Arbuioa, haserrea eta gaitzespena izan dira nagusi gaur arratsaldean Arizkungo plazan (Baztan, Nafarroa). Izan ere, joan den larunbat gauean hainbat pintaketa egin zituzten herriko komun publikoetan, tartean mezu LGTBIfobikoak zituzten batzuk. Horiek salatzeko agerraldia egin dute gaur hainbat eragilek, dozenaka herritarren babesa zutela. Markel Adin Harro Baztan taldeko kideak egin ditu adierazpenak: «Argi utzi nahi dugu halako jarrerak ez ditugula onartuko herri libre bat eraikitzera bidean, zeinean bakoitzak nahi duena maitatzeko eta izateko aukera duen. Jarrera eta eraso horiek herriko zein haraneko disidenteon askatasuna erabat mugatzen dute, ezin baikara aske izan ez bagaituzue uzten».
Harro Baztanek, Baztango talde feministak, Iñarrosi neska gazte taldeak, Baztango Udalak, Arizkungo alkatetza taldeak eta Arizkun Rockek agerraldi bateratua egin dute ekintza horiek «gogor» gaitzesteko: «Halakoak onartezinak dira gure gizarte pluralean». Arizkun Rock jaialdia ospatu zuten asteburuan; azkeneko aldia, gainera. Hortaz, salatu dute azken saio horren giro onean «zikin» bat utzi dutela ekintza horiek.
Argitu dute ez dela lehenbiziko aldia gisako ekintzak egiten direna, urte bat baino gutxiagoan gisako bi eraso izan baitira. Hortaz, ez dute uste kasualitatea denik horrelakoak besta giroan gertatu izana, eta alkoholak jarrera horiekin jokatzeko «eskubide eta zilegitasuna» ematen diela egileei. «Alkohola eta bertzelakoak ez ezik, haien inguruak ere irekitzen die bidea horrelako erasoak egiteko, gauzak ez baitira aldatuko haien inguruan babesa eta animoak hautematen badituzte», gehitu dute. Hortaz, erran dute konplize diren horiek ere erasotzaileak badirela.
Agerraldia gaur egin badute ere, anitz izan dira ekintza horiek sare sozialen bidez salatu dituzten herritarrak. Fernando Anbustegi Baztango alkateak, erraterako, X sare sozialaren bidez egin zuen atzo salaketa: «Euskal Herria askea izatekotan halako jarrerek ez dute lekurik. Gaur arratsean Arizkunen egindako pintaketak salatu eta halakoen aitzinean lanean segitzeko aldarria zabal dezagun». Herriko alkatetza taldeak ere ohar bat zabaldu zuen atzo, non irmo adierazi zuten larunbatekoa «herritar guztien kontrako erasoa» zela.