Bihar amaituko da azaroaren 20an Espainiako Gorteetarako egingo diren hauteskundeetarako hautagaitzak aurkezteko epea, eta Amaiurrek osatuak ditu Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako zerrendak. Koalizioak gaur emango du osaeraren berri. Eguerdian Bilbon egingo duen agerraldian ezagutaraziko ditu hautagai zerrendak. Espainiako Kongresurako Bizkaitik aurkeztuko duen zerrendaburua Iñaki Antiguedad hidrogeologoa izango dela zabaldu dute hedabide batzuek egunotan, eta hala izango dela egiaztatu du BERRIAk. Gipuzkoako zerrendaburua Maite Aristegi nekazaria izango dela ere jakin du egunkari honek. Arabako eta Nafarroako zerrendetako buruak bi abokatu izango dira: Iker Urbina eta Sabino Cuadra.
Gaur ezagutuko dira zerrendak osatuko dituzten gainerako hautagaien izenak, baina zerrendaburuen ezaugarriek koalizioaren lehentasunen nondik norakoak iradokitzen dituzte. Amaiurren lehentasuna Madrilen nazio eskubideak aldarrikatzea izango dela esana dute koalizioa osatzen duten alderdiek —ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek—, eta hauteskundeak «fase politiko berrian sakontzeko» tresna gisa ulertzen dituztela, bake prozesua eta konponbide demokratikoa indartzeko baliabide gisa erabiliko dutela hauteskundeen ondorioz lortutako indarra.
Gizarte politiketan
Baina ez hori bakarrik. Gizarte alorrean ere eragin nahi dute. Ekonomia eredua aldatzen saiatuko direla iragarri dute, eta, hezkuntzan, osasunean eta gizarte politiketan eredu publikoen alde egingo dutela, «pertsona guztien arteko berdintasun eraginkor eta benetakoa» lortze aldera. «Euskal Herria egituratzen lagunduko duten egitura eta azpiegitura sozialen alde» egingo dutela ere agindu zuten Amaiur aurkezteko ekitaldian.
Lur eta ur antolaketan aditua da Antiguedad; mugimendu sozialetan aritua, eta garapen iraunkorraren defendatzaile sutsua.
Aristegik ere produkzio jasangarria du lan eremu nagusi; nekazaritza mundua. Horrez gain, nazio eskubideen zein eskubide zibil eta politikoen alde aritu izan da, hainbat sentsibilitateren arteko elkarlanean sortutako guneetan.
Abokatua da Urbina, euskal preso politikoen eskubideen alde aritzen dena. Lan politiko eta soziala egiteagatik epaitutako hainbat herritarren defentsa lanetan ere aritu izan da; besteak beste, 18/98, Haika-Segi eta Udalbiltzaauzietako epaiketetan.
Cuadra ere abokatua da, baina ez da, normalean, euskal presoen defentsa lanetan aritzen. Internazionalismoa du lan eremu nagusi. Gara egunkarian zutabegilea da.
Aristegi, Urbina, Cuadra eta Antiguedad izango dira Amaiurren zerrendaburuak
Koalizioak gaur eguerdian jakinaraziko ditu azaroaren 20ko hauteskundeetarako hautagaien zerrendak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu