Itzalaldi erabatekoa izan da Iberiar penintsula osoan. Hego Euskal Herria argindarrik gabe geratu da 12:33 aldera, eta ziurgabetasuna nagusitu da handik aurrera. Ordubetera, 13:30 aldera, hasi da itzultzen argindarra, pixkanaka. Arazo nagusiak Hego Euskal Herrian izan dira; Ipar Euskal Herrian, etenaldi labur bat baino ez da gertatu. Gaueko hamarretarako, argindarra berreskuratu gabe jarraitzen zuten herri batzuetan: Eusko Jaurlaritzaren arabera, herrien %96tan argindarra zuten; Nafarroako Gobernuaren arabera, berriz, lurralde horretako herrien %80tan berreskuratua zuten argia.
Ez dute argitu zerk eragin duen itzalaldia. Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek bi agerraldi egin ditu gaur, eta adierazi du ez dagoela argi zerk eragin duen itzalaldia. 12:33 zirenean, sare elektrikotik galdu dira hamabost gigawatt, eta bost segundo eskasean desagertu dira. «Hori ez da inoiz gertatu», zehaztu du Sanchezek. Momentu horretan sare elektrikoan kontsumitzen ari zen energia guztiaren %60 zen hori. Baina itzalaldi hori zerk eragin duen, ez du argitu. Ikertzen ari direla, eta jakitera iritsiko direla. «Ez dugu hipotesirik baztertzen».
Ikusi gehiago
Europako Batasuneko Zibersegurtasunaren Agentziaren lehenbiziko ikerketek «arazo tekniko» batekin lotu dute gertatutakoa, ez zibereraso batekin, nahiz horri buruzko zurrumurrak ere zabaldu diren. Alta, «egoera hurbiletik ikertzen» jarraituko dutela ziurtatu dute. Hipotesi bat eman du Portugalgo REN operadore elektrikoak. Espainiako argindar sarean izandako arazo bati egotzi dio etenaldia; arazoa «fenomeno atmosferiko arraro» batengatik gertatu da, operadore elektrikoaren hitzetan.
Egoera aztertze aldera, larrialdi planak martxan jarri dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak krisietarako mahaia batu du, eta martxan jarri du Babes Zibileko Planaren alerta fasea. Nafarroan ere Larrialdietako Aholku Batzordea bildu da; bertan, poliziek azaldu dute ez dela ezbehar larririk gertatu.
112ra, larrialdietarako
Pedro Sanchezek, berriz, nabarmendu du argindarra pixkanaka berrezartzen ari direla, Frantziari eta Marokori esker, ziklo konbinatuko gas zentralei esker, eta zentral hidroelektrikoei esker. Horrez gainera, herritarrei hiru gomendio egin dizkie Sanchezek: ahalik eta gutxien mugitzea autoz; informazioa jasotzeko, iturri ofizialak soilik erabiltzea; eta «modu arduratsuan» erabiltzea sakelako telefonoa. Gainera, galdegin du dei ahal bezain laburrak egiteko eta 112 zenbakira «behar denean soilik» hots egiteko. Azken aholku hori bera eman dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzak, bestalde, ahal den heinean autorik ez hartzeko eskatu zuen, ezinbestekoa ez bada behintzat.
REE Red Electrica Española enpresak kudeatzen du sare elektrikoa Espainiaren administraziopean dauden lurraldeetan, eta gaur eguerdian hango zerbitzu zuzendari Eduardo Prietok agerraldi telematikoa egin du itzalaldiaren inguruko argibideak emateko. Esan duenez, sei eta hamar ordu bitarteko epea beharko zuten normaltasuna berreskuratzeko. Alegia, gauerdi partera arte. Portugalgo, Espainiako eta Herrialde Katalanetako hiri handi samar askotan ez dute argia berreskuratu gaueko 22:00ak ingurura arte.
Ikusi gehiago
Prietoren azalpenen arabera, itzalaldia gertatu da potentziaren fluxuak «oszilazio handia» izan duelako; horrek eragin du Iberiar penintsulako argindar sistema Europako sistematik deskonektatzea, baina oraindik ez dakite oszilazio hori zerk eragin duen, ikertzen ari dira. «Baditugu honen moduko egoerei erantzuteko beren-beregi prestaturiko plangintzak», esan du. «Ohiz kanpokotzat» jo du gertatutakoa, eta erantsi du informazio gehiago izan arte ez direla «espekulaziotan» arituko itzalaldiaren arrazoien inguruan.
Itzalaldia kalean
Ordenagailuz ezin lanik egin, semaforoak itzalita, jendea igogailuetan harrapatuta... Itzalaldiak eguneroko bizimodua aztoratu die milaka herritarri, eta larritasuna sortu du. Argindarrean ez ezik, itzalaldiak eragina izan du telekomunikazioetan ere, eta telefono deiak editeko eta eskuko telefonoetatik Internetera sartzeko arazoak izan dituzte askok.
Garraioan ere izan du eragina. Adifek jakinarazi du gaur ez dutela tren zerbitzua martxan jarriko, eta geltokietara ez joatea galdegin du. Bilboko metroa ere gelditu egin da, eta gauean hasi dira linea batzuk berriro martxan jartzen. Bilboko eta Gasteizko tranbiak ere geldirik egon dira ordu askoan. Euskotrenen zerbitzuak, berriz, pixkanaka jarri dituzte martxan. Errepideei dagokienez, Bilboko hegoaldeko saihesbidea itxita egon da, besteak beste.
Ikusi gehiago
Hezkuntzan ere izan du ondoriorik itzalaldiak. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen esanetan, etenaldiak eragina izan du zenbait ikastegitan, baina ikasleei jakinarazi diete eten horrek ez duela inolako «ondorio akademikorik» izango.
Beste zenbait eremutan ez dute hainbesteko ondoriorik sumatu. Itzalaldi batek eragin larriena izan dezakeen lekuetakoak dira ospitaleak. Alta, horrelako egoeretarako prestatuta daudela erakutsi dute; argindar sortzaileei esker funtzionatzen jarraitu dute. Hala ere, zenbait ospitaletan arratsaldeko ebakuntza batzuk atzeratu egin zituzten, larriak ez zirenak.
Ikusi gehiago
Halatsu Bilboko aireportuan ere: argindar sortzaileek behar bezala funtzionatu dute, eta normaltasunez aireratu eta lurreratu dira hegazkinak. Atzerapenen bat baino ez dute izan hegaldiren batean. Noaingo aireportuan (Nafarroa) ere normal lan egin dute.
225 lagun igogailuetan
Arazo larririk egon ez bada ere, larrialdi zerbitzuek ez dute lanik falta izan. Bizkaiko suhiltzaileek 61 lagun atera dituzte igogailuetatik, haietan ez aurrera eta ez atzera geratu direlako. Gipuzkoan, Foru Aldundiak adierazi duenez, suhiltzaileek 30-35 abisu jaso dituzte, eta %80 inguru igogailuetan harrapatuta gelditu diren herritarrenak izan dira. Gasteizen, suhiltzaileek 50 pertsona erreskatatu dituzte igogailuetatik. Eta Nafarroan, berriz, suhiltzaileek 90 lagun atera dituzte igogailuetatik. Egoera larriak ere izan ziren tartean: Eibarren (Gipuzkoa), igogailu publiko batean 11 pertsona gelditu dira hiru ordu baino gehiagoan harrapatuta; bost heldu eta sei ume ziren. Guztira, beraz, gutxienez 225 pertsona gelditu dira igogailuren batean harrapatuta.