Alderdiak

Arkaitz Rodriguezen zuzendaritza taldeak Sortuko militanteen %89ren babesa jaso du

Hirugarren Kongresuko itxiera ekitaldia egin du Sortuk Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Zehaztu dituzte Nazio Kontseiluaren kideak: David Pla norabidetze estrategikorako gunearen arduraduna izanen da aurrerantzean, besteak beste.

jarraia208685.jpg
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urtarrilaren 22a
14:26
Entzun

Hondarrera ailegatu da Sorturen kongresua, azkenik. Alderdiko kideek asteazkenetik atzo artera izan zuten Nazio Kontseilua osatzeko hautagaiak bozkatzeko aukera, eta, epea itxita, gaur eman dute emaitzen berri. Independentziarako indarra lelopean, kongresuaren itxiera ekitaldia egin dute eguerdian, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Ez da izan ustekaberik: militanteen botoen %89 eskuratu ditu Arkaitz Rodriguez buru duen zuzendaritza taldeak. Militanteen %6k bozkatu du ezetz eta, berriz, boto zuria eman dute %5ek.

Orain dela hilabete jakinarazi zuen Nazio Idazkaritza osatzeko hautagaien zerrenda. Orduan iragarritakoek eginen dute aurrera, botoen babesa erdietsita. Arkaitz Rodriguez izanen da idazkari nagusi aurrerantzean ere. Harekin batera, idazkaritza osatuko dute Nuria Altzugarai Gartziak (idazkari teknikoa), Oihana San Vicente Saez de Zerainek (barne koordinatzaileordea) David Pla Martinek (norabideratze estrategikorako Gunearen arduraduna), Itsasne Fernandez Duartek (barne antolaketaren arduraduna), Kizkitza Gil de San Vicente Gurrutxagak (ekintza politikoko arduraduna), Xabi Iraola Larraiak (herrigintzako arduraduna), Gotzon Elizburu Beristainek (komunikazio arduraduna), Elena Beloki Resak (nazioarteko arduraduna) eta Haimar Altuna Ijurkok (gatazkaren ondorioak konpontzeko batzordearen arduraduna).

Lurraldeetako buruzagitzei dagokienez, Lur Albizu Etxetxipia izanen da Nafarroako arduraduna. Jon Iker Aramendi Jimenez izanen da Arabakoa; Aitor Servier Etxexuri Ipar Euskal Herrikoa; Paul Laka Garamendi, Bizkaikoa; eta Aritz Arzallus Agirrezabala, aldiz, Gipuzkoakoa.

Arkaitz Rodriguezen hitzak

Ekitaldian hitza hartu du Arkaitz Rodriguezek. Atzean sentitzen duten babesa goraipatu du: «Ez da 10 edo 30 laguneko zuzendaritza bat, ehunka, milaka kidez osaturiko bat baizik». Hiru agur berezi egin nahi izan ditu. Baga: «Euskal preso politikoak bisitatzen ari diren senideei». Apurka presoak hurbiltzera egin dela esan du, baina harago egin behar dela: «Salbuespenezko legediak bertan behera geratu behar du». Eta zerumugan xede oraindik ere handiagoa bat jarri behar dela adierazi du: «Herri honek merezi du preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko etorkizun bat». Biga: kasu egin die mundu osoko «askapen mugimendu eta ezkerreko antolakundeko ordezkariei». Higa: azken agurrean, aurrez bidea ireki duten buruzagi politikoak oroitu nahi izan ditu: «konpromisozko bizitza oso bat» izan dutela esan du: «Gure mugimenduak eta gure herriak behin ere ez dute haien alde egin duzuen guztia eskertzerik izango».

Sortuk «ziklo politiko berri bat» zabaltzeko era egin duela azaldu du. Eta oparotzat du orain arteko bidea: «Ezkerreko independentismoa indartu dugu, sozialki, elektoralki eta instituzionalki. Sortuko kideok egin dugu posible, Eusko Alkartasunako eta Alternatibako kideen batera, Aralarko kide ohiekin batera, baita bestea askorekin ere». Horiek horrela, Sortu «aldarri eraldatzaileek» abarotzat dutela adierazi du, eta, «estatu independente, sozialista eta feminista» bat eraikitzeko abagunea «gertuago» dagoela orain. Bide horretan aurrera egiteko, «zibilizazio berri ba» ehuntzeko zimenduak jarri behar dela esan du: «Zibilizazio sozialista bat». Adierazi du pandemiak «biluztu» egin dituela «neoliberalismoaren dogma nagusiak» eta horien aurka egiteko «aukera berriak» ere sortu direla. Prozesu eraldatzaile horretan «botere bokazio eta botere estrategia» batekin jardun behar dela uste du: «Berdin kalean zein instituzioetan». Espazio guztietan jardun behar dela nabarmendu du: «Gu jaio ginen irabazteko».

Erronken artean, «burujabetzaren berreskurapena» dagoela esan du: «Burujabetza behar dugu, estatu propio bat». Bide horretan aurrera egiteko EH Bilduren eta EH Bairen baitan jardun behar dela defendatu du, eta «fronte» are zabalago bat irekitzera ere egin behar dela. Horiek lortzeko «herri bulkada berri bat» sustatu behar dela uste du: «berpizkunde kultural eta nazional» berri baten abaroan ernaldu behar dela prozesua.

Ordezkaritza zabala

Kongresu itxierako batzarrean hainbat ordezkaritzak parte hartu dute, gonbidatu gisa. Talde politiko ezkertiar eta sindikatuetako ordezkariak egon dira, eta euskalgintza, hezkuntza, feminismo eta bestelako eragile sozialetakoak. Nazioarteko ordezkaritza bat ere izan da: Galizia, Katalunia, Palestina, Kurdistan, Uruguai eta Irlandako ordezkariak izan dira. Izurria tarteko, erdi presentziala izan da bilkura, eta hainbat militantek telematikoki jarraitu dute. Prebentzio neurri gisara, CO2 monitorizazio protokolo bat ezarri da, eta aireztapen naturala eta mekanikoa kontrolatu dira, neurgailuen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.