Argitaratutakoa, isilpekotuta

D ereduaz eginiko ikerketa eskatu du Amaiurrek, eta ez dagoela erantzun dio Madrilek. Ez du onartu «hezkuntzari buruzko ikerketa» gisa hartzea. ETAri buruzkoa dela argudiatuta, isilpean segituko du.

Ehunka eta ehunka lagun atera ziren protestan Iruñean abenduan, Guardia Zibilak egindako ikerketa salatzeko manifestazioan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Nafarroako hezkuntzari buruzko txostenik ez du egin Guardia Zibilak». D ereduko irakasleen laurdenak «etazaleak» direla ondorio gisara duen txostenaren inguruan galdetu, eta horixe erantzun dio Espainiako Barne Ministerioak Amaiurreko diputatu Jon Iñarrituri. Isilpeko txostena delakoan, behin eta berriro ezkutatu dute haren eduki zehatza, nahiz eta hedabide batzuei bidali dieten. Ukaezinaren ukazioa da erantzuna, txostena ikusia dutela onartu baitute hainbat agintarik. Txostenak ezkutuan jarraitzeko beste urrats bat izan da, ordea: ikerketa ez da «Nafarroako hezkuntzari buruzkoa», ministerioaren arabera, ETAri buruzkoa baizik. Isilpean jarraituko du, beraz.

Azaroan argitaratu zuten ikerketaren berri. Diario de Navarra egunkariak eman zuen lehen kolpea, ikerketa bat aipatuz: «Guardia Zibilak ohartarazi du Batasuna hezkuntza kontrolatu nahian ari dela». El Mundo eta Abc kazetak batu zitzaizkion ondoren, eta datu xeheagoak eman zituzten. Azaldu zuten D ereduko 28 ikastetxetan aritzen diren 1.652 maisu-maistra ikertu zituztela, eta «etazalea» dela lautik bat. Senideren bat preso dutenak eta LABeko afiliatuak jo dituzte «etazaletzat».

Ikerketa hori egina zegoela ez zuen ukatu Barne ministroak argitaratu zuten egunean. Guardia Zibileko komunikazio bulegoan BERRIAri baieztatu zioten egina zegoela baina isilpean zeukatela.

Berealdiko harrabotsa eragin zuen ikerketa horrek. D ereduan eta euskarazko irakaskuntzaren alde aritzen diren taldeen artean ezinegona eragin zuen, ikusirik Guardia Zibilaren armarria zeramala txostenak. Alderdi politiko gehienek auzitan jarri zuten txosten horren baliagarritasuna —ez zela sinesgarria esan zuen PSNk berak ere—, baina UPN eta PP bereziki ahalegindu ziren neurriak hartu beharra zegoela ohartarazten. Egun gutxian, Barne, Justizia eta Hezkuntza ministerioekin elkartu ziren UPNko arduradunak, eta neurriak iragarri zituzten. Oraindik ez dituzte zehaztu.

«Doktrinatzen ari direnak»

Barne Ministerioa bereziki saiatu da informaziorik ez ematen txostenaz. Ikusi zutela aitortu zuten hainbat agintarik, ezin zutela ezer esan, txostena isilpekoa dela eta. Xehetasun bakarrak Donostiako PPko zinegotzi Ramon Gomezek eman ditu: guardia zibil baten txostena dela azaldu du; postuz igotzeko egin zuela, «tesi baten gisara». Xehetasunik eman ez, baina UPNk argudio gisa erabili du. Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak, adibide baterako: «Aurre egingo diegu ikasgeletan doktrinatzen ari diren horiei».

Jasotako kritikak ikusita, Iruñeko eta Madrilgo gobernuek beti errepikatu dute ez dutela irakasleen jarduna zelatatu. ETA dela helburua. Jorge Fernandez Diaz ministroa, kongresuan: «Lehenik eta behin, argitu behar da Guardia Zibilak ez duela txostenik egiten Nafarroako hezkuntza komunitateari buruz, ezta irakats-eredu jakin bati buruz ere. ETAk eta haren inguruak eremu askotan duten sarbidea ikertzen du». Kongresuko Barne Batzordean eskatua dute haren agerraldia, baina oraingoz ez da joan, eta txostenari buruzko xehetasunik ez du eman.

Iñarrituri emandako erantzunean ildo horri eutsi dio ministroak, azkenean. Honakoa zen parlamentariaren eskaria: «Guardia Zibilak Nafarroako hezkuntzari buruz egindako txostena, zeina Diario de Navarra egunkariak eskuratu zuen». Horrelakorik ez dagoela erantzun du ministroak, eta ohar bat egin dio, atea are gehiago ixteko: «Segurtasun zerbitzuen jardun eragileak eta informazioari lotutakoak isilpeko material gisa izendatuta daude». Txostenaren berri ez duela emango, beraz, Poliziaren jardunekoa delako. Komunikabide eta agintari batzuen esku jarri ondoren jo du isiltasun horretara Barne Ministerioak.

Iñarrituri emandako erantzunak berak ere sortu du ezinegona. EH Bilduk dimisioak eskatu ditu, «gezurretan» jardun dutelakoan UPNren gobernuan. PSNk ere salatu du «gezurretan» aritu dela norbait. Ezkerrak Nafarroako Parlamentura eraman du mozio bat, salatzeko «informazio zehaztugabea» erabili dutela agintariek, eta eskatzeko D ereduko eskolei eta irakasleei egindako kaltea konpon dadila. Geroa Bai taldeak Fernandez Diazi galdera egingo dio Espainiako Kongresuan, txostenik ba ote dagoen argitu dezan. Datozen asteetan eztabaidatuko dituzte mozio eta galdera horiek, aurrematrikulazio kanpaina bete-betean denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.