34. Argia sariek badituzte saridunak: ikus-entzunezko saria Karpeta urdinak dokumentalak jaso du; prentsakoa, Unai Iturriagaren Zugazart zintak; entzunezkoa, (Min)bizi podcastak; Interneteko lanik onenarena, Euskal Mastodon komunitateak; kanpainarik onenarena, Azterketak Euskaraz kolektiboak; eta merezimenduaren saria, Oihana Goiriena Pablo Gonzalez kazetariaren bikotekideak. Atzo egin zuten sari banaketa, Usurbilgo Atxega jauregian (Gipuzkoa).
Ikus-entzunezko lanik onenarena banatu dute lehenik. Ander Iriartek zuzendutako Karpeta urdinak dokumentalari eman diote. Torturatuei ahotsa eman die Iriartek, eta, hain zuzen, ezkutuan dagoen hori mahai gainean jartzeagatik saritu dute. Argia-ko lantaldearen irudiko, horrelakoak ezinbestekoak dira «milaka lagunen bizipenek apalategi batean ahaztuta amai ez dezaten».
Prentsa saria Unai Iturriagarentzat izan da, Gara egunkarian argitaratzen duen Zugazart zintagatik. Aktualitateko gaiei eta auziei «umorez eta zorrotz» heltzeagatik eman diote saria.
Entzunezko Argia saria, berriz, (Min)bizi podcastarentzat izan da. Iñurri elkarteak egiten du, minbiziaren inguruan. Argia-k ebatzi duenez, feminismoz eta elkartasunez, «deserosoak diren tabuez natural» hitz egiten dute: «Feminismoa ardatz, jendarteari deseroso zaizkion pertsonak eta errealitateak mikrofono aurrera ekartzen dituzte, eta gordin bezain goxo hitz egiten dute urrun nahi ditugun minei eta beldurrei buruz. Tabuak atzean utzi, eta naturaltasunez kontatzen digute oinazearekin ere gozatu daitekeela».
Interneteko Argia saria Euskal Mastodon komunitateak eskuratu du: «Mastodon deszentralizatutako sare sozial bat da, publizitaterik gabekoa; software librea defendatzen duten militante hauek saritu ditugu urte osoan euskaraz eta aske jarduteko aukera ematen dutelako beren komunitateetan, besteak beste».
Brebeta eta baxoa euskaraz pasatu ahal izatea du xede Azterketak Euskaraz kolektiboak, eta urteko kanpaina onenarengatik lortu du Argia saria. Hedabideak saria ematea erabaki du «haien borroka sekulako eskola delako herrigintzak eta euskalgintzak beharko duen belaunaldi berriarentzat, eta gazte eta helduek elkarrekin hamaika ekintza egiten dituztelako». Kolektiboko kide Araitz Etxegaraik eta Maddalen Hirispuruk hizkuntza eskubideen urraketa salatzeko baliatu dute sariak emateko ekitaldia.
Azkenik, merezimenduaren Argia saria Oihana Goirienarentzat izan da. Bere senar Pablo Gonzalez kazetariaren «kartzelatze injustua» salatzeagatik eta kazetaritza askea defendatzeko asmoz auzia lau haizeetara zabaltzeagatik eman diote saria. Goirienak nabarmendu du lanean jarraituko duela: «Nire gizonaren egoera salatzen jarraituko dudan moduan, jarraituko dut salatzen ez dagoela prentsa askatasunik; jarraituko dut eskatzen kazetaritza independente eta konprometitua; eta jarraituko dut esaten kontakizun bakar eta unibertsal honetan albo batera joaten ahalegintzen diren kazetarien beharrizana, nahiz eta garesti ordaintzen den».
'Argia'-ren lana, argitara
Mikel Garcia kazetariak ekitaldia baliatu du Argia-ko lantaldearen izenean hedabideak egiten duen lana goraipatzeko eta geroari begira jartzeko. Haren hitzetan, oraingoak «garai interesgarriak» dira komunikazioarentzat: «Hedabideok jauzi kualitatibo inportanteak egin ditzakegu kazetaritza hobea eta eraginkorragoa egiteko».
Baina, bide horretan aurrera egiteko, administrazioari eskatu diote erabakiak har ditzala: «Indar korrelazioek, botere harremanek eta askotariko interesek elikatutako ekosistema mediatikoan, diru publikoz batzuk saritu eta beste batzuk baztertzen diren ekosistema mediatikoan, administrazioaren esku dago diru publikoaren banaketan euskarazko hedabideen aldeko benetako apustua egitea, euskara, aniztasuna, kalitatea eta kritikotasuna oinarri izango dituen unibertso periodistikoaren aldeko apustua egitea».
Argia sariak, Azterketak Euskaraz-i eta Oihana Goirienari
'Karpeta urdinak', Zugazart, '(Min)bizi' eta Euskal Mastodon komunitatea ere saritu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu