Arizkuren, Gracia, Albisu, Atxurra eta Agirre auzipetu dituzte Ordoñezen hilketaren harira

ETAko «batzorde exekutiboko» kide zirela dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Francisco de Jorge epaileak, eta ebazpen batean haiei egotzi die PPko Donostiako zinegotziaren hilketa.

Gregorio Ordoñez
Ana Iribar eta Consuelo Ordoñez, Gregorio Ordoñezen alarguna eta arreba, aurreko asteko ostegunean, hilobira loreak eramaten. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
BERRIA
2025eko urtarrilaren 31
18:00
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Francisco de Jorge epaileak bost pertsona auzipetu ditu 1992tik haiek atxilotu arte ETAko «batzorde exekutiboko» kide izan direlakoan, eta Donostiako PPko zinegotzi Gregorio Ordoñezen aurkako atentatua egotzi die; 1995eko urtarrilaren 23an hil zuten Ordoñez, Donostian. «Hilketa terrorista eta Ordoñezen biziaren aurkako atentatua» egitea leporatu die Jose Javier Arizkureni, Iñaki Graciari, Mikel Albisuri, Julian Atxurrari eta Juan Luis Agirreri. Halaber, ustez ETAko zuzendaritzan egondako tartean gertatutako «atentatu guztien erantzukizuna» egotzi die, «bai eta atentatuen jomuga ez bazuten haiek aukeratu ere».

Ebazpenean, De Jorge epaileak esan du «ETAko batzorde exekutiboak» beretzat gordetzen zuela «helburu bereziak aukeratzeko eskumena», «politikoki garrantzitsuak» ziren horiena, eta komandoei uzten ziela beste jomuga batzuk aukeratzen, «poliziak, guardia zibilak edo militarrak zirenean».

Gregorio Ordoñezen hilketarengatik espetxe zigorrak ezarri zizkieten Valentin Lasarteri, Javier Garcia Gazteluri eta Juan Ramon Karasatorreri. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ebazpenean dio orain auzipetu dituen bost lagunek Ordoñezen aurkako atentatua egin zutela «egonkortasuna galarazteko estrategia» baten barruan, eta, haren ustez, «frogaturik geratu da» pertsona horien «funtsezko rola» Ordoñez hiltzeko aginduan, «1994an taldean hartutako erabakitzat» jotzen baitu.

Gregorio Ordoñezen aurkako atentatuaren 30. urteurrena bete da orain gutxi, hilak 23 zituela.

Akusazio berriak

2021eko abenduan, Ordoñezen hilketari lotuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zuen Mikel Albisu. Donostiako Auzitegian deklaratu zuen, bideokonferentzia bidez. Auzi saioan, Albisuk epailearen aurrean gogoratu zuen 25 urteko zigorra betea zuela Frantziako Estatuan «gaizkile talde» batean aritzea egotzita. Esan zuen bere aurkako akusazio berriak «torturen eta gezurren bitartez» eskuratutako testigantzetan oinarritzen direla. 2022ko otsailean, ordea, Auzitegi Nazionaleko Alejandro Abascal epaileak diligentzia gehiago abiatu zituen Graciaren eta Albisuren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.