Ariketa soziologiko bat

Erabakitzeko eskubidearen eta datorren urteko martxoaren 19ko herri galdeketaren aldeko giza kate erraldoia egingo dute igandean Oiartzualdean, Pasaiako badia inguratuta. Errenteria, Pasaia, Lezo eta Oiartzungo batzordeak gogor ari dira lanean. Hango ordezkariak elkartu ditu BERRIAk.

Errenteriako galdeketaren batzordeko kide Anetz Etxeberria, Lezoko Aitor Leonet, Pasaiako Erik Rios eta Oiartzungo Jexux Olaziregi, joan den astean, Lezon. Atzean, Pasaiako badia. ANDONI CANELLADA / ARP.
enekoitz esnaola
Lezo
2016ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Oiartzualdeko (Gipuzkoa) datorren urteko galdeketari buruzko bilera batean sustatzaile batek zioen Pasaiako badiaren erdi-erdian bideokamera bat jarriz gero Euskal Herriko aniztasunaren dokumental bat egin daitekeela. Soziologikoki kolore asko baititu Oiartzualdeak. Galdeketarako ibilbideak ondare bat utz dezake. Bide horretan, ariketa kolektibo handi bat egitera doaz datorren igandean: 8,4 kilometroko giza katea, Pasaiako badia inguratzeko.

Badiaren bueltan daude eskualdeko lau udalerrietatik hiru —Errenteria, Pasaia eta Lezo—, eta pixka bat barrenerago dago Oiartzun. Bi eremu desberdin dira. Badiaren inguruak immigrazio handia jaso zuen orain dela 40-60 urte Espainiatik —Andaluziatik, Extremaduratik...— eta Galiziatik. Datu esanguratsua da Errenteriakoa: 1950ean 15.000 biztanle zeuzkan, eta 1975ean, 46.000. Horren erakusgarri izan ahal da han PSE-EEk historikoki indar handia eduki izana: 1983tik 2011ra alkatetzan egon zen —geroztik (EH) Bildu dago—. «Gure herrian jende askok, batez ere adinekoek, Espainia izan dute erreferentzia bakar», dio Errenteriako galdeketaren batzorde sustatzaileko kide Anetz Etxeberria Aizkorretak (1985). «Baina orain sumatu dugu Espainiatik etorritako jende asko gogoz dagoela hemen zerbait egiteko. Nazkatuta daude Espainiako ustelkeriarekin eta egoera ekonomikoarekin. Dena dela, aitortu behar da haien erreferentzia oraindik ere Espainia dela».

Euskal Herriaren estatusari buruz duela bi urte eta erditik egindako 36 galdeketak nahikoa eremu euskaldunetan izan dira, euskaldunen indizea gutxienez %66den herri edo eskualdeetan, eta Oiartzualdean, 2011ko datuen arabera, %57 da. Erik Rios Salazar (1988) Pasaiako kontsultaren batzordeko kideak uste du hizkuntza faktorea kontuan hartu behar dela parte hartzeari begira, «eta, beraz, giza katera begira eta datozen hilabeteotan lana gehitu egin behar da». Aitor Leonet (1977) Lezoko batzordeko kidearentzat, «aukera bat da» herri galdeketa jende erdaldunengana ere heltzeko. «Urteotan egin ez den zerbait egiteko aukera dugu. Soziologikoki bestelakoa den jendearekin hitz egiteaz ez gara arduratu izan. Mezua bera da, erabakitzeko eskubidea, baina erremintak aldatu behar ditugu. Prozesuaren une honetan bidea da helburua». Etxeberriaren aburuz, pedagogia handia dute egiteko. «Giza katearen egitasmoa azaltzeko Errenteriako auzo erdaldunetan egondakoan, galdetu izan digute ea zer emango diegun, zer oparituko diegun, edo zer eskaintzen diegun. Batik bat, jende helduak dio hori. Ez da erraza horrelako lekuetan erabakitzeko eskubidea zer den azaltzea, erantzuten dizutelako: 'Erabaki, zer?'».

Dikotomia politikoa

Abertzaleak-ez abertzaleak dikotomia ere sartzen da tartean. «Batzuek leporatzen digute betikoak garela eta betikoarekin gabiltzala», dio Etxeberriak Errenteriako kasuaz. Auzoetako lan estiloaz edo kultura politikoaz baliatu nahi dute gehiago iristeko, «auzoetan festak-eta antolatzen askotariko jendeak egiten baitu lan, eta politikako lubaki horiek ez dira agertzen, normalki. Beraz, erabakitzeko eskubidearen kontzeptu hau jende gehiagorengana heltzeko aukera bat daukagu».Oiartzunen EH Bildu dago alkatetzan, Pasaian PSE-EE, eta Lezon, EAJ. «Abertzale ez direnek, agian, galdeketaren gai hau urrutiago sentitzen dute —dio Leonenet—, baina guri etorri izan zaigu abertzalea ez den jendea ere galdezka, demokratak baitira. Lortu behar dugu euskal estatuaren aurkako jendeak ere botoa ematea datorren urteko galdeketan. Gure erronka parte hartzea da,ez baiezko biribil bat ateratzea. Planteamendua ondo ulertzen bada, erraza da ezezkoa ere ematea. Ondo ulertzea da kontua».

