«Askoz ere handiagoa da abortu tasa emakume etorkinen artean». Hainbat hedabidetan zabaldu da egunotan titulu hori, eta egia da: EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko Opik ikerketa taldeak egindako azterlan baten ondorioetako bat da. Ikusi dute ikasketa maila apaldun andreek ere, oro har, tasa handiagoa dutela. 2009-2013 urteetako datuak aztertu dituzte horretarako: Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak. Yolanda Gonzalez-Rabago soziologoa (Santander, Espainia, 1984) da ikerlanean parte hartu duen ikertzaileetako bat, eta ohartarazi du datu horien atzean zer dagoen ulertzera egin behar dela: «Ingurumaria aztertu behar da».
Zerk bultzatu zintuzten ikerketa honetan murgiltzera?
Guk, batez ere, osasun aldagaiak eta gizarteko ezberdintasunak aztertzen ditugu. Osasunaren munduan dauden alor ezberdinen artean dago sexu eta ugalketa osasunarena, eta haurdunaldien borondatezko eteteak dira osasun hori nolakoa den neurtzeko aldagai egokienetakoa. Ikerketa asko daude alor horretan dauden gizarte ezberdintasunez mintzo direnak, eta, horregatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera jo genuen datu eske. Ikusi nahi genuen andrazkoen ikasketa mailak eta jatorriak zer eragin duten abortu tasetan.
Eta zer erakutsi dizuete datuek? Ikasketa mailak zer eragin du?
Ikasketa maila aldagai egokia da gizarteko hierarkia maila zein den ulertzeko; ideia ugari ematen dizkigu pertsonek dituzten baliabideei eta erabakitzeko ahalmenari buruz. Osasunean, adibidez, agerikoa da hori; ikasketa mailak eragina du osasun hobea izaten, osasun ohitura hobeak hautatzen. Eta datuak honako hauek dira: oinarrizko ikasketak dituztenen artean, mila emakumeko 17,7 abortuko tasa dago; bigarren hezkuntzako ikasketak dituztenenen artean, 6,2koa; unibertsitatera joandakoen artean, 3,9koa. Argia da lotura: ikasketa maila igo ahala, tasa apaldu egiten da.
Eta jatorriaren aldagaiari begira, zer ikusi duzue azterlanean?
Bagenekien, oro har, datuek erakusten dutela emakume etorkinen artean handiagoa dela haurdunaldien borondatezko eteteen tasa; ez genekien, ordea, zenbatekoa zen aldea, ezta jatorriaren arabera zer-nola aldatzen zen egoera ere. Eta hara datuak: hemengo andrazkoek 3,9ko tasa dute, herrialde behartsuetatik etorritakoek, berriz, 29,1ekoa. Herrialdeka, oro har, prebalentziarik altuena Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik etorritako emakumezkoek dute: 45,6koa da, hain zuzen ere.
Haurdunaldia behin baino gehiagotan eten duten emakumeen datuei begira ere, antzera?
Bai. Hemengo emakumeen artean, milatik andrazko bat ikusten da egoera horretan; beste jatorri batzuetako emakumeetan, berriz, askoz ere handiagoa da.
Halako datuen harira ateratzen diren ondorioak, hotz-hotzean, aurreiritzien hauspo izan daitezke, ezta? Etorkinen eta behartsuen inguruko aurreiritziak era okerrean hauspotzea ekar dezakete. Garrantzitsua da halakoak ongi eta taxuz esplikatzea...
Datuak direnak dira. Egia da: andre etorkinek, bereziki toki batzuetakoek, bertakoek baino gehiago abortatzen dute. Baina ikusi behar da zer faktorek duten eragina haien bizi baldintzetan horrelako erabakietara jotzeko. Gure artikuluan lan hipotesi gisara adierazi dugu datu horien atzean egon daitekeela andrazko horien sexu osasun txarrago bat; bikotekideekiko berdintasun eskasagoa ere bai haurdun geratu nahi duten erabakitzeko orduan. Behin haurdunaldia gertatuta ere eragina duten gizarte faktoreak daude: haien bizi egoerari erreparatu behar zaio, maila sozioekonomikoari, dituzten lan egoera prekario eta gaizki ordainduei: askok ezin diote aurre egin ume bat hazteko egitekoari. Aintzat hartu behar da, era berean, gizartean duten sarea: ahula izaten da sarritan, eta horregatik uste dute ezingo dutela hazi ume bat. Beraz, kontua ez da jatorria; ingurumari sozial batean hartzen diren erabaki indibidualei buruz ari gara. Eta, horri atxikita, tasak apaltzeko bidean konponbide sozialak bilatu beharko dira.
Sexu heziketa egoki baten beharra agerian uzten dute azaldu dituzuen datuek, ezta?
Bai, bereziki kalteberenak diren kolektiboei begira, eta datuak erakusten ari zaizkigu, hain zuzen ere, zein diren kolektibo horiek. Aski garrantzitsua da haurdun ez geratzeko baliabideei buruzko informazioa ematea talde horietan, eta andrazkoak ahalduntzea: beren sexu osasunari buruzko erabakiak hartzeko prestatzea.
Neurtu duzue haurdunaldiaren zein fasetan jotzen duten emakumeek osasun sistemara abortua egitera. Badira aldeak?
Saharaz hegoaldeko andreak dira beranduen iristen direnak. Aldiz, osasun sistema garatuagoa eta haurdunaldiaren etetea arautua duten herrialdeetatik datozenek, oro har, urrats hori ez dute horrenbeste atzeratzen; hemengoekin alderatuta, aldea ez da handia.
Yolanda Gonzalez Rabago. Soziologoa
«Argia da: ikasketa maila igo ahala, abortu tasa apaldu egiten da»
Ikasketa urridun andreek borondatezko abortuen tasa handiagoa dute; etorkinek ere bai. Datuak argiak dira. Ezin dira ulertu, ordea, andrazko horien bizitza estutzen eta ahultzen duten ezaugarriei erreparatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu