Arizkuren, Iparragirre eta Albisu, deklaratzera

Mikel Albisu, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrenaren bueltan egiten ari diren ekitaldi eta adierazpenen erdian, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellonek ikertu gisa deklaratzera deitu ditu Josetxo Arizkuren, Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre, Ermuko PPko zinegotziaren hilketarekin loturaren bat izan dezaketelakoan. Epaileak «gertaeren arduraduntzat» jo du Iñaki Gracia ere, baina azaldu du haren kasuan delituak preskribatuta daudela.

Dignidad y Justicia elkarteak bederatzi euskal herritarren aurkako salaketa jarria zuen, Blancoren hilketaren «egile intelektualak» zirelakoan. Garcia Castellon instrukzio epaileak tramiterako onartu zuen salaketa, eta Guardia Zibilari eskatu zion aferaren inguruko txosten bat egiteko.

Txostenaren arabera, ikertuek «omisioz» parte hartu zuten ekintza hartan, ETAren «organo exekutiboko» kide gisa hura geratzeko «benetako gaitasuna» izan arren, halakorik agindu ez zutelako.

Epaileak urrunago ere jo du. Adierazi du litekeena dela Blancoren bahiketa «planifikatutako» ekintza bat izatea. Modu berean, uste du erakunde armatuaren zuzendaritzak hilketa eragozteko «gaitasuna» zuela, baina ez zuela neurririk hartu «eurek emandako aginduak betez Donostia komandoko kideek egindako bahiketa eta biktimaren heriotza gerarazteko».

Blancoren hilketaren kasua ez da Dignidad y Justicia elkarteak auzitara eraman duen bakarra. Berdin egin du, besteak beste, Gregorio Ordoñez legebiltzarkidearen eta Francisco Querol epailearen hilketekin, baita Barajas aireportuko atentatuarekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.