Pablo Egia. Ingeniaritza irakaslea eta Euskoiker sariaren irabazlea

«Argindar sarea bere ahalmen teknikoen mugan dago ia»

Energia iturri berriztagarrien jarraitutasun ezari erantzuteko, argindar sarea malgutu beharko dela dio Pablo Egiak.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Argindar sarea hobetzeko egindako ikerketa batengatik Euskoiker saria eman diote Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolako irakasle Pablo Egiari, «unibertsitatean sortutako ezagutza gizarteratzen asmatu duelako». Edonola ere, unibertsitate munduan bakartuta daudela aitortzen du. «Hein handi batean, ezagutza hori guztia geure artean trukatzen dugu, gizartea albo batera utzita. Lan hori egiteke dugu oraindik».

Zeintzuk dira argindar sare tradizionalak dituen arazo nagusiak?

Hainbat ditu, baina nik gure proiektuarekin lotura dutenak baino ez ditut aztertu. Nagusiena, seguruenik, eskaeraren igoera izango da. Iberiar penintsulan azken hamarkadetan batez beste %4 igo da kontsumoa, urtero. Noizean behin krisialdiekin lotuta motelaldiak egon izan dira, baina berehala lortu izan da berriz igoera maila. Gaur egun ere bizi dugun krisi ekonomikoaren hasierako kontsumo motelalditik gertu gaude. Azken batean, elektrizitatea erabilerraza da, eta beste energiei aurrea hartu die.

Zer egin eskaera kontsumo igoera horrekin?

Hor dago gakoa. Kontsumo eredu honekin jarraituz gero, azpiegitura berriak eraiki behar dira; baina gizartea aurka agertzen da beti. Azpiegitura berrien beharra dagoela ulertzen da, baina inork ez ditu etxe ondoan nahi. SPAN deitzen zaio jarrera horri gazteleraz: Sí, pero aquí no (Bai, baina ez hemen). Hala, zaila da eskaera horri erantzutea, eta ditugun azpiegiturak euren ahalmenen mugara eraman behar izaten dira.

Apurka-apurka energia berriztagarrien presentzia handiagoa da. Baina, oro har, hauetako energia batzuk ez dira jarraituak. Zer ondorio ditu horrek?

Energia berriztagarriak jarraituak ez izateak argindarraren banaketa zailtzen du. Haizea dagoen edo ez, eguzki orduak... Hainbat aldaerak eragiten dute. Eta lurraldeka ere bai. Adibidez, ibaietan emari asko duen lurralde batek energia gehiago ekoitziko du, emari gutxi duen batek baino. Gorabehera horiei guztiei aurre egiteko, argindar sareak malgutasun handiagoa behar du.

Eta ba al du?

Gure energia sarea mailakatua da, eta horrelako arazoei aurre egiteko prest dago. Hala ere, energia berriztagarrien azpiegiturak erruz ugaritu dira, eta sarea bere ahalmen teknikoen mugara iristear dago. Martxa honetan jarraituz gero, ez da energia hori guztia jasotzeko gai izango. Energia berriztagarrien aldeko apustua mantenduko bada, ezinbestekoa izango da sarea handitzea eta malgutasun handiagoa ematea.

Handitze horia nola egin beharko litzateke?

Batetik, Frantziarekiko loturak handitu behar dira, sistema handiagoa sortu eta gorabehera horiek jasotzeko gaitasun handiagoa izan dezan sareak. Gaur egun nahiko mugatuta dago estatu batetik bestera igaro daitekeen potentzia kopurua. Hein berean, Espainiako sareak malgutasun handiagoa behar luke. Adibidez, lineetako fluxuak trukatzeko aukera izan beharko luke.

Hain zuzen ere, hori da ikertzen ari zaretena, ezta?

Ingeteam enpresak FACTS serie bat sortuko du, Espainiak argindar sarean txertatzeko. Flexible AC Transmission System esan nahi du ingelesez. Linea batekin seriean konektatzen den dispositibo bat da.Horren bidez, linea luzeagoa edo laburragoa bihur daiteke, haren erresistentzia aldatuz. Modu horretan, potentzia gehiago edo gutxiago eraman ahal izango luke linea horrek, unean uneko beharrizanen arabera. Proiektu horretarako euskarri teknikoa behar du, ekipamendua modelizatzeko. Hori da guk egiten duguna.

Zuen lana gizarteak ezagutzen duela iruditzen zaizu?

Oro har, unibertsitatean egiten den lana nahiko ezezaguna da. Nire ingurukoan, behintzat, ezer egiten ez dugun eta denbora galtzeagatik kobratzen dugun alfer koadrila bat garela uste dute. Enpresek, ordea, gure lana aitortu eta ezagutzen dute. Bai, behintzat, argindarraren sektorean. Gure inguruan enpresa asko daude. Iberdrola da trakzio enpresa, eta horrentzat lan egiten duten asko ditu inguruan. Guztiek unibertsitatearen laguntza behar izaten dute, eta maiz ezin izaten diogu hainbesteko eskaerari erantzun.

Posible da hemen ikertzaile izatea?

Bokazio kontua da. Hemen ikerketa gehienbat erakunde publikoen bitartez egiten da oraindik ere, eta ez da enpresa pribatuan beste ordaintzen. Ingeniaritzan, beste diziplinetan baino errazagoa da enpresa pribatuan lana aurkitzea; horri esker ingeniari askok ez du atzerrira joan behar lan bila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.