Adosgunea sortu dute Oiartzualdean, eta han, besteak beste, PSE-EEko kide bat eta Ahal Dugu-koak ere badirela nabarmendu du Jexux Olaziregi Bagues (1985) Oiartzungo taldekideak, «aurrerapausotzat» jota. «Aniztasuna dugu eskualdean, eta aniztasuna nahi ditugu galdeketan», dio. «Hau guztia zabaltzeko birus bat bezalakoa sortzea da helburua», erantsi du Riosek.

Olaziregik abertzaleen arteko giroari ere garrantzia ematen dio. «Garai politiko berriak ekarri du onurarik» alde horretatik, haren iritzian. Giro hori helduek estimatzen omen dute gehien. «Gure herrian esaten dute bazela garaia bi familia abertzaleak elkartzeko. Topagunetzat dute Gure EskuDago. Ulertzekoa da, urte askotako gatazkak zauriak eragin dituelako familia abertzaleetan ere. Gure Esku Dago-rekin, beste inon ikusi gabeko argazkiak ikusi ditugu. Eta, gainera, kontua ez da izan argazkia atera eta ospa, bakoitza bere etxera, baizik eta gero jende hori elkarrekin joan dela trago bat hartzera. Hori lehen pentsaezina zen. Nazio mailan egin daiteke plan dotore bat, baina gero hori herrietan ez bada errotzen, horrek ez du balio, laboratorioko zerbait ematen duelako. GureEsku Dago herrietan errotu egin da». Euskal Herrian tokiko berrehun batzorde daude.

Mugimendu sozialak azpimarratu ditu Leonetek, horien egitekoa funtsekoa delakoan. «Baliagarri» du politikagintzan dabilen jendearen esperientzia, «baina aldaketak lortzeko herritarrek dagoeneko alderdi politikoak ez dituzte tresna egokitzat ikusten. Horregatik ari dira mugimendu sozialak indarra hartzen».

Parte hartzea

Gutxienez, zenbateko parte hartzea lortu nahi dute eskualdeko galdeketan? Etxarri Aranatzen (Nafarroa) %42,7ko parte hartzea izan zen, Arrankudiagan (Bizkaia) %61,5ekoa, Azpeitian (Gipuzkoa) %39,3koa, Ispasterren (Bizkaia) %63,7koa, Gipuzkoako Goierrin %27koa eta Degaboiena (Gipuzkoa)-Aramaion (Araba) %29,1ekoa. Batez bestekoa, %29,3 da. Oiartzualdeko taldeetako lau ordezkariek ez dute erraza ikusten %30ekoa gainditzea. «Batetik, beste guztiek izan dituzten arazoak ditugu: galdeketako emaitza ez da bete beharrekoa, kontsulta ez da ofiziala, ez du babes publikoa, baliabide txikiak ditu, ez dago bonbardaketa mediatikoa…», esan du Etxeberriak. Riosek beste «eragozpen» bat aipatu du: hauteskundeetan abstentzio handia izan ohi dute. «Pasaian EAEko azkeneko bozetan parte hartzea %56 izan da, erkidegokoa baino lau puntu txikiagoa». Errenterian ere %56 izan da, Lezon %58 eta Oiartzunen %65. Eskualdean arlokako galdeketak egiteko kultura politikoa falta dela ere badiote.

Herri kontsulta tokian tokira ahal den gehien egokitzearren, eta horrela partaidetza ere sustatzearren, lau udalerrietan galdera desberdinak egiteko asmoa dute. Oraingoz, Lezon baizik ez dute erabakia: «Euskal estatu libre bateko herritarra izan nahi duzu?». Beste udalerrietan bi hilabete barru-edo hasiko dira itauna zehazten. «Gero igual pare bat galdera berdinak edo berdintsuak izango dira, baina garrantzitsuena da galdera bakoitza bertako jendeak erabakiko duela, prozesu baten bidez», azaldu du Olaziregik.

Lanketa mota

Gazteen parte hartzeaz gain —giza katerako bereziki ari dira lantzen—, kanpainako lanketa motak ere izan ahal du eraginkortasunik, Olaziregik dioenez: «Oiartzualdeko soziologiak garrantzi handia dauka, nola ez. Arrasatekoa har dezakegu kontuan, adibidez, hemengoaren antzekoa delako. Baina galdeketara begira lanketa motak ere badu garrantzia. Esaterako, Azpeitiko batzordeak egindakoa aipatuko nuke, eta ia %40ko parte hartzera heldu ziren. Azpeitian bezala, jendearenga zuzenean jo nahi dugu, anima daitezen parte hartzera». Informazioa da gakoetako bat, Oiartzungo batzordeko kidearen arabera: «EAEko azken hauteskundeak baino aste gutxi batzuk lehenago erkidegoko herritarren laurden batek ez zekien hauteskundeak izango zirenik. Pentsa gurea bezalako galdeketaren berri zenbatek ez dakiten oraindik. Arazorik handiena ez da jendeak ez duela parte hartu nahi, baizik eta jendeak ez dakiela galdeketa bat egingo denik. Badago lana».

Baina itxaropentsu daude Demoarso mugimenduko lau partaideak. «Galdeketarekin, emaitzetako datuak izateaz gain, ibilbide garrantzitsu bat egina izango dugu: konfiantza ereinda, elkarlana landuta eta zubi asko eraikita», ondorioztatu du Leonetek.

Galdeketa, 2017ko martxoaren 19an izango da. Lehenago, igande honetan, giza katea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.