Datuek eta konparazioek sor dezaketen jakin-minetik harago, Euskaraldiaren alde kualitatiboan jarri dute begia antolatzaileek: parte hartzaileen portaeretan eta bizipenetan sorraraziko duen horretan. Herriz herriko prestaketa lanak abiatzea «kostatu» zela aitortu du Goiatz Urkijo koordinatzaileak (Laudio, Araba, 1994), eta irailetik aurrera hartu zutela martxa batzorde gehienek. Errazagoa ere egin zaie: «Neurria hartua diote ariketari».
Zer sentsazio duzue ostiralean hasiko den Euskaraldira begira?
Uste dugu jendea gogotsu dagoela. Kostatu da abian jartzea, pandemia ostean-eta, baina sentsazio ona daukagu. Uste dugu jendeak baduela euskararen alde aktibatzeko gogoa. Ikusi genuen Korrikan. Olatu hori aprobetxatu nahi genuen, eta uste dugu jendeak positiboki erantzungo duela.
Lau urte igaro dira lehen Euskaralditik. Tresna baliagarria da oraindik?
Bai, eta hala erakutsi dute ikerketek. Ez da formula magikoa, eta beste kanpaina eta egitasmo batzuk martxan jarri beharko dira euskararen biziberritzean aurrerapausoak emateko, baina tresna baliagarria da Euskaraldia, eta horretan sinesten dugu. Espero dezagun aurtengo ikerketek ere hori agerian uztea.
Parte hartzea handitzea da aurtengo erronketako bat. Izen emateari erreparatuta, lortzen ari zarete?
Lehenengo Euskaraldiaren bide bertsutik goaz. Olatuak egoten dira. Izen-ematea zabaltzen denean jende askok ematen du izena, eta aurten jende askok berretsi du. Eta azken egunak erabakigarriak izango dira datu horietara heltzeko. Dena den, arreta alde kualitatiboan jarri nahi dugu. Masiboa ere bai, baina ariketa eraginkorra izatea nahi dugu batez ere.
Lorpen zehatzetan azpimarra egiteko beharra ikusi duzue?
Uste dugu, eta ikerketek hala erakutsi digute, jendeak bere bizipenetatik bizi duela Euskaraldia, eta ikusten duela benetan baliagarria dela lorpenak dituenean. Horiek ikusarazi nahi ditugu. Albokoak bere lorpena kontatzen dizunean, esaten duzu: 'Niri ere gertatu zait hori'. Identifikazio hori garrantzitsua da. Eta, horrez gain, zure aurreko aldiko lorpena izan daiteke aurtengo nire erronka. Ikusgarri egin nahi dugu ariketa; erakutsi eraginkorra dela eta jendearengan eragina duela.
Aldekotasuna adierazteko egitasmo moduan ikusia da oraindik ere Euskaraldia?
Pedagogia sozial handia egin behar dugu. Behin eta berriro errepikatzen dugu ez dela euskararen aldeko kanpaina bat, aurrerapauso bat gehiago eskatzen digula: gure ohiturak, inertziak apurtzea. Eta uste dut horrek apur bat apurtzen dituela gure buruko eskemak. Konpromiso bat eskatzen digulako, eta aurrerapauso bat ematea. Hori ulertarazten oraindik lana daukagu egiteko.
Ahobizi eta belarriprest rolen gaineko ulerkera okerra zuzentzea lortu da aurten?
Oraindik ere buruko eskemak hor daude, eta ahobiziak euskaldun zaharrekin lotzen dira, eta belarriprestak, euskaradun berriekin. Euskaraldiak apurtu egin nahi du hori, baina oraindik bide luzea dugu egiteko. Rolak portaerarekin lotu behar ditugu, eta ez gaitasunarekin. Aurtengo datuak ez dauzkagu, baina aztertuko ditugu, gure helburuetako bat delako rolak ondo ulertaraztea, eta, gutxienez, ez egotea mailakatze bat euren artean.
Giro bat, testuinguru bat, eskaini nahi duzue, herritarrek aldaketak egin ahal izateko. Lortzen du hori Euskaraldiak?
Gune babestu erraldoi bat sortzen du Euskaraldiak, euskaldunok egunero pairatzen dugun estres linguistiko hori kaxoian sartzeko, gutxienez hamabost egun horietan. Txapak ikusten ditugunean, konplizitatea sortzen da, eta hori da lehen aldian behin eta berriro entzun genuen hitza. Nik badakit zu zertan ari zaren, zuk badakizu ni zertan ari naizen, eta uste dut hori dela ariketa honen gakoa, babesgune erraldoi bat sortzen duela Euskal Herri osoan gure hizkuntza ohiturak elkarrekin aldatzeko; inertziak apurtzeko.
Euskal Herri osoa hartzen duen ariketa sozial bat da, baina egoera oso desberdina da leku batetik bestera. Badago arriskurik zenbait eremutan ariketak zentzua galtzekoa?
Arnasguneetan gertatu zaigu bertako herritar askok ez diotela zentzurik hartu. Guk, ordea, ikuspegia zabaltzea proposatzen dugu: besteentzat oso baliagarria da guk txapa janztea. Eta gure konfort eremutik edo ekosistematik ateratzen garenean ere lagungarria da txapak ikustea. Euskaldunen dentsitatea txikiagoa den lekuetan, berriz, oso ondo hartu dute ariketa. Identifikaziorako tresna gisa ikusi dute, eta sorpresak hartu dituzte. Uste dut identifikaziorako oso tresna baliagarria dela, lehen aipatu dudan horretatik tiraka. Eta hori asko da estres linguistikoa alde batera uztera begira.
Erakunde publikoen eta euskalgintzaren artean antolatzen duzue Euskaraldia. Zer-nolakoa da harremana oraintxe bertan?
Uste dut ona dela, eta esango nuke Euskaraldia antolatzeko modua dela Euskaraldiaren arrakastarako beste gako bat. Antolatzeko modu berritzaile bat da. Elkarlana dago zentroan, eta horrek eragiten du guztiok geure sentitzen dugula ariketa: erakunde publikoek, entitateek, euskalgintzak, boluntarioek, norbanakoek... Esperimentu moduan jarri zen martxan, eta ikusi dugu emaitzak eman dituela.
Erantzukizuna alboratzeko modua ere eman dezake. Norberaren hautuaren mende ez al du uzten hizkuntzaren egoera?
Badu arrisku hori, nondik begiratzen zaion. Uste dut kritika askori egin diezaiekegula: bai erakunde publikoei, bai entitateei eta baita norbanakoei ere. Guk arreta jartzen dugu benetan ariketan sinesten dugunongan eta benetan ariketa ondo egin nahi dugunongan. Eta horregatik aipatzen dugu alde kualitatibo horretan jarri nahi dugula arreta. Erronka eta lorpen horietan. Ez da ariketa magikoa, eta ez du dena konponduko. Baina baliagarria da. Guztiok geure buruari erreparatu eta autokritika egin behar dugu, ariketa ondo eta eroso egiteko.
Goiatz Urkijo. Euskaraldiko koordinatzailea
«Ariketa eraginkorra izatea nahi dugu batez ere»
«Gune babestu bat» sortu nahi du Euskaraldiak, hizkuntza portaeretan aldaketak egitea errazteko, Urkijoren arabera. «Azken olatua» aprobetxatzera dei egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu