Indarkeria matxista ukatzen dutenei egotzi dizkie Argitan elkarteak asteon bere egoitzan agertutako pintaketak, eta ohartarazi du halako diskurtsoak hedatzen ari direla, eta «oso arriskutsuak» direla. Barakaldoko (Bizkaia) emakumeei aholkularitza eskaintzen die taldeak duela 27 urtetik hona, eta haien lokala margotuta esnatu zen asteartean: Umeak zaindu, Aski da eta halako mezuak jarri zituzten. Mireia Saiz Argitan-eko kideak azaldu duenez, uste dute Urteberri egunean seme-alabak pozoitzea egotzitako andrearekin lotu nahi izan dituztela: «Oso mingarria da halako kasu latz bat erabiltzea talde feminista bati eraso egiteko. Feminismoaren aurrerapenen kontra agertu diren erresistentzien adibide bat da».
Saizek erantsi du «nahi baino gehiago» entzuten direla halako mezuak: «Badago mugimendu bat patriarkatua eta indarkeria matxista ezeztatzen dituena, eta azken urteetan nabaritu dugu indartzen ari dela». Kaleko lana ere egiten du elkarteak, esaterako, mahai informatiboak jarriz, eta hor sumatu dute kalera iritsi direla mezu horiek. Beraz, arduraz jokatzeko eskatu du Saizek: «Diskurtso horiei lekua emateak ondorioak ditu. Mezu populistak dira, ez dute zerikusirik errealitatearekin».
Pintaketen harira jaso dituzten babes eta elkartasun mezuak ere eskertu ditu Saizek, eta gaineratu du orain «lasaitasunez» hausnartu nahi dutela erasoa dela-eta zer egin. Hasteko, salaketa aurkeztu du taldeak, gorroto delitu batengatik. «Baina gure erantzun irmoena izango da lanean jarraitzea».
Argitan-ek ohartarazi du bortxa matxista ukatzen dutenak hedatzen ari direla
Pintaketa patriarkalak egin dituzte elkartearen egoitzan, Barakaldon. Salaketa aurkeztu dute, erasoa gorroto delitu bat delakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu