AHT

AHTaren Arkautiko loturarako 146 milioi euro emango ditu Madrilek, eta Lakuaren esku utziko ditu lanak

Azaroan sinatuko dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak lotunearen lanak Lakuari emateko akordioa.

Gasteizko tren geltokia. L. RICO / EFE
Gasteizko tren geltokia. L. RICO / EFE
inaut matauko rada
2024ko urriaren 1a
14:00
Entzun

Gutxinaka aurrera doa euskal Y-aren eraikuntza, eta oraindik onartzeko geratzen zen proiektuaren azken zatia onartu berri du Espainiako Gobernuak: euskal Y-a Madrildik eta Burgostik (Espainia) datozen trenekin lotuko duen Arkautiko lotunea (Araba). 146 milioi euro baino gehiagoko kostua izango du proiektuak, gaur Espainiako Ministroen Kontseiluan onartutakoaren arabera.

Behin proiektua onartuta, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi du haien esku utziko duela Madrilek lan horiek egiteko ardura, eta akordio hori azaroan sinatuko dute bi gobernuek. Espainiako Gobernuak proiektua onartu izanarekin pozik agertu da Ubarretxena, eta Pilar Alegriak, Espainiako Ministroen Kontseiluaren bozeramaileak, esan du Arkautiko lanak «ezinbestekoak» direla euskal Y-a amaitzeko.

Ubarretxenak, hala ere, azaldu du prozesua luzea izango dela, baina nabarmendu du proiektua Eusko Jaurlaritza egiteak abiadura handiagoa emango diela lanei. Urrats administratiboak aurrera badoaz ere, gogorarazi du oraindik proiektua erredaktatu, lanak adjudikatu eta obrak egin behar direla, eta Abandoko tunelaren kasua (Bilbo) ekarri du gogora, non soilik exekuzio faseak bi urte iraungo duen. Espainiako Gobernuak esan du 2027 amaieran edo 2028 hasieran espero dutela trenak Arkautiko lotunean probak egiten hastea.

Zehaztu gabeko proiektua

Madrilek azaldu badu ere diru kopuru jakin bat emango duela, oraindik ez dago guztiz zehaztua proiektua nolakoa izango den, ez baitago garbi Aralartik edo Sakanatik egingo duten abiadura handiko trenaren beste gako handi bat: Nafarroako AHTaren eta euskal Y-aren arteko lotunea. Erakundeak oraindik ez dira ados jarri lotune horren auzian. Izan ere, alde handia dago bien artean: Sakanakoa askoz merkeagoa da, eta ingurumen inpaktu gutxiago du, baina bidaia batzuk luzatu egingo dira, Iruñea-Donostia eta Iruñea-Bilbo batez ere.

Ezkio-Itsasoko (Gipuzkoa) geltokian lotzea aurreikusten duen proiektua, aldiz, garestiagoa da, Sakanakoak ia halako hiru, eta lan handiak egin beharko lirateke Aralarren 22 kilometroko tunela egiteko, hau da, hidrologikoki konplexua den lur batean. Gipuzkoako Foru Aldundia gogor egiten ari da alternatiba horren alde, baina kolore politiko bera duen Arabako Foru Aldundiak, aldiz, nahiago du Sakanako aukera. Espainiako Gobernua ere horren aldekoagoa da, batez ere merkeagoa delako. Erakunde guztiek erabakia elkarrekin batera hartzeko nahia agertu dute, baina malgutasun gutxi adierazi dute erabakiarekiko.

Erabaki horrek, gainera, Arkautiko lotunea baldintzatzen du: Sakanako aukerak aurrera eginez gero —aukera gehien duena da—, Iruñera desbideratu beharko baitira trenak lotune horretatik. Trazadura ez du ia aldatuko horrek, baina, desbideratze hori egiteko, bide nagusian sarrerak eta irteerak egin beharko dira.

Arkautiko lotunea egiteko alternatiba bat baino gehiago zeuden mahai gainean, baina, azkenean, polizia akademiaren ekialdetik eta Salburuko hezeguneen hegoaldetik egitea erabaki zuten. Behin hegoaldetik polizia akademia pasatuta, iparraldera egingo du, Donostiara eta Bilbora bidean.

Aurten onartu dute Gasteiz inguruan AHTaren ibilbidea. Martxoan onartu zuten ingurumen inpaktuaren txostena, eta ekainean proiektuaren azterketa informatiboa. Honela igaroko da abiadura handiko trena Arabako hiriburutik: trena lurretik sartuko da Gasteizera, eta Pedro Asua kalean lurrazpian sartuko da, Salburua hiribidera arte —3,6 kilometro—. Tren geltoki berria tartean egongo da, lurrazpian hori ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.