Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak salatu du bere etxeari «eraso» egin ziotela astearte gauean. Bluesky sare sozialean daukan kontua baliatu du gertatutakoaren berri emateko. Aipatu duenez, zazpi eta hamar pertsona inguruko talde batek bi bengala jaurti dituzte Otxandion (Bizkaia) daukan etxearen aurka.
Fagor taldeko iraunkortasun arduraduna Pello Otxandianoren anaia da, 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundetarako EH Bilduren lehendakarigaiarena, alegia. Energia berriztagarrien eztabaidan murgilduta egon da azken urteetan, eta, hori dela eta, mehatxuak eta bere kontrako pintaketak jasan izan dituela gogorarazi du, baina bart gaueko erasoak «muga guztiak» gainditu dituela adierazi du: «Berriztagarrien inguruko eztabaidaren harira lehenago ere mehatxuak eta pintaketak jasan izan ditut, baina nire familiaren aurka modu honetara eraso egiteak muga guztiak gainditzen dituela iruditzen zait».
Ordu bata aldera gertatu zen erasoa, eta, testiguen arabera, ustezko erasotzaileek «berehala» egin zuten ihes bertatik, bi autotan. «Ez da ezer larririk gertatu, baina gerta zitekeen», ohartarazi du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Otxandianok ez daki erasoa jasatearen arrazoia energia berriztagarrien gaian daukan jarrera izan den edo ez, baina, edonola ere, bere jarrerari «uste osoz» eutsiko diola nabarmendu nahi izan du: «Trumpen kapitalismo fosilaren aurrean, eskala guztietako berriztagarrien hedapen justu eta ordenatua oinarri duen eraldaketa ekosoziala da alternatiba».
Eusko Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxenak erasoa gaitzetsi du. Zehazki, adierazi du «onartezina» dela, eta halako ekintzek ez dutela lekurik egungo gizartean: «Errespetua eskatzen dugu denentzat». ETB2ko En jake saioan egindako elkarrizketan, adierazi du Otxandianori berari ere mezu bat bidali diola elkartasuna adierazteko.
Gertatutakoaren inguruan zerbait gehiago ba ote dakien galdetuta, berriz, Ubarretxenak azaldu du Segurtasun Saileko arduradunak Aritz Otxandianorekin harremanetan jarri direla, eta auzia ikertzen ari direla.