Arkautiko oposizioa euskaraz egin nahi zuen suhiltzaile batek Jaurlaritzaren aldetik jasan duen «euskarafobia» salatu dute

2022an, Arkautiko Akademiako azterketa euskaraz egitea eskatu zuen suhiltzaile bati eskubide hori ukatu zioten. ELAk helegitea jarri du, eta salatu dute Eusko Jaurlaritzak argudiatu zuela gaztelerari lehentasuna eman behar zitzaiola.

Euskarafobiaren kontrako mobilizazio bat, Bilbon, 2023an. ENDIKA PORTILLO/FOKU
Euskarafobiaren kontrako mobilizazio bat, Bilbon, 2023an. ENDIKA PORTILLO/FOKU
Iñaki Etxeleku.
2024ko urriaren 25a
13:00
Entzun

Oposizioko proba euskaraz egitea eskatzeagatik jasan duen diskriminazioa salatu du suhiltzaile batek, eta helegitea ezarri du, ELA sindikatuak lagunduta. 2022ko urriaren 25ean, Arkautin (Araba) antolatutako probetan Eusko Jaurlaritzak ahozko gaitasunen proba gaztelaniaz egitera behartu zituen hautagai guztiak. Euskara ama hizkuntza daukan hautagai batek helegitea jarri zuen diskriminazio horrengatik, eta sindikatuak salatu du Jaurlaritzak «diskurtso euskarafoboz erantzun» diola.

Gasteizko auzitegi batek arrazoi eman zien hautagaiari eta ELAri, baina «ez zuen espresuki ezer ebatzi hautaketa proba euskaraz egiteko aukerari buruz». Auzia ez horretan uzteko, ELAk helegitea jarri zuen «azterketa euskaraz egiteko debekuari buruzko erabaki espresua eskatzeko». Sindikatuaren arabera, «argudio euskarafoboz beteriko idatzi» baten bidez erantzun zion helegite horri Jaurlaritzak.

ELAk jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako abokatuak testu horretan azaldu du «hautagaiek ez dutela eskubiderik azterketak beren hautazko hizkuntzan egiteko, eta gaztelaniaz soilik egitea hobesten du». Urrunago joan da abokatua, esanez «azterketa berdintasun baldintzetan egitea bermatzeko funtsezkoa» dela hizkuntza berean egitea. Eta hizkuntza bakar horrek gaztelera izan behar duela. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak gehitu du «suhiltzaileen arteko lan hizkuntzak gaztelania izan behar duela derrigorrez».

ELAko Euskara arduradun Pello Igeregik salatu egin du Eusko Jaurlaritzaren jarrera: «Hanka sartzea onartu, barkamena eskatu eta berriro gertatuko ez dela bermatu beharrean, bere hizkuntza eskakizunak zapalduta dauzkan hautagaiari iseka egin dio argudio euskarafoboz». Eta euskarafobiaren hedadurari buruzko kezka azaldu du: «Oldarraldi euskarafoboa noraino hedatu den erakusten du Eusko Jaurlaritzak berak diskurtso supremazista erdalduna izateak», adierazi du Igeregik.

«Erdaraz behar bezala ez dakiten hautagaiak arriskutsuak direla argudiatu du Eusko Jaurlaritzaren abokatuak», ELAko arduradunak deitoratu duenez. Bidegabea iruditu zaio argudio hori: «Argudio bera erabilita, larrialdi egoeretan agertzen diren langile erdaldun elebakar guztiak arriskutsuak dira, [...] herritar eta langile askok halako egoeretan erabil dezaketen hizkuntza bat ez baitute ezagutzen».

Ondorioz, EAEko administraziotik etorri euskararen kontrako azken diskriminazio horren aurrean, Igeregik PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezaren dimisioa eskatu du, «praktikan» hura baita «EAEko hizkuntza politiketarako sailburua». Arkautin gertatzen denak «eta eguneroko hizkuntza politikek gaztelaniaz bizitzera kondenatu nahi gaituzte, eta hori da benetako hizkuntza inposaketa», ELAkoak deitoratu duenez.

Gainera, gaur egungo Arkautiko Akademiako zuzendaria aurreko Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikarako sailburuordea, Miren Dobaran dela oroitarazi du Igeregik. Eskaera bat ere luzatu dio: «ELAk berehalako neurri eraginkorrak hartu ditzala exijitzen dio Miren Dobarani egoera hau sekula ere berriro gerta ez dadin».

Behatokiaren salaketa

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ere aitortu du «larritasunez» hartu dituela Arkautiko Akademiak erabili alegazioak. «Arazoaren muinean, orain arte euskarazko proben homologazio falta argudiatzetik, gaztelaniaren ulermen nahitaezkoa argudiatzera pasatu dira», laburbildu du Behatokiak. Alta, suhiltzailearen kasu hori aztertu zuen Arartekoak honela oroitarazi zuen 2023an: «Hautaketa prozesu batera deitzen duten administrazioek bermatu behar dute parte hartzaileek hautaketa horretako proba guztiak nahi duten hizkuntzan egin ahal izatea, bai euskaraz, baita gaztelaniaz ere». Behatokiak zehaztu du zer dakarren horrek: «Botere publikoen eginbeharra da herritarrei aitortu zaizkien eskubideak bermatzea, eskubide horiek eraginkorrak eta benetakoak izan daitezen».

Arkautin gertatutakoa ez dela arazo sortu berria oroitarazi eta salatu du Behatokiak. «Urte hauetan guztietan, administrazioak nahiago izan du herritarrei proba gaztelaniaz egitera behartu, azterketa euskaraz egiteko duten eskubidearen gainetik. Erabat onartezina da».

Ondorioz, Behatokiak Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailari eta Arkautiko Akademiari eskatu die, baita gainerako administrazioei ere, lehenbailehen «beharrezko neurriak har ditzatela euskarazko probak homologatzeko eta oposizioak osorik eta albo kalterik gabe euskaraz egin ahal izatea bermatzeko».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (3)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.