'Argia'-k salatu du enpresa batek mehatxu egin diola elkarrizketa batengatik

Elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko eskatu dio Solway enpresak 'Argia'-ri. Hedabideak erantzun dio «kontrakoa» lortu duela

Argia-ko langileak eta Mugarik Gabe GKEko ordezkariak, atzo, hedabidearen egoitzan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Lasarte-Oria
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Argia-k salatu du Suitzan kokatutako Solway multinazionalak—meatzaritzaren alorrekoa da— mehatxu egin diola Paolina Albani kazetari guatemalarra elkarrizketatzeagatik. «Solway multinazionalak Espainiako Estatuan duen abokatu bulegotik Argia-k mehatxutzat hartu duena eskatu digute: Paolina Albani kazetariari eginiko elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko. Horiek egin ezean, kasua epaitegietara eramateko mehatxua egin digute», adierazi zuen Argia-ko kazetari Leire Artola Arinek atzo, lantalde osoaren izenean.

Argia-k elkarrizketa bat egin zion apiril amaieran Guatemalako Paolina Albani kazetariari. Mining Secrets (Meatzaritzaren sekretuak) deituriko ikerketa bat egiten ari da munduko hainbat lekutako beste kazetari batzuekin. «Zortzi milioi dokumentuko filtrazio bat jasota, kazetariek ondorioztatu zuten Suitzan egoitza duen Solway meatzaritza multinazionalak Guatemalan dituen bi filialek egindako kutsadura txostenak ezkutatu dituela; tartean, Izabalgoa, herrialdeko lakurik handienekoa», Artolaren esanetan.

Ikerketa horri buruz jardun zuen Albanik elkarrizketan; horregatik, enpresak «difamazioa» egotzi dio Argia-ri. «Ez dugu ezabatuko elkarrizketa. Ez diguzue esango nor elkarrizketatu ahal dugun eta nor ez. Ez dizuegu dirurik ordainduko, eta, gainera, gaiaz informatzen jarraituko dugu. Kontrakoa lortu duzue», erantzun dio Argia-k multinazionalari. Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearen elkartasuna ere jaso dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.