Herrialdearen beharrei, instituzioen ahalmen politikoari eta herritarren kohesioari erreparatzeko eguna izan zen herenegungo Aberri Eguna. Pazko igandeko ohiturari jarraituz, plazara irten ziren milaka euskal herritar, bi ekitalditan; batetik, EAJk Aberri Batzarra egin zuen Bilboko Euskalduna jauregian; bestetik, Euskal Herria Batera egitasmoaren deialdiari jarraituz, 129 herritan bildu ziren herritarrak, Txoria txori, Gernikako arbola eta Ikusi mendizaleak abesteko.
Jeltzaleen artean, metafora bat izan da nagusi azken hizketaldietan: «Argi laburrak eta luzeak» erabili beharra. Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak erabili zuen aurrena, igandean, Deia egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean, COVID-19aren izurriak eragiten duen gaur egungo jokalekuari eta, aldi berean, autogobernuaren tresnen inguruko gogoetari begiratu beharra nabarmenduta.
Ortuzarrek Aberri Batzarreko hitzaldian mamitu zuen autogobernuari buruzko gogoeta hori: Gernikako Estatutua betetzeko konpromisoa adierazi zuen, Euskal Autonomia Erkidegoak bere «etorkizuna aukeratzea ahalbidetuko» dion «itun politikoaren abiapuntu gisa». Bestela esanda, «Gernikako Estatutua betetzea eta Euskadirentzat eskuduntza guztiak lortzea» izango da egin beharreko «lehen urratsa», eta «ondoren etorriko dira autogobernurako estatus berri bat lortzeko lanak».
Ortuzarren metafora bera erabili zuen atzo Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Deia-n bertan argitaratutako iritzi artikulu batean: «Argi laburrak eta luzeak aldi berean piztuta egon behar duten garai batean bizi gara. Herri bat indartzeko paradigmak eta tresnak aldatu dira, aldatzen ari dira». Ildo horretan, Urkulluk konpromisoa agertu zuen «aitortutako autogobernua erabat betetzeko», baina, Ortuzarrek ez bezala, Urkulluk ez zion erreferentziarik egin estatus berri baten bidez autogobernua indartzeko aukerari.
«Analisia zabaltzea» xede
Bestelako prisma batetik begiratu zion Euskal Herria Batera egitasmoak Aberri Egunari, borondate bat adierazita: «Euskal Herria izatea erabakimena eta eskubide politiko guztiak izango dituen komunitate bat, duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko». Milaka lagun elkartu eta gero, adierazi zuen «baliagarria» izan daitekeela dinamikari berari eustea «eta urtean behin keinu bateratua proposatzea Euskal Herri osoko herritarrei, askotariko herritarrak protagonista kolektibo izan daitezen». EH Bilduk eta Ahal Dugu-k babestu zituzten deialdiak. Horrez gain, eta «jarraipen hutsetik» harago, uste dute «analisia zabaldu» behar dela, «eta aztertu ea nola lotu daitezkeen egun bateko keinua eta eguneroko herrigintza, zer-nolako aliantzak eta erreferentziak eraiki behar diren hasitako bidean aitzinatuko gaituen dinamika sortzeko, eta Euskal Herri bateratua irudikatzen duten ikur, ereserki eta ekintzak sustatzeko».
Edonola ere, iazko Aberri Egunean eginiko irakurketa berretsi zuen egitasmoak: «Aurrera begira, bateratasuna areagotuko duen herrigintza behar du Euskal Herriak, etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izango den komunitatea trinkotzeko». Izan ere, beharrezkotzat jo dute herrigintza horretan erabiltzea «eztabaida demokratikoa beti, konfrontazioa behar denean eta lankidetza ahal den guztietan, herritarren, eragileen eta erakundeen indarrak norabide bateratuan jartzeko».
Argi laburrak eta luzeak herriari begiratzeko
EAJk estatutua betetzea jo du estatus berri baten «abiapuntutzat». Urkulluk «autogobernu aitortua» osatzeko asmoa azaldu du. EH Baterak «eguneroko herrigintza» nola landu gogoetatu nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu