkuntza ofizialen erabilera finkatzeko neurriak biltzen ditu dokumentuak. Hala, euskara ere erabili beharko da, besteak beste, honako eremu hauetan: errotulazioan, publizitatean, jendaurreko ekitaldietan, ingurune digitalean, herritarrekiko ahozko eta idatzizko harremanetan, administrazio barruko lan jardueretan, beste erakundeekiko komunikazioetan, eta diru laguntza eta kontratuetan. Neurri horiek txosten honetan bildu dituzte: EAEko Administrazio Orokorraren eta hari atxikitako Sektore Publikoaren Hizkuntza Irizpideak.
Jaurlaritzak ere nahi luke euskararen erabilera normalizatzea eta sustatzea administrazio orokorrean eta hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten erakunde guztietan. Euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izatea, hain justu. Horrekin guztiarekin «sektore publikoa euskararen normalizazioan eredu izatea eta jarraibide izatea» lortu gura du gobernuak. Hori errealitate bihurtzeko, «dagokien erakunde guztiek onartu beharko dituzte erabilera planak, eta jarduerak euskaraz egitea erabaki ahal izango dute, betiere errealitate soziolinguistikoak horretarako aukera ematen badu».
Hau da, administrazioak kanpora zein barrura egiten dituen komunikazio denetan euskara bermatzeko irizpideak lirateke. Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburuak esan zuenez, «botere publikoei dagokie bermatzea eskubide horiek errespetatzen direla ».
Irizpide horiek argitaratu aurretik, duela bi aste argitaratu zuen Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2020ko txostena. Hizkuntza eskubideak urratu izanaren kexak %66 ugaritu ziren iaz, eta horien erdiak arlo publikoari zuzendutakoak ziren.
Arlo publikoan euskara erabiltzeko irizpideak ezarri ditu Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu