Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Aristegik dio subiranotasuna indartuta aterako dela bozetatik

EAJ hauteskundeetan izaten ari den jarrera kritikatu du Larreinak, baina prest dago haiekin elkarlanean aritzeko

Rafa Larreina eta Maite Aristegi, hainbat eragilerekin atzo egindako prentsaurrekoan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Amaiurrek zubiak eraikiz hasi zituen Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, Euskal Herriko alderdi subiranoen eta ezkertiarren arteko indar metaketarekin. Herriz herri eta kalez kale proiektuaren berri emanez, koalizioak «erraldoi» bihurtu du zubia dagoeneko. Baina, oraindik, zubia guztiz eraikitzeko «harri batzuk» falta dira, Maite Aristegi Espainiako Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuaren irudiko.

Falta diren horiek konbentzitu behar direla adierazi zuen Aristegik, boz bakoitza erabakigarria baita haren ustez. Bere burua abertzaletzat, subiranotzat, independentistatzat eta ezkertiartzat duenaren boza eskatu zuen. Gipuzkoako hautagaiekin eta babesa ematera joandako hautetsi eta kargudun publikoekin batera egin zuen agerraldia.

Etziko bozetan Gipuzkoak burujabetzaren, bakearen eta demokraziaren bidean «urrats izugarria» egingo duela adierazi zuen: «Gipuzkoarrok argi eta garbi esango diogu Madrili Euskal Herriak bere etorkizuna bakean eta askatasunez erabaki nahi duela». Gipuzkoarrek Euskal Herriari «ekarpen erraldoia» egin behar diotela ziurtatu zuen, eta Amaiurrek «harro» onartuko duela erantzukizun hori. Izan ere, Aristegik ez dauka zalantzarik azaroaren 20ean Euskal Herrian «autodeterminazioaren aldeko gehiengo soziala ikusaraziko» dela; «euskal gizartearen hitza eta erabakia errespetatzeko exijitzen duen» gehiengo soziala.

Herritarren borondatea aurrera ateratzeko helburua daukatela esan zuen Rafa Larreina Kongresurako Amaiurren hautagaiak. Euskal subiranotasuna Madrilen «ozen» entzunarazteko, «eskuetan dituzten tresna eta bozgorailu guztiak» erabiliko dituztela ziurtatu zuen prentsaurrekoan.

EAJ hauteskunde kanpainan izaten ari den jarrerarekin kritiko agertu zen Larreina. Botoa Amaiurri ematea «fede kontua» dela adierazi dute jeltzaleek, eta Madrilgo erakundeetan lan gutxi egingo dutela. Larreinak adierazi zuen badirudiela EAJk Euskal Herrian daukan «etsai bakarra» Amaiur dela, eta egoera aldatzearen alde azaldu zen: «Ea jarrera positiboagoa duten».

Koalizioak ezkerreko ideologian oinarrituta egindako aldaketa sozialaren eta subiranotasuna bultzatzearen alde egingo duela ziurtatu zuen, eta EAJk elkarlanean aritu nahi badu ez diotela aterik itxiko. «Pilota besteen teilatuan dago, ez gurean».

PPrentzat ere hitz egin zuen, ordezkari batzuek Amaiurrekin «harreman normalik» ez dutela izango adierazi dutelako. PPk hitz horiek ekintza bidez «gezurtatzen» dituela azaldu zuen, Bildurekin hainbat akordio lortu dituelako Euskal Herriko erakundeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.