LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna

Argi-ilunak transen eskubideen aitortzan

Hego Euskal Herriko trans kolektibo eta eragileen arabera, Espainiako Ministroen Kontseiluak herenegun onartutako lege proposamena «pauso bat» da despatologizazioaren bidean, baina gabezia handiak ditu, batez ere adingabeen alorrean.

Transfobiaren aurkako protesta, LGTBI Komunitatearen Eguneko manifestazioan, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun

Lorpen bat da, baina motz gelditzen da; uneotan dagoen bezala, ez da nahikoa». Espainiako trans legearen proposamenak beste urrats bat egin zuen astelehenean, Ministroen Kontseiluak testuari oniritzia emanda. Horrek ez du esan nahi legea onartu dutenik —Espainiako Kongresuko eta Senatuko tramite parlamentario luzea gainditu behar du—, baina mahai gainean dagoen testuak ez ditu erabat asebete Hego Euskal Herriko eragileen nahiak. Aurrerabideak aitortu dituzte, «despatologizazioari» atea zabalduko diolakoan. Hala, lege proposamena onartuz gero, erregistro zibileko sexu aipamenean aldaketa egiteko ez da exijituko mediku edo psikologoen oniritzirik, ezta hormona tratamendu edo ebakuntzarik ere. Testuari, baina, hutsuneak ere antzeman dizkiote adituek. «Aurreko zirriborroarekin alderatuta, nabari dira aurreranzko urrats batzuk; terminologia hobetu egin da, eta zehaztasun batzuk gehitu zaizkio, baina, zenbait puntutan, gabezia handiak ditu oraindik», azaldu du Aitzole Araneta Elkarrekin Podemoseko kide, sexologo eta ekintzaile transfeministak (Donostia, 1982).

Lege proposamenak orain arte eginiko bideari gertutik erreparatu dio Aranetak, eta, iaz aurkeztutako bertsioarekin alderatuta, oraingoak migratzaileei «keinu bat» egiten diela uste du: «Iazko lege aurreproiektuak ez zituen kontuan hartzen espainiar nazionalitatea ez duten pertsonak, eta ez zien eskubiderik aitortzen beren nortasuna argi adieraziko duen dokumentazioa eskuratu ahal izateko. Oraingo testuan, jasota dago behin-behineko agiri bat emateko aukera, asilo eskatzaileentzat edo jaioterritik ihesi datozenentzat».

Erkidego guztietan osasun prestazioa bermatzeko neurriak ere nabarmendu ditu Elkarrekin Podemoseko kideak: «Aukera berdintasuna bermatuko da estatu osoan, osasun arreta jasotzeko garaian, eta ez da ahalbidetuko konbertsio terapiarik».

Ikusi gehiago:Mer Gomez: «Pertsona asko ez dira intersexual gisa identifikatzen»

Zirriborro batetik besterako bidean, baina, badira zehaztasuna galdu edo, are, transexualen eskubideen aitortzan atzera egitea eragin duten gai batzuk. Horietako bat da kirol jarduerei dagokiona: «Zaku berean sartu dituzte kirola praktikatzea eta kirol lehiaketetan parte hartzea, eta federazioen esku utzi dute azken erabakia. Hala, federazio batek alde bakarrez eta era arbitrarioan erabaki dezake trans emakume batek abantaila duela».

Adituek, ordea, adingabeen auzian antzeman dute proiektuaren gabeziarik nabarmenena. «Ez dago hobekuntzarik kasik; kontrara, atzerapauso batzuk sumatu ditugu», laburbildu du Ander de Lasak (Gorliz, Bizkaia, 1983), Naizen adingabe transexualen familien elkarteko kideak. Lege proposamenean jasota dago 16 urtetik gorako herritarrek beren kabuz eskatzen ahalko dutela sexu aipamenean aldaketa egiteko; 14 eta 16 urte artekoek ere egiten ahalko dute eskabidea, guraso edo tutoreen baimena badute; eta 12 eta 14 urte artekoek kasuan, epaile batek eman beharko du onespena, tramite juridiko baten ostean. «Lege berrian jasota dagoena bazegoen legeztatua lehendik ere, baina 12 urtetan jarri dute langa, eta horrek egoera zaildu dezake kasu askotan».

Izan ere, De Lasaren arabera, 12 urtetik beherako hainbat haurren sexu aipamena aitortzen duten sententzia ugari daude dagoeneko, eta jurisprudentzia horrek pisua izan du orain arte. Hori alda liteke, lege proposamena indarrean jarriz gero: «9, 10 edo 11 urteko haurrei sexu aipamena onartu izan diete epaileek, heldutasun handia eta egoera egonkor bat dutela ebatzita, baina 12 urteko langa hori legez ezarrita, atzerapausoa etor liteke, gazteago direnentzat».

Hegoaldeko egoera

Naizeneko kidearen ustez, Espainiakoa baino «aurreratuagoak» dira Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak onartutako arau autonomikoak. Nafarroan, 2017an sartu zen indarrean LGTBI+ Berdintasun Sozialerako Legea; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, Transexualitatearen Lege Integrala indarrean da 2019tik. Irizpideak antzekoak dira bietan: erregistro zibilean adierazia dagoen sexu aipamena aldatzeko, ez da beharrezkoa osasun txostenik aurkeztea.

«Espainian tramitatzen ari direna baino eguneratuagoak, zehatzagoak eta koherenteagoak dira lege hauek», esan du De Lasak. «Espainiako Estatuan onartu nahi duten legea sinbolikoagoa da; despatologizazioa aipatzen du, orokorrean, baina airean utzi ditu hainbat puntu, behar bezala zehaztu gabe zeintzuk izango diren despatologizazio hori gauzatzeko urrats eta baliabideak».

Bat dator Araneta: «Iazko egoera bertsuan gaude, tramite parlamentario osoa falta baita, eta, legea onartuta ere, hor jasotakoa garatu beharko da, eta baliabide ekonomikoz hornitu, helburuak bete daitezen». Transen eskubideak aitortzeko bidea «luzea» izanen dela uste du ekintzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